Aparretan segitu nahi

Garagardogile artisauen ugaltzearen ondorioz, salmentei eusteko lanak dituzte konpainia handiek, eta, bat egiteen bidez, are handiago bihurtzea erabaki dute. Haien artean, AB Inbev, munduko garagardoaren herena ekoitzi nahi duen enpresa.

Arnaitz Lasarte.
2015eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Atomizazioa eta kontzentrazioa. Biak batera ari dira gertatzen garagardoaren munduan. Atomizazioa txikiek dakarte, garagardo artisauen ugaltzearen bidez. Euskal Herrira ere iritsi da AEBetatik hedatutako moda. Duela gutxira arte Pagoa gipuzkoarra, Baias arabarra, AkerBeltz zuberotarra, Ekhi lapurtarra eta beste gutxi batzuk ziren enpresa handien monopolioa hausten zuten garagardogile txiki bakanak; azken bizpahiru urtetan, berriz, aparra bezala zabaldu dira.

Merkatuaren atomizazio horrek eragin du, neurri batean behintzat, handien kontzentrazioa. Garagardo artisauek merkatuaren zati txikia dute oraindik, baina salmentei eusteko edo handitzeko behar dituzten bezeroak osten ari zaizkie garagardogile handiei. Horren aurrean erantzuna gehiago handitzea da. «Gure konpainia konforme ez egonda iritsi da dagoen lekura. Inoiz ez gaude pozik gauden lekuan. Gehiago egin dezakegula pentsatzen dugu beti». AB Inbev munduko garagardogiletan handieneko zuzendari Carlos Britoren hitzak dira, maiatzekoak. Esan eta egin. Aurreko astean jakinarazi zuen erosteko eskaintza egin diola handienetan bigarrenari,SAB Miller—i. Bat egiteak aurrera egingo balu, enpresa berriak munduan egiten den garagardoaren ia herena ekoitziko luke (%30,5), eta gehien saltzen diren 40 marketatik hemezortzi bereak lirateke. AB Inbevek, besteak beste, Stella Artois, Budweiser eta Corona markak egiten ditu; SAB Millerrek, berriz, Miller, Pilsner Urquell, Peroni eta Fosters.

AB Inbev, fusioen errege

Garagardogile txikien lehia ez da ekoizle handien arazo bakarra. Azken bi hamarkadetan edari alkoholdunen merkatua aldatzen ari da: Europan eta AEBetan ardoen edo likoreen salmentak gora egin du, eta garagardoarena, berriz, nahiko egonkor dago, ohitura sozialen aldaketen eta tabernen itxieren ondorioz. Aparretan segitzeko mugimendu ugari egin behar izan dituzte handiek, eta horretan nabarmendu da AB Inbev. Enpresa askoren bat egiteen emaitza da, eta dagoeneko mundu osoko garagardoaren %20,8 saltzen du —SAB Millerrek %9,8—.Benetako multinazionala da. Ikusi besterik ez dago zenbat herritartasun ematen dizkioten hainbat hedabidek; enpresa brasildar, belgikar, estatubatuar eta mexikar gisa aurkezten dute. 2004an du sorburua, sektoreko hirugarrenak —Belgikako Interbrewek— eta bosgarrenak —Brasilgo AmBevek— bat egin, eta Inbev sortu zuten, garagardogile konpainia handiena bilakatuz. 2008an, 2004ra arte handiena zen enpresa erosi zuen Inbevek: AEBetako Anheuser-Bush (Budweiserren ekoizlea), hain zuzen. AB Inbev izena hartu zuen orduan. Azken mugimendu garrantzitsua duela bi urte egin zuen konpainiak, Modelo Taldea erosita; Corona markaren ekoizlea da Modelo, Braulio Iriarte nafarrak Mexikon 1922an sortutakoa.

SAB Millerrek, neurri txikiagoan, baina AB Inbeven antzeko bilakaera izan du. Hegoafrikako SAB South African Breweries enpresan du jatorria. 1994. urtera arte Hegoafrikako merkatuan soilik jardun zuen, baina herrialdetik kanpora zabaltzeko erabakia hartu zuen urte hartan. Afrikako, Asiako eta Amerikako hainbat enpresa erosten hasi zen, eta 2002an hartu zuen tragorik handiena, AEBetako Miller Brewing erosi zuenean. 2005. urtean, munduko hamargarren eta Hego Amerikako bigarren garagardogilearekin bat egin zuen: Bavaria-rekin (Kolonbia). Bi enpresa nagusien artean 400dik gora marka zerbeza saltzen dituzte, 200na gutxi gorabehera.

Merkatu berriak arakatu nahi izateak eraman du AB Inbev SAB Miller erosi nahi izatera. Irabazien herena AEBetako merkatutik jasotzen du enpresak, baina 2008az geroztik lau puntu jaitsi du merkatu horren zuen kuota, %48tik%44ra, beste inon baino indar handiagoa duelako han garagardo artisauen fenomenoak. Bere produktu izar Budweiserren eta garagardo artisauen salmentak, esate baterako, parekatu egin dira, %7an.

Zailtasun horiei hainbat modutan egin die aurre AB Inbevek. Batetik, ahalegin berezia egin du lehen marka globalak sortzen. Horren erakusle da Budweiser, Corona eta Stella Artois ia mundu osoan daudela egun. Munduko merkatu nagusian, Txinan, merkatuaren %15 kontrolatzen du AB Inbevek, Budweiser markapean, batez ere. Bestetik, marka lokalei ere bultzada eman die, lehen indarrik ez zuen merkatuetan gero eta leku handiagoa hartuz. Hego Korean Cass markarekin, adibidez, eta Brasilen Brahmarekin —herrialdeko merkatuaren %70 kontrolatzen du—. Neurri batean, AEBetan izandako jaitsiera Brasilen izandako igoerarekin orekatu du konpainiak. Izan ere, diru sarreren %20 hango salmentetatik jasotzen du. Brasil atzeraldi ekonomikoan sartuta dago, ordea, eta badirudi han ere goia jo duela.

SAB Millerrekin batzeak beste merkatu batzuetara iristeko aukera emango lioke. Afrikara, bereziki. Euromonitor estatistika erakundearen arabera, Afrikako merkatuaren %40 SAB Millerren esku dago, eta %0,6 besterik ezAB Inbeven esku. Sektorean garrantzi berezia ari da hartzen Afrikak, azken urteetan garagardoaren salmenta gehien hazi den lekuetako bat baita.

Hego Amerikako merkatua ere begiz joa du AB Inbevek —Argentina, Kolonbia, Ekuador eta Peru batez ere—, baina Txinan ere bete-betean sartuko litzateke. Izan ere, herrialde hartako merkatuaren %23 kontrolatzen du SAB Millerrek, China Resources Enterprise enpresarekin ekoizten duen Snow garagardoaren bidez.

Gainontzeko garagardogile nagusiak bi handienen arteko balizko fusio batek utz ditzakeen ondorioen zain daude, batik batHerbehereetako Heineken (hirugarrena) eta Danimarkako Carlsberg (laugarrena). Litekeena da bat egin ahal izateko AB Inbevek eta SAB Millerrek zenbait aktibo salgai jartzera behartzea lehia librearen aldeko erakundeek, egoera monopolistikoak eragozteko. Salgai jar ditzaketenen artean daude Txinako Snow eta AEBetako merkatuaren %30 duen Miller Coors.

Ekoizpen txikien erosketak

Garagardogile artisauak ere badaude multinazionalen jomugan. «Oraingoz ez dira konpetentzia enpresa handientzat, baina hurbiletik zaindu nahi dituzte badaezpada», azaldu du Igor Oiarbidek. Garagardo Ahotsa blogaren egilea da, eta garagardo ekoizlea.

Hainbat adibide aipatu ditu Oiarbidek. Maiatzean, esaterako, SAB Millerrek Londresko Meantime Brewing garagardogilea erosi zuen. Eskuz egindako zerbeza saltzen du enpresa horrek, eta iaz %58 hazi zituen salmentak.

AB Inbev ere ez da atzean gelditu. Gutxienez gisa horretako lau enpresa erosi ditu 2011tik. Azkena, aurten: Elysian Brewing estatubatuarra. Bost urtean hamar aldiz biderkatu du ekoizpena.

Euskal Herrian ere gertatu dira mugimenduak. Mahou-San Miguel taldeak, Espainiako handienak, Bilboko La Salve berpiztu berriaren %25 erosi du. Hurrengo lau urteetan hiru milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusten du, eta litekeena da Bilbon beste lantegi bat irekitzea.

Oiarbidek azaldu duenez, konpainia handiek txikiak erosteak ez du zertan garagardo horien kalitatea txartu. Are gehiago, uste du zenbait kasutan onurak ekar ditzakeela: «Baliabide ekonomikoak dituzunean, hobeto zain dezakezu banaketa, lanerako metodologian hobekuntzak egin ditzakezu, eta errazagoa izango zaizu sendotasun handiagoko produktu bat egitea». Konpainia handiek ez dituzte zerbeza horiek aldatu nahi: «Txikiak erosten dituzte, badakitelako garagardoa egiten dakitela, badakitelako beraiek eskaini ez dezaketen zerbait eskain diezaiekeela bezeroei, eta badakitelako merkatu kuota bat dutela».

AEBetako bideari segika

Kalitatearen aldetik ez du eragozpenik ikusten Oiarbidek. Hala ere, uste du sektoreko beste ekoizle txikiei arazoak sortu ahal dizkiela erosketa horiek. «Multinazional baten parte den ekoizlearen kostuak jaitsi egiten dira: gehiago ekoiz dezake, merkeago saldu, marketinerako gaitasun handiagoa du... Bere kasa ari den ekoizle bati ia ezinezko izango zaio harekin lehiatzea».

Azken urteetan, Euskal Herrian asko izan dira etxean garagardoa egiten hasi direnak edo garagardo artisauak saltzen dituztenak. Baina, Euskal Herrikoa ez da kasu bakarra, Oiarbideren esanetan. «Mugimendua AEBetan sortu zen duela hogei urte inguru, eta pixkanaka mundu osora ari da zabaltzen. Euskal Herrira duela hamar bat urte iritsi zen».

Geroz eta ohikoagoa da hemengo tabernetan garagardo artisauak topatzea. Ez da erraza, ordea, handien ondoan lekua egitea: «Konpainia batek bere zerbeza saltzearen truke tabernari bati eskaintzen badio barra berritzea edo mahaiak erostea, ezer gutxi egin dezake ekoizle txiki batek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.