Brusela prestatzen ari da Trumpek Europako autoak zergapetzen dituenerako

Washingtonek MMEn salatu ditu EB, Txina, Mexiko, Kanada eta Turkia. Atzodanik indarrean dira Europako altzairua babesteko neurri berriak

Cecilia Malmstrom Merkataritza komisarioa eta Pierre Moscovici Ekonomia komisarioa. OLIVIER HOSLET / EFE.
xabier martin
2018ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Bruselan badakite dagoeneko Donald Trumpen mehatxuak fanfarroikeriak baino gehiago direla. Europako autoei %25eko muga zergak jartzea aztertzen ari dela esan badu, tarifa berri hori gauzatzeko benetako aukeradagoela barneratu dute Europako Batzordean. Gerra komertziala beste maila batera eramango luke horrek, baina nork ez daki gaur egun Trump ez dela zuhurtziaren paradigma?

«Hondamendia litzateke AEBek autoen aurkako muga zerga horiek ezartzea, baina dagoeneko oreka neurri zerrenda bat prestatzen ari gara», esan zuen Cecilia Mamstrom Merkataritza komisarioak, atzo. Ez zuen azaldu«orekaneurri» horiek zein liratekeen, baina erantsi zuen altzairu eta aluminioaren tarifa estatubatuarrei erantzun zieten moduan erantzungo lieketela. Produktu estatubatuar gehiagori zerga bereziak ezarrita, ulertzen denez.

Nola erantzun zuen Bruselak ekainaren lehenean indarrean sartu ziren tarifa berrien kasuan? Batetik, AEBen 200 produkturen inportazioei %25eko muga zergak ezarri zizkien, 2.800 milioi euroko kopurura arte, besteak beste, Harley Davidson motorrei, Levi's arropa markari eta Jack Daniel's bourbonari; bestetik, MME Munduko Merkataritza Erakundean salaketa jarri zuen.

Bada, pilota itzuli dio orain Trumpek Bruselari, Etxe Zuriak ere salaketa jarri duelako MMEn; Txina, Mexiko, Kanada, Turkia eta EBren aurkako salaketa jarri zuten AEBek, atzo, haiek produktu estatubatuarrei jarritako tarifa bereziak direla eta, bere muga zergei erantzuteko direla kontuan hartu gabe. Trump, munduaren aurka.

Trump-Juncker bilera

Horiek horrela, atzodanik altzairua babesteko neurri berriak daude indarrean Europako Batasunean. %25eko muga zergak izango dituzte aurrerantzean altzairu produktuen inportazioek. Edozein estatutako altzairua zigortuko du Batasunak, Norvegia, Islandia eta Lietchtensteinekoa salbu. Dena den, altzairuaren inportazioen batez bestekoak azken hiru urteetakoa gainditzen badu gauzatuko dira tarifa bereziak; bestela, ez. Datorren urteko hasieran izaera finkoa emango die Batzordeak altzairuaren zerga berri horiei, irizpideak aldatzen ez badira; oraingoz, behin-behineko neurriak dira.

Bada, giro horretan joango dira Washingtonera, datorren astean,Jean-Claude Juncker Batzordeko presidentea eta Cecilia Malmstrom bera. Trumpekin batzartuko dira gerra komertzialari hauspoa kentzea posible ote den jakiteko. Bruselan ez dute aldaketa handirik espero Trumpen jarreran; Malmstronen eszeptikotasuna argigarria da: «Aurreikuspenak ezin direla egin erakutsi digu iraganak, baina asmo onez goaz, aliatu gisa, eta tentsioa arintzeko borondatearekin».

Mahaiaren beste aldean txio hau idatzi duen agintaria egongo da: «Esan nizuen! EBk 5.000 milioi dolarreko isuna jarri dio gure konpainia handietako bati, Googleri. AEBetaz baliatu dira, zinez, baina ez dira baliatuko denbora luzez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.