Selekzioaren aurkako lehia bertan behera uztea erabaki du Argentinak

Duela astebetetik airean zen partida, eta Euskadiko Futbol Federazioak atzo baieztatu zuen berria. Erabakiaren arrazoiak ez dituzte jakinarazi

Argentinako jokalariak gol bat ospatzen, pasa den Amerikako Kopan. PAULO WHITAKER / EFE.
ainara arratibel gascon
2019ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Duela astebetetik zebilen zurrumurrua baieztatu du Euskadiko Futbol Federazioak: «Aldebakarrez», Argentinak bertan behera utzi du urriaren 13an San Mamesen euskal selekzioaren aurka jokatzekoa zen partida. Ohar bidez, federazioak azaldu du harremanetan daudela erabaki horren arduradunekin, «egoera zuzentzeko». Baina horretarako «zailtasunak» onartu ditu. Aldi berean, aurreratu du laster prentsa agerraldi bat egingo duela Luis Mari Elustondo presidenteak. Bertan, «egindako kudeaketareneta lortutako emaitzaren xehetasunak» emango ditu. Izan ere, ez dira jakinarazi Argentinaren erabakiaren arrazoiak.

Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Futbol Federazioak bilera egin zuten abuztuaren 28an, Bilbon. Horren ostean jakinarazi zuen federazioak, ohar baten bidez, partida jokatuko zela. Lionel Scalonik zuzentzen duen selekzioak adiskidantzako norgehiagoka jokatuko du egun batzuk lehenago Alemaniaren aurka, Dortmunden, eta hortik sortu zen aukera. Halako aurkari baten kontra jokatzeak ikusmina eragin zuen. Izan ere, bere garairik loriatsuenean egon ez arren, Argentina bi aldiz izan da munduko txapeldun, eta hamalau adiz Amerikako Kopakoa.

Laster hasi zen zapuzten, ordea, ikusmina. Izan ere, handik bi egunera zabaldu zen partida airean zegoela eta gorabeherak zeudela. BERRIAk egun horretan jakin zuen federazioa horiek bideratzen ahalegintzen ari zela Argentinako Federazioarekin eta partida negoziatu zuten bitartekariekin. Atzo arte, ordea, Federazioak ez zuen azalpenik eman, eta oraingoan ere ohar baten bidez eman zuen berria.

Norgehiagoka ofizialtasunaren bidean beste urrats bat izatea nahi zuen federazioak. Izan ere, iazko abenduaren 12an Durango egindako batzarrean, Euskadiko Futbol Federazioak ia aho batez erabaki zuen Nazioarteko (FIFA) eta Europako (UEFA) federazioei eskatzea eskubide osoko kide gisa onartua izatea. Hurrengo egunean iritsi zen Luis Rubiales Espainiako Federazioko presidentearen erantzuna: «Erabat gauzatu ezina da eskari hori». Ordutik ez da berririk egon.

Jokatu izan balitz, Argentinaren aurkakoa euskal selekzioak FIFAren datetan jokatuko zuen bigarrena izango zen, aurreko urtean Venezuelaren aurka Mendizorrotzan jokatutako partidaren ondoren. Aro modernoko lehieierreparatuz gero, berriz, 35.a, eta aurten jokatutako bigarrena. Maiatzaren 30ean Panaman jokatu zuen, eta 0-0 berdindu.

Azkena, 2016an

Panamakoa Javier Clementek euskal selekzioari zuzendutako lehen partida izan zen. Bero eta hezetasun handiko lehia izan zen, eta, ondorioz, ia ez zuen erritmorik eduki. Partida hartako deialdia berritasunez beteta egon zen. Zerrendan zeuden hamazazpi jokalarietatik bederatzik lehen aldiz jantzi zuten selekzio nagusiaren elastikoa: Iago Herrerinek, Aitor Fernandezek, Aihen Muñozek, Unai Bustintzak, Jesus Aresok, Daniel Vivianek, Gaizka Larrazabalek, Iñigo Vicentek eta Asier Villalibrek.

Zenbait arrazoi tarteko, hainbat jokalari garrantzitsu faltatu izan ziren deialdian: Mikel Oiartzabal, Mikel Merino, Igor Zubeldia, Iñaki Williams, Yuri Berchiche eta Iker Munian, besteak beste.

Duela hiru urtetik San Mamesen jokatu gabea zen selekzioa, 2016ko abenduaren 30etik.Tunezen aurka izan zen: 3-1. Baina zale gutxi bildu ziren harmailetan. Hori dela eta, 2017an ez zen Gabonetako partidarik jokatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.