Europako Batzordeak monopolio abusua leporatu dio Appleri

Bruselak ezbaian jarri du aplikazioak erosteko bide ofizial bakarra Apple Store izatea eta garatzaileei kobratzen dizkien komisioak salatu ditu

Applen denda bat Berlinen. HAYOUNG JEON / EFE.
jokin sagarzazu
2021eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
«Abusua egon da». Argi eta garbi mintzatu da Margrethe Vestager Europako Batzordeko lehia komisarioa. EBk monopolioaren aurkako legea urratzea leporatu dio sagarraren konpainiari, aplikazioen garatzaileei komisio handiak kobratzeagatik, eta debekatzeagatik zerbitzu horietara harpidetzeko beste modu batzuen berri ematea. EBk ikerketa bat abiatu du Spotify musika aplikazioaren arduradunek Appleren aurka duela bi urte aurkeztutako salaketa bati erantzunez.

Lehen urratsa egin du Bruselak, baina luze jo dezake prozesuak. Auzitegietan amaitzen badu eta Applek EBko legedia urratu duela ondorioztatzen bada, Apple Storeren bidez fakturatutako %10era arteko isuna jaso dezake konpainiak. Kolpea gogorra izan daiteke. 2019an Applek izan zituen irabazi guztietatik %5,8 (12.500 milioi euro inguru) lortu zuen Apple Storeren bidez.

Appleren aurkakoa da gaur egun Bruselak esku artean duen monopolioaren aurkako kasu garrantzitsuenetako bat, eta EBk enpresa hori ikertuko duen lehen aldia da. Applek bere zerbitzuen salmentak %27 handitu direla ezagutarazi duen aste berean eman du bere erabakiaren berri Bruselak.

App Store da Appleren erabiltzaileek aplikazioetara heltzeko duten modu ofizial bakarra. Applek %30eko tasa bat kobratzen die aplikazioen egile batzuei beren plataforman saltzen duten guztiagatik, izan aplikazioengatik, horien eguneratzeengatik edo aplikazioen bidez kobratzen dituzten beste zerbitzu batzuengatik. Horrek eragin du, halaber, bezeroek aplikazioengatik ordaindu behar dituzten prezioen garestitzea, eta horretara behartuta egotea, Appleren sistemak beste aukerarik ematenez dielako.

Horrez gain, arau multzo zorrotz bat ere onartu behar dute aplikazioen garatzaileek, datuen kudeaketarekin loturikoak-eta. «Apple erosketen bitartekari bihurtzen da, eta fakturazio zerrendaren ardura hartzen du, bai eta lehiakideekin lotutako komunikazioena ere», azpimarratu du Vestagerrek.

Spotifyren salaketa aztertu ostean, EBk ondorioztatu du Applek «aukera merkeagoetara» jotzeko aukera kentzen diela erabiltzaileei, eta «lehia desitxuratzen» duela. «Batzordearen aurretiazko iritzia da Appleren arauek musika transmititzeko zerbitzuen merkatuko lehia desitxuratzen dutela, lehiakideen aplikazioen garatzaileen kostuak handitzen dituztelako», esan du Vestagerrek ohar batean.

Appleren erantzuna

Applek erantzun du Spotifyk ez diola komisiorik ordaintzen bere harpidedunen %99ren kasuan, eta bere App Storeren bidez aplikazio hori erosi duten harpidedunengatik %15eko komisioa baino ez diola ordaintzen. «Beste behin ere App Storeren mozkin guztiak nahi dituzte, baina ez dute uste horregatik ezer ordaindu behar dutenik. EBren argudioa, lehia leialaren aurkakoa da».

AEBetan ere zabalik dago Appleren aurkako auzi bat arrazoi berberagatik. Epic joko garatzaileak jarri zuen salaketa, eta lehia abusua leporatu zioen, App Storeren arauak direla eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.