Iñaki Artola. Asegarceko pilotaria

«Ez du merezi Victor on bat ordezkatzea Artola erdipurdiko batengatik»

Sei aste daramatza geldirik, eta zail ikusten du beste bizpahirutan txapelketan sartzeko adinako maila hartzea. Pozik dago Victor eta Albisuri ondo doakielako, baina ez zaio gozoa kanpotik ikustea.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2017ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Min hartuta egon arren, agenda bete-betea du Iñaki Artolak (Alegia, Gipuzkoa, 1994). Abenduaren 14an, kolpea hartu zuen sorbaldan, eta astean hirutan joaten da Gasteizera, luxazioa tratatzera. Beste egunetan, ariketak egiten ditu, eta frontoiko saioak, eskuak zailtzeko. Gainera, unibertsitatera joaten da, filosofia ikasketekin segitzera. Handik etxerako bidean egin dio kasu BERRIAren deiari.

Zer moduz sorbalda? Minik?

Bai, bai. Oraindik piloteoan nabil,lautik, airez ez, eta azpitik datozen pilota asko utziz. Oraindik normal jokatzeko inolaz ere ez.

Pilotalekuan ari al zara?

Hiru saio egin ditut takoekin. Bitik, hirutik eta lautik. Badauzkat jarrera batzuk min handirik ematen ez didatenak, eta horiekin saiatzen naiz. Garrantzitsuena eskuak egitea da. Berehala nabaritzen duzu bigundu egin direla.

Hasieran jarritako sendatze epea pasatu da.

Gaizki-ulertu bat egon zen hor, agian guk ere ez genuelako ondo ulertu, eta telebistan ere ez. Esan zen zortzi aste zirela, baina zortzi aste pilotan normal samar entrenatzen hasteko. Beraz, esan liteke epeak betetzen ari direla, hor ibiliko delako. Sei aste pasa igaro dira, eta erdiz erdi asmatuko du medikuak. Zortzi bat asterekin, normal entrenatzen hasiko naiz.

Gero jokoa hartzea da kontua.

Hori da. Nire esku egongo dena hori izango da. Aurretik eginiko lan fisikoa galdu egiten da. Ukondoko ebakuntzarekin ez zitzaidan hainbeste kostatu ondo jartzea, lan fisikoa arazorik gabe egiten nuelako. Oraingoa ezberdina da, fisikoa ezin izan dudalako egin.

Zu entzunda, ia baztertu egin duzu binakakora itzultzea. Lau partida falta zaizkio ligaxkari.

Ezin dut esan, baina ia. Dena ondo joango balitz, azken biak edo azkenekoa jokatuko nituzke. Ari naiz saiatzen, baina zaila da. Garbi dut %80 edo %90ean ez banago ez naizela irtengo. Festetako partida bat jokatzeko, akaso, bi astean egongo nintzateke, baina txapelketako partida batek, sendatzeaz gain, entrenamendu ona eskatzen du. Zail ikusten dut, baina ez naiz bai edo ez esaten ausartzen, gero erabakia ez baita nirea.

Eztabaida piztu da: «Ez al luke Victorrek jarraitu behar?». Nola bizi duzu egoera?

Eztabaida sortu dela egia da, kanpoan, baina aurretik nigan sortu da. Enpresak, seguru asko, bere interesei begiratuko die, eta ez dakit zeintzuk diren. Txapelketan hasi nintzenean, lesio batetik irten berria nintzen, baina neure buruaondo ikusten nuen, txapelketako partida batek eskatzen duen mailan. Orain zail ikusten dut. Deskuiduan ezusteko gozoa hartu eta lehen nengoen bezala ikusiko banu neure burua, planteatuko nuke. Baina ez zait iruditzen merezi duenik Victor on bat ordezkatzea Artola erdipurdiko batengatik. Gainera, Victor ondo jokatzen ari da, puntuen erdiak atera ditu.

Victor-Albisuk gora egin dute. Horrek zu berriz sartzea zaildu dezake. Pozten al zara?

Bai, bai, noski pozten naizela! Pentsa daiteke Victor ari bada lehia moduko bat dugula gure artean, azkenean lau toki duelako. Baina ez dago hori pentsatzen egoterik. Gainera, badut Albisurekin konfiantza; hain gertutik bizita, denei opa diezu ona, baina are gehiago hari. Asko poztuko naiz Albisuk aurrera egiten badu, eta, Victorrek laguntzen badio, bejondeiola!

Bi lesio izan dituzu epe motzean: ukondoa, sorbalda... Udan ez zenuen gozatu. Nola daramazu bolada txarra?

Lehenagotik esango nuke. 2016ko bigarren erdia kirol ikuspegitik oso txarra izan da niretzat. Orain arte izan dudan boladarik txarrena. Lesioek kezka sortzen dute: ea aurrekora itzuliko zaren...

Ezkorra zarela dirudi.

Ez, errealista naiz. Baikortasuna ondo jartzeko lan egiteko gogoa izatea da, eta nik badut. Aurreko lesioan ikusi nuen min hartu ondoren primeran egon zaitezkeela, eta itzultzean sekulako gogoa izango dut. Baina, tira, 22 urte ditut, eta sei hilabete txar pasatu ditut bakarrik nire ibilbidean. Ez da hainbesterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.