Errusiako Munduko Kopa: F multzoa. Alemania

Azkeneko txapelduna

Azkeneko txapelduna.
Aitor Manterola Garate.
2018ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Galdu aditza eta Alemania ez dira askotan jartzen elkarren alboan, eta Munduko Kopa honetan ere ez du ematen askotan izango dutenik elkarren berri. Txapelketa irabazteko hautagairi handienetakoa da beste behin. Duela bi urteko Eurokopan Frantziaren aurka 2-0 galdu zuenetik finalerdietan, ez du alerik galdu Joachim Loew-ren selekzioak, eta hori gutxi ez, eta irabazten jarraitu du: Munduko Kopa honetarako sailkatzeko hamar partidetan garaile izan zen, eta titulu bat ere eskuratu du: Konfederazio Kopa, iazko udan.

Titulu hori lortzeko giza baliabideak ekarri behar dira hona, txapelketa hau hasita dagoenean. Izan ere, txapeldun haiek ematen diote neurri zehatza taldeari. Ordezkoz gainezka azaldu zen Alemania, eta garaile izan zen, onenak etxean lagata. Orain, denak dira onak, lehengoak eta berriak, eta denak batera ariko dira Errusian. Atera kontuak zein den maila, Leroy Sane bezalako jokalari bat kanpoan utzi behar izan duela Loew-ek. Hori gutxi ez, eta txapelketarako justu zein osatuko, eta Neuer atezaina, hilabete luzez jokatu gabe egon eta gero.

Garbi da faborito gardena dela F multzo honetan aurrena izateko, eta hortik aurrera azkeneraino heltzeko ere bai. Betikoa da alemaniarren kasuan: hauek ez dute galtzen, irabazi egin behar izaten zaie, eta aurkari guztiei egundoko errespetua ematen die hauen aurka jokatzeak. Gainera, aurreko txapelketako finalean erakutsi zuen badakiela txapeldun izaten ondo jokatu gabe ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.