Nekane Artola izango da Ikastolen Elkarteko lehendakaria

Erik Etxart izango da lehendakariordea, eta Unai Mendizabal idazkaria. Kargu guztiak trantsiziozkoak izango dira, 2024ko ekainera artekoak

Nekane Artola, artxiboko irudi batean. BERRIA.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Ikastolen Elkarteak joan den astean iragarri zuen Koldo Tellituk elkarteko lehendakari lanak utziko zituela, hamalau urteko ibilbidearen ostean. Herenegun, Artezkaritza Kontseilua bildu zen, eta lekukoa nork hartuko duen erabaki zuten: Nekane Artola izango da aurrerantzean Ikastolen Elkarteko lehendakaria.

Artola Lezokoa (Gipuzkoa) da, 1975ean sortua. Irakasletza eta musika ikasketak eginak ditu, eta irakasle izan da 22 urtez. Gainera, Ikastolen Elkarteko lehendakari lanak hartu aurretik, Ikastolen Elkarteko lehendakariordea izana da azken zazpi urteetan, baita Pasaia-Lezo lizeoko zuzendaria ere duela lau urtetik.

Artezkaritza Kontseiluko beste kargu batzuk ere berritu dituzte: Erik Etxart izango da lehendakariordea, Unai Mendizabal idazkaria, eta Elena Zabaleta eta Josune Bañales idazkariordeak. Lurraldetasun irizpidea kontuan hartuta hautatu dituzte. Izan ere, Pasaia-Lezo lizeoko ordezkaria da Artola, Bernart Etxepare lizeokoa Etxart, Armentia ikastolakoa Mendizabal, Baztan ikastolakoa Zabaleta, eta Kirikiño ikastolakoa Bañales. «Aukera ezin hobea da lurraldetasunaren ikuspegitik ikastolak gobernantza eredu demokratiko eta berdinzale baten barruan gidatzeko».

Kargu horiek, baina, trantsiziozkoak izango dira; 2024ko ekainean egingo duten ikastolen VII. Batzarrean erabakiko dituzte luzera begirakoak. Azaldu dutenez, Ikastolen Elkartea Bihar prozesuan murgilduta dago; hain zuzen, ikastolek datozen urteetan gizarteari egingo dioten ekarpena zehazteko erabiliko dute prozesu hori.

Horrekin lotu dute karguak trantsiziozkoak izateko erabakia. «Prozesu horren barruan irudikatzen dugu ikastolek artezkaritzako trantsizio egoera hau ere». Lanketa hori eginda, urtebete barru, luzera begirako kargudunak izendatuko dituzte batzarrean: «Ikastolek, hurrengo urteetako estrategia eta gakoak aurkezteaz gain, gobernantza demokratikoaren barruan, hari bide emango dion artezkaritza kontseiluko kargudun gorenak ere izendatuko ditugu».

Babesa Artolari

Albistea jakinarazi berritan, zenbait eragileren eta norbanakoren babesa eta animo hitzak jaso ditu Artolak sare sozialen bidez. Ikoitz Arrese EH Bilduko Hezkuntza idazkariak, esaterako,eskua luzatu dio elkarlanerako: «Euskal hezkuntza sistema propioaren bidean bidelagun izango gaituzu. Animo asko lehendakari arduran». Euskalgintzaren Kontseiluak ere babes hitzak eduki ditu Artolarentzat: «Zorionak eta animo ibilbide berrian, Nekane!». Baita Kontseiluko idazkari nagusi ohi Paul Bilbaok ere: «Zorionak, Nekane, eta ekin iezaiozu orain arte bezala, indarrez eta pasioz». Tellituk berak ere goratu du Artola: «Errelebo garaia Ikastolen Elkartean. Benetan talde ederra da, eta lemazaina ezin aproposagoa. Urteak eman ditugu elkarlanean, eta ez dut zalantzarik mugimendua primeran eramaten jakingo duela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.