Salmentak %6,4 apalduta ere, Mondragonek «nota onarekin» amaitu du urtea

Iñigo Uzin presidenteak nabarmendu du kooperatibek pandemiari aurre egiten jakin dutela. Korporazioaren lantaldea %1,3 murriztu da

Mondragon Korporazioaren kongresua, atzo, Donostiako Kursaalean. MAIALEN ANDRES / FOKU.
xabier martin
2021eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Mondragon Korporazioak 2020ko emaitzak jakinarazi zituen atzo, urteko Kongresu Nagusian: pandemiak «erabat baldintzatu ditu kooperatiben emaitzak», eta salmentak %6,4 jaitsi dira, 10.865 milioi euroraino. Salmenten apaltze horrek isla izan du enpleguan ere, eta %1,3 murriztu da lantaldea.

Baina Arrasateko taldeak adierazi zuen «kooperatiba gehien-gehienek» jakin dutela pandemiari aurre egiten, eta «nota onarekin» atera direla ataka larritik. Korporazioak uste du hartutako kolpea «jasangarria» izan dela, «testuinguru gogorra kontuan hartuz». Hala, kooperatibek aurtengo lehen bost hilabeteetan izandako susperraldiari erreparatu dio Mondragonek; urteko lehen erdiak iradokitzen du aurten susperraldi sendo bat edukiko dutela taldeko enpresek.

Iñigo Uzin presidenteak esan zuen enpresak «eboluzio positiboa» izaten ari direla, «oraindik pandemiak erabat baldintzatutako egoera batean». Kooperatibek «euskal gizartearen beharrei erantzuteko izan duten gaitasuna» azpimarratu zuen Uzinek. Halaber, erantsi zuen kooperatibak gai izan direla gastua murrizteko eta «efizientzia hobetzeko, altxortegia zainduz».

Industriaren susperraldia

Industria arloaren balantzeari dagokionez, 37.532 langile aritu dira kooperatibetan, eta fakturazioa 5.271 milioi eurokoa izan da, %13,1 gutxiago. Emaitza 227 milioi eurokoa izan da, %20 gutxiago, eta, kopuru horiek asko apaldu diren arren, «kooperatiben ahaleginari esker» lortu dira, «errentagarritasuna defendatu dutelako». Taldeko enpresek 138 adar dituzte nazioartean, eta horiek denek 14.144 lanpostu eskaintzen dituzte. Izan ere, industriaren atalean, salmenten %70 nazioartean egin ditu taldeak.

Korporazioak ikusi du urteko lehen bost hilabeteetan salmentak nabarmen igo direla industriaren esparruan, eta jakinarazi du alorreko enpresak oso gertu daudela COVIDaren aurreko mailatik. Enpleguan ere islatzen ari da susperraldi hori.

Taldeko enpresek 180 proposamen baino gehiago aurkeztu dituzte Europako I+Gko hainbat programatan. Orain, kooperatibek martxan dituzte Europako Batzordeak onartu eta finantzatutako 50 proiektu baino gehiago. Next Generation funtsei dagokienez, Mondragonek hiru proiektu ildorekin aurkeztu du Europako funtsak lortzeko hautagaitza: iraunkortasuna, digitalizazioa eta osasuna. Horrek 1.500 milioi euroko inbertsioa eskatzen du, eta6.400 enplegu sortuko lituzke.

Arrasateko taldeak berrikuntzaren alde egindako apustua ezagutzaren arloan egiaztatzen dela dio korporazioak. Aurreko urtean, 2.384 pertsonari eman zien enplegua, lanaldi osoan, Ikerketa eta Garapenaren arloan. Atal horretan txertatuta daude, hain zuzen, hamalau teknologia zentroak eta I+G unitateak.

Taldeak 545 patente familia ditu indarrean, eta kopuru hori «zinez handia da EAEko zenbakiekin alderatuta». Bestalde, Adimen Artifizialeko Mondragon Komunitatea martxan jarri dute, «Adimen artifizialari lotutako funtsezko esparru teknikoetan, sektore askotan aplikatzeko moduko ezagutza sortzeko eta hedatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.