Sanantolinak Lekeition

Anterori ongietorria egiteko eguna iritsi da

Kuadrilla jaitsierarekin hasiko dituzte jaiak Lekeition, arratsaldean. Bere 150. urteurrenean, herriko musika bandak botako du txupinazoa. Txosna Batzordeak egitarau alternatiboa prestatu du

Portu inguruan jartzen dituzte txosnak sanantolinetan. ASIER ALKORTA / BUSTURIALDEKO HITZA.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2017ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Antero pertsonaia da Lekeition (Bizkaia) jaietako protagonista nagusia. Urtero legez, hark gidatuko ditu gaur arratsaldean kuadrillak kaleetan barrena, plazara bidean. Kolore festa izango da nabarmen, mozorrotuta egingo baitute ibilbidea. Ostean, musika bandako partaideek botako dute txupinazoa.

Txosna Batzordeko kideak ere prest daude zortzi egunez festazaleei eta txosnagunera gerturatzen direnei harrera egiteko. Hamabost urte baino gehiago daramatza Txosna Batzordeak Lekeitioko jaietan aldarrikapen gune bat sortzeko helburuarekin lanean. Urte osoan eraldaketa sozialen eremuan diharduten kolektiboek jai egunetan presentzia izaten dute txosnetan. Udalarekin dituzten desadostasunak medio, jai batzordearen parte izateari utzi zioten aurreko urtean.

Egungo jai ereduari kritika egiten dio Txosna Batzordeak, eta kritika horrekin batera alternatiba bat eskaintzeko saiakera egiten dute. Halaber, jaiak parte hartzaileak izan beharrean, kontsumo ereduaren parte bihurtzen ari direla uste du Gaizka Likona batzordeko kideak. «Kontsumitzeko espazioak bihurtu dira jaiak». Hala ere, Likonak aitortu du kritikatzen duten hori beraiek ere egiten dutela; «guk ere kontraesanak ditugu».

Azkeneko urteetako txosnetako egitarauan bilakaera egon dela dio Likonak. «Musikan oinarritutako esparru alternatibo bat genuen lehen, eta egitarau indartsuago bat daukagu orain». Horren erakusgarri da duela zazpi urte arte portuan txosnak jartzen zituztela, eta orain parkean ere gune bat jartzen dutela.

Gurasoen ekimenez egin zuten, hain zuzen ere. Adin desberdinetako umeentzako jolas parte hartzaileak antolatzen dituzte han, kirolari eta sormenari lotutakoak. Eta gurasoak eta gazteak aritzen dira boluntario lan horietan. «Kontsumismotik at» gelditzen den leku lasai bat sortzea dute helburu. Txosnagunea parrandarekin soilik ez lotzeko.

Etorkizunera begira, hausnarketa baten beharra ikusten dute jaien eta txosnen inguruko apustua berrizteko. Horretarako, belaunaldi aldaketa funtsezkoa izango dela uste dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.