Ate bat itsasoaren sakonera

Europako Itsas Baliabide Biologikoen Zentroko kide egin da Plentziako Itsas Estazioa. Kutsadurak itsasoan duen eragina aztertzeaz gain, graduondokoak eskaintzen ditu.

Plentziako hondartza alboan dago Itsas Estazioa. 2.500 metro koadroko eraikina da, eta hainbat azpiegitura dauzka. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Asier Arrate Iruskieta.
Plentzia
2018ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Ikerketa munduan oso garrantzitsua da eskuragarritasuna, eta itsas estazioak biodibertsitaterako atea dira». Ibon Cancio EHUko biologia irakaslea da Plentziako Itsas Estazioan (PIE), eta ezinbestekotzat du ikerlariek eskura izatea bertatik bertarako ikerketa ahalbidetzen duten zentroak. Plentziako (Bizkaia) sendategi zaharreko eraikinean dagoen itsas estazioa helburu horrekin jaio zen 2012an, eta euskal kostaldeko biodibertsitaterako ate bilakatu da. Apirilaren 19an, kalitatezko jauzia egin zuen estazioak EMBRC Europako Itsas Baliabide Biologikoen Zentroaren parte bihurtu baitzen. Azpiegitura horretako kide gisa, 24 itsas estaziok osatutako informazio eta ikerketa sarearen parte bihurtu da.

Itsas estazioak, EHUren goi mailako ikerketa eta irakaskuntza zentro gisa, hiru xede nagusi ditu: ikerketa, irakaskuntza eta dibulgazioa. Horretarako, Plentziako hondartzako eraikin historikoa puntako ikerketa zentro bihurtu dute: laborategiak, ikasgelak, behategiak, akuarioak... Egun, 41 ikerlari eta doktoregai, eta 50 ikasle ari dira. Azken horiek zentroak eskaintze dituen hiru masterretan ari dira: Ingurumen Kutsadura eta Toxikologia, Itsas Ingurumen eta Baliabideak eta Itsas Baliabide Biologikoak. Tokiak dituen «abantailengatik» eraman zituzten bertara master programak.

Ikerketarako zentroa

Ikerketa da, ordea, itsas estazioaren ardatza. Ikertzaile gehienak ingumen toxikologian ari dira lanean; aztertzen dute kutsatzaileek zer-nolako eragina duten ingurumenean. Canciok azaldu du zentroko ikerketa adarrek mikroskopia aurreratua, biologia molekularra eta kimika analitikoa baliatzen dituztela osasunaren, itsasoaren eta kutsaduraren arteko harremanak aztertzeko. Cancio, esaterako, ikertzen ari da Euskal Herriko leku batzuetako lazun arrek kutsaduragatik jasandako feminizazioa. Beste ikerlari bat ikertzen ari da ur hotzetan fuel isuriek nola eragiten duten.

Ikerketa horiek egiteko, sendategi zaharra goitik behera aldatu dute. Gaixoek atseden hartzeko gelak laborategi bihurtu dituzte, eta oheak zeuden tokian, mikroskopioak eta laborategiko tresnak daude. 2.500 metro koadro ditu eraikinak, eta hainbat azpiegitura. Akuarioa da zatirik garrantzitsuenetako bat. Han daude hainbat ikerketatan erabiltzen dituzten itsas animaliak: itsas trikuak, mihi arrainak, muskuiluak... Horiek bizirik mantentzeko, itsas ingurunea imitatu behar dute egunero milaka litro ur behar dituen sistema baten bidez. Azpiegitura hori elikatzeko, estazioak itsasoko ura iragazten du itsas hondoan jarritako ponpa eta tutu sistema batekin. Garrantzitsua da eraikitzeko era ere: akuarioetan, esaterako, ez dago metalik ezta estaldurarik ere kutsadura saihesteko.

Ongi hornitutako bankua

Itsas estazioan egiten diren ikerketek lagin biologiko kopuru handiak ere sortzen dituzte. Horiek baliagarriak izan daitezke etorkizuneko ikerketetan, eta horregatik PIEren baitan sortu dute Bizkaiko Golkoko Ingurumen Bankua. Canciok kontatu du zerk ekarri zuen behar hori: «2002an, adibidez, Prestige ontziaren isuriaren ondorioak ikertzen hasi ginenean, ez genuen laginik alderatzeko». Halakorik gerta ez dadin, laginketa guztiak gorde egiten dituzte. Digitalizatu eta sarean eskura jartzeko tresneria ere badute, dibulgazioa baita zentroaren beste zutoinetako bat. Orain, Europako itsas estazioen azpiegiturako kide gisa, indartu egin da hori. Zentroko baliabideak «nahi duenarentzat» daude eskura. «Edozein ikertzaile edo enpresak eskura izango ditu bere ikerlana egiteko baliabideak eta arloko ezagutza osoa».

EMBRCren parte izateak aukera ematen die zientzialariei Plentziara joan, eta hango kideen laguntzarekin lan egiteko. «Ate bakarra eskaintzen dugu Europako itsas baliabideetara; Mediterraneotik Artikora arte». Punta-puntako teknologia, itsas estazio arteko saretzea, eta, horrek ematenduen ezagutzaren bitartez, bioteknologia urdina deituriko sektorea indartzea dute helburu.

Bioteknologia sustatzen

Sektore horrek itsasoan dauden baliabide biologikoak baliatuz produktuak edo zerbitzuak garatzea du helburu. «Itsasoan hainbat erantzun biologiko daude, sor daitezkeen arazoei aurre egiteko», azaldu du irakasleak. Itsasoan dauden bizidunek sortutako konposatuak industriarako eta medikuntzarako «oso baliagarriak» izan daitezkeela azaldu du: «Badira ehunka urtez bizi daitezkeen animaliak; hor daude bizitza adintsurako eredu biologikoak».

Europako Batasunaren arabera, bioteknologia urdina hazten ari den sektorea da, eta indartu beharrekoa. Horretarako aukerak sortzea «ezinbestekoa» dela dio Canciok. Plentziakoaren azpiegiturek horretarako aukera ematen duela azaldu du: «Edozein enpresa edo zientzialarik ideia bat badu, eta mugak teknikoak baditu, gurera etor daiteke ideia garatzera». Euskal Herria sektorean indar egiteko egoera «paregabean» dagoela defendatzen du Canciok: «Indartsua da bioteknologia Euskal Herrian; aprobetxa dezagun itsasora begira bizi garen herri bat garela, eta bultza ditzagun bioteknologia urdinak bertatik sektore indartsu bat sortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.