Epailearen ebazpena iritsi da, eta kalean daude Navaleko 173 langileak

Gaur batzarra egingo dute langileek, Sestaon, eta manifestazioan aterako dira, Bilbon. Espainiako Gobernuarekin elkartuko dira aurki

Navaleko langileen protesta bat, Bilbon. DAVID AGUILAR / EFE.
xabier martin
2019ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Modu guztietara atzeratzen saiatu dira Navaleko langileak, baina iritsi dira kaleratzeak. Sestaoko ontziola historikoan geratzen ziren behargin guztiak kaleratu egin dituzte: 173 hain zuzen. Enpresa zuzendaritzak atzo jakinarazi zien langileei kaleratzeen ebazpena igorri duela epaitegiak, eta, hark finkatzen duenez, otsailaren 28az geroztik ez dira jadanik Navaleko behargin. Epaileak azaldu du Lan Agintaritzak «zuzenbidearen araberakoa» jotzen duela lantalde osoarentzako kontratu amaiera kolektiboa.

Ez da ezusterik izan, beraz; langileek protesta ugari egin dituzte azken hilabeteetan; bilerak ere erruz izan dira, hala Jaurlaritzarekin nola Espainiako Gobernuarekin, baina erakunde horiek uko egin diote pribatizatutako ontziola atzera publiko egiteari. Gasteizek ez du baztertu Navalen likidazioaren ondotik proiekturik jaiotzen bada hura laguntzea; «baina laguntzea ez da lideratzea», gogoratu dute sarritan Lakuako ordezkariek, Europako lehia arauak argiak direla esanda.

Horiek horrela, kaleratutakoen artean 150 beharginek badute Navantia ontziola talde publikora joateko aukera, haren aurrekoa zen Izar enpresa publikoko langileak baitziren 2006an Sestaoko ontziola pribatizatu zutenean. Lana emango dietela berretsi diete, baina lanpostu horiek Ferrolen, Cadizen edo Cartagenan egongo lirateke, kaleratze arriskua duten ontzioletan. Ez dirudi benetako irtenbide bat.

Eta orain zer?

Gaur bertan batzarra egingo dute langileek Sestaoko ontziolan, mobilizazioei zer-nolako segida emango dieten erabakitzeko. Haren ostean, manifestazioan aterako dira Bilboko kaleetan (11:30).

Horrez gain, beharginen ordezkariek bilera bat egingo dute Espainiako Industria ministro Reyes Marotorekin, Madrilen; hilaren 15ean izango da batzar hori. Langileen egoera izango dute hizpide, eta Madrilek eman ditzakeen erantzunen zain geratuko dira. 173tik 150ek SEPIrekin duten kontratazio lotura horrek ekar dezakeenari buruz gehiago jakingo dela espero dute.

Kaleratzeen ostean Navalen likidazio prozesuak aurrera egingo du, eta langilerik gabeko instalazioak erosteko hautagaiak azaltzen ote diren jakingo da datozen asteetan. Baita industria proiektu berri bat abiatzeko inbertitzailerik agertzen ote den ere.

Naval hartzekodunen konkurtsoan dago 2017ko urriaren 10az geroztik. Ontziolaren jabeek—Murueta eta Ingeteam dira akziodun nagusiak— iazko irailean eskatu zioten epaileari abian jartzeko likidazio prozesua, eta prozesu horren ondotik iritsi dira langileen kaleratzeak.

ELA sindikatuak esan du «oso larria» dela Lan Ikuskaritzaren jokaera, langileen kaleratzeak baimendu dituelako «bideragarria den enpresa batean». ELArentzat, «arbuiagarria» da Industria Sailak esatea ebazpena iritsi aurretik Lanbide langileen soslaia aztertzen ari dela haiei beste enplegu bat emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.