2015 inoizko urterik beroena izan da, eta tenperatura igo egingo da 2016an

«Albiste txarrak dira planetarentzat», iragarri dute Munduko Meteorologia Erakundeak eta NBEk

Meteorologia agentziek iragarri dute planetako tenperatura are gehiago igoko dela 2016an. RAFA ALCAIDE / EFE.
Jone Amonarriz.
2015eko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Lehorteak, glaziarrak urtzea eta itsasoaren maila igotzea urrun geratu izan dira Euskal Herritik, denboran nahiz geografikoki. Urruneko arazoak, ordea, gerturatzen ari dira, uste baino lehenago. Munduko batez besteko tenperatura 0,84 gradu altuagoa izango da datorren urtean, 1961etik 1990erainoko urteetako batez bestekoarekin alderatuta—hamalau gradu—, eta gradu bat industrializazio aurreko neurketen aldean.

Aurtengo urtea historiako beroena izaten ari dela baieztatu dute, baina 2016an planetako tenperatura are gehiago igoko dela iragarri dute Britainia Handiko Met Office eta munduko OMM meteorologia agentziek. «2015. urtean neurtutako tenperaturek berotegi efektuko gasen eragin etengabea islatzen dute. Argi dago klima aldatzen ari dela oraindik ere», adierazi du Stephen Belcher Met Officeko klima aldaketaren alorreko zuzendariak.

Parisen egin berri duten COP21 goi bileran eragiteko asmoarekin argitaratu du OMMk 2015eko klimaren egoeraren eta 2011-2015 bosturtekoaren inguruko analisia. Mende amaierarako planetaren tenperatura bi gradu baino gehiago ez igotzea sinatu dute 195 estatuk eta Europako Batasunak, eta igoera gradu eta erdikoa izateko ahalegina egiteko konpromisoa agertu dute. Izan ere, OMMk kaleratutako datuek argi uzten dute tenperaturen goranzko joera pauso handiak ematen ari dela azkar.

Erantzule bat baino gehiago

Muturreko eta ezohiko egoerari El Niño-ren eragina gehitu behar zaiola ohartarazi du OMMko idazkari nagusiak: «Potentzia handitzen ari da». Haren eraginak 2016 erdialdera arte jarraituko duela uste du Jarraudek. Fenomenoaren garairik indartsuena eta gizakiak eragindako planetaren berotzea dira munduko tenperaturaren igoeraren bi erantzule nagusiak, OMMren arabera.

«Aurten klimaren egoerak historia egingo du hainbat arrazoigatik», adierazi du OMMko idazkari nagusi Michel Jarraudek: berotegi efektuko gasek maximoak gainditu dituzte, eta aurtengo udaberrian ipar hemisferioan CO2aren kontzentrazioaren batez bestekoak ere aurrea hartu die muga guztiei—milioitik 400 parte baino gehiago—. «Albiste txarrak dira planetarentzat», gehitu du Jarraudek.

«Klima aldaketa elikatzen ari diren negutegi efektuko gasen emisioak kontrolatu egin daitezke. Nahikoa jakinduria eta baliabide ditugu horri ekiteko. Guk aukeratu egin dezakegu. Etorkizuneko belaunaldiek ez dute aukera hori edukiko», nabarmendu du.

Azken hamabost urteetan oinarritutako ikerketa bat egin du OMMk, eta zenbait ondorio orokor atera ditu; ozeanoen berotzea eta itsas mailaren igotzea aipatu dituzte nagusien artean. Klima sisteman pilatuta dauden berotegi efektuko gasek sortutako energiaren %90 baino gehiago xurgatu dute ozeanoek. Hortaz, tenperaturak igo egin dira, baita itsasoaren maila ere. 1993an satelite bidezko behaketei ekin zietenetik, aurten izan du itsasoak mailarik altuena, eta urte berean neurtu dituzte tenperaturarik altuenak ere.

Mundu osoko meteorologia agentziarik garrantzitsuenek argi dute datorren astean amaituko den urtea historiako beroena izango dela. Era berean, atzean geratu dira urterik hotzenen errekorrak. 1908an eta 1911n gainditu ziren muga horiek. Ordutik, joerak gorantz egin du. Mende batean bi errekor egin ditu munduko tenperaturak: urterik hotzenarena eta beroenarena.

Arriskuek ere, gora

Tenperatura altuagoek arriskuak eta kalteak ere handitzea dakarte,NBE Nazio Batuen Erakundeak jakinarazitakoaren arabera. Tenperatura zenbat eta azkarrago igo, orduan eta larriagoak izango dira ondorioak. Izan ere, klimak ez die zuzenean erantzuten atmosferako emisioei. Urteak edo mendeak igaro ditzakete atmosferan. Ozeanoen atzerapen efektuaren ondorioz —xurgatutako beroa atmosferak baino mantsoago askatzen dute—, lurrazaleko tenperaturek ez diote zuzenean erantzuten berotegi efektuko gasei. Hartara, klima aldaketak jarraitu egingo du, atmosferako kontzentrazioak egonkortu eta ehunka urte eta gero ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.