Errusiako Munduko Kopa. D multzoa. Kroazia

Azken aukera zerbait egiteko

Azken aukera zerbait egiteko.
Aitor Manterola Garate.
2018ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Bosgarren aldiz jokatuko du Munduko Kopa Kroaziak, eta zaleen gogoan aurreneko aldi hura dago: 1998koa, Frantziakoa. Finalerdiak harrapatu, eta hirugarren izan ziren Boban, Suker, Prosinecki, Bilic, Jarni eta gainerakoak. Ezuste latza eman zuten. Beste hiru aldietan, ez zuen lehen fasea gainditu ahal izan. Oraingo honetan ere, badu maila gorago ibiltzeko, belaunaldi ona tokatu baitzaio Modric, Rakitic, Mandzukic , Kalinic eta Perisicek osatzen dutena, besteak beste. Egin beharko du, baina, aurreko txapelketan baino lan hobea.

Jokalarien maila teknikoa ikusita, duda gutxi dago selekzio honek egin dezakeen lanaren inguruan, baina gauza gehiago ere behar izaten dira txapelketa ona egiteko, eta, bata dela edo bestea dela, ikaragarri pila kostatzen zaie jokalari on horiei guztiei ongi jokatzea, txapelketa handiak iristen direnean. Hain zuzen, 1998ko selekzioan horixe gertatu zen, on guztiek onena eman zutela.

Adinagatik-eta, azken aukera dute Modric, Rakitic eta gainerakoek pozen bat emateko herrialdeari. Urruti gera dakieke hemendik lau urteko txapelketa. Multzo honetan, aldez aurretik ikusita, Argentinaren atzetik Kroazia da fasea gainditzeko beste faboritoa. Baina, horretarako, irabazi egin beharko die Islandiari eta Nigeriari, eta bi selekzio horiek ez dira kamutsak. Taldearen gorabeheren ispilua da azken sei urteetan lau entrenatzaile izatea. Zlatko Dalic da oraingo arduraduna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.