Immigrazioarekin «zifren politika» egiten ari direla salatu du Cimadek

Hendaiako atxikitze zentroan 389 paperik gabeko atxiki dituzte aurten, urtea bururatua ez dela.Iaz, urte osoan, 314 izan ziren

Hendaiako atxikitze zentroan 30 bat leku daude orotara. SYLVAIN SENCRISTO.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2014ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Hendaiako atxikitze zentroak (Lapurdi) 30 leku ditu, eta Cimade elkarteko Francisco Sanchez Rodriguezek ohartarazi du egun beterik dagoela, azkenaldian kasik beti gertatzen den bezala. Zentroan ari da lanean Sanchez, atzerritarren eskubideak bermatu ahal izateko. Datutan adierazi du pilaketa hori: iaz, urte osoan, 314 pertsona eduki zituzten atxikita Hendaian; are gehiago dira aurten, oraindik urtea bururatu gabe dela: 389 pertsona.

Orain zentroan diren 30 horien artean hamar baino gehiago dira Europako Batasuneko beste estatu batera bidaliak izateko zain daudenak, egonaldi baimena baitaukate Europako beste estatu horretan. Baina hara, anartean, irregulartasunak dauzkaten atzerritar gisa hartzen ditu Frantziak. Eta, hortaz, Hendaiako atxikitze zentroan atxikitzen ditu.

Hain justu, Cimade elkarteak salatu du azken urteetan Frantziako Gobernuak daraman «zifren politikaren» lekuko zuzena den adibide bat besterik ez dela egoera hori: «Horiei esker kopuruak hantzen dituzte», esplikatu du Cimade elkarteko kide Laurence Hardouin abokatuak.

Zehazki, atzerritarrak muga pasatzen duelarik, Europako estatu bateko egonaldi baimena baldin badu ere, legeak dio baimen originala eta pasaporte originala ere eskura izan behar duela. Baina gertatzen da paper ofizialak lortzeko zailtasunak izan dituela, baimenak etxean atxikitzea nahiago duela eta fotokopiekin bidaiatzen duela. %95 kasu halakoak direla azaldu du abokatuak.

Cimadek salatu du zifra «hantu» horietan, kasu horiez gain, mugatik ateratzear diren asko gehitzen dituztela. Hendaia mugako herria izanik horretan ere lekuko dela dio elkarteak. Paperik gabeko etorkina ateratzen ari dela ere atxilotzen dute. «Immigrazio klandestinoa ez da hain errazki ere harrapatzen. Inbasio baten fantasma bat dago», dio Hardouinek. Eta, bizkitartean, immigrazioaren aurkako borroka justifikatu behar dela eta, «beste bide batzuk hartu dituzte zifrak emendatzeko». Gehiago dena, haren iduriko, «lege egileak politikariaren presiopean aldatu du testua, horrelakoak egingarri izateko».

Eta, horra, iaz baino 75 paperik gabeko gehiago atxiki dituzte aurten Hendaian, jakinez urtea ez dela bururatua. 389 horien artean, 76 askatu dituzte auzitegitik pasatu eta. 49 prefetak askatu ditu epaileen aitzinean pasatu baino lehen, eta 71 beren sorterrira bidali dituzte. %90,2 gizonak dira. Maroko, Algeria, Pakistan eta Brasildik datoz gehienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.