Partida gutxi, eta asko jokoan

Gaur jokatuko dute bost euskal taldeek ligako azken-aurreko jardunaldia. Realak Europa ligan aritzea du jokoan; Alavesek gaur lor lezake mailari eustea; eta Eibarrek aukerekin segitu nahi du

Zaldua, baloiarekin, Atletico Madrileko Saul Ñiguez atzetik duela, aurreko ostegunean, Wanda estadioan. JUANJO MARTIN / EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Bi partida besterik ez da geratzen liga amaitzeko, eta dena erabakitzeke dago oraindik: liga nork irabaziko duen, Europa ligara eta Konferentzia Ligara nor joango den, eta zer hiru talde jaitsiko diren Bigarren Mailara. Euskal Herriko taldeen kasuan, Osasunak eta Athleticek lasai antzean ekingo diete bi partidei, sailkapenaren erdian baitira, eta ezin dute ez behera eta ez gora begiratu. Alavesek, Eibarrek eta Realak, baina, etxeko lanak egin gabe dituzte oraindik, eta gauzak ondo baino hobeto egin beharko dituzte saririk gabe geratu nahi ez badute.

Partida batek bestean eraginik izan ez dezan, ligako partida guztiak ordu berean jokatuko dira gaur: 18:30ean. Hala ere, arazoak saihesteko, norberak bere partida irabaztea izaten da onena. Horretan saiatuko da Eibar, puntuak gehien behar dituen taldea baita. Ondorioz, bizirik jarraitzeko ezinbestekoa du gaur Valentziaren aurkako neurketan hiru puntuekin ateratzea Mestalla estadiotik —5.000 zale izango dira—. Sailkapenean azkena da, 30 punturekin, baina hiru puntu eskasera du salbazioa. Orain dela bi aste, jendeak jaitsitzat eman zuen talde armagina, baina, azkeneko hiru norgehiagoketan zazpi puntu eskuratu ondoren, berriz ere lehian sartu da. Herrialde Katalanetako taldeak, eibartarrak ez bezala, ez du ezer jokoan. Jose Luis Mendilibarrek erronkari aurre egiteko prest ikusten du taldea: «Burua ondo daukagu; ea gorputzak laguntzen digun. Ez dugu ordu larregi izan aurreko partidatik, baina buruak agindutakoa gorputzak egin egiten du, eta oraintxe bertan mentalki ondo gaude».

Jaitsiera postuei goitik begiratzen die Alavesek, baina ez dira oso aparte. Babazorroek 35 puntu dituzte, azken-hirugarren den Valladolidek baino lau gehiago. Duela bi aste Eibarren aurka jipoia hartu bazuten ere, bolada onean dira gasteiztarrak, eta azken bi partidetara uste baino alde handiagorekin iritsi dira. Salbazioa berretsi dezakete gaur, Mendizorrotzan Granadari irabaziz gero. Galduta ere, beste emaitzen arabera, beste denboraldi batez Lehen Mailan aritzea bermatua izan dezake Arabako taldeak. Diego Martinezen jokalari multzoa izango dute aurrean, etxeko lanak eginak dituena, eta gainera min hartutako jokalari dezente dauzkana. Hala ere, Javi Calleja ez da fio: «Granada oso talde lehiakorra da. Nik ez dut sinesten 'ez dute ezer jokoan' eta horrelakoetan. Behin baino gehiagotan argi ikusi da hori guztia gezurra dela. Denok dugu zerbait jokoan, eta denoi gustatzen zaigu irabaztea, Granadak bere helburua beteta duen arren». Ez du nahi bere jokalariek lo hartzea inondik inora ere.

Europa jomugan

Hurrengo sasoian, Europan barna ibiliko da Reala, baina oraindik ez daki zer txapelketatan. Hasiera batean, eta Vila-realek Europa ligako finalean egiten duenaren arabera, bosgarren eta seigarren sailkatua Europa ligan arituko dira, eta zazpigarrena, aldiz, sortu berri duten Konferentzia Ligan. Egun, txuri-urdinak hiru postu horietako aurrenekoan dira, 56 punturekin, baina atzetik, puntu bakarrera dituzte Betis eta Vila-real. Aldeari eutsi eta ahal bada handitzeko asmoz, Valladolidi irabazten saiatuko dira Anoetan. Etxekoak Europako lehian, eta espainiarrak, aldiz, mailari eustekoan. Imanol Alguacilek tentsio handiko neurketa espero du: «Haientzat hil edo biziko partida da. Guk ere horrelaxe hartu behar dugu. Ez dakigu nola planteatuko duten, baina gure helburua irabaztea da, eta egiten dutena egiten dutela, ez da aldatu behar».

Ondo amaitzea komeni

Osasunak eta Athleticek ez dute ezer jokoan azken bi jardunaldietarako. Biak ala biak sailkapenaren erdialdean dira, eta ez dute aukerarik ez jaisteko eta ez Europan sartzeko. Betiere, komenigarria da neurketak irabazita eta sentsazio onekin amaitzea sasoia. Horiek horrela, gorritxoek ez dute partida erraza izango. Ligako liderrari egin beharko diote bisita: Atletico Madrili. Bi taldeen beharrak alde batera utzita, Jagoba Arrasatek hiru puntuak poltsikoratzeko gai ikusten du bere taldea: «Emaitza on bat lortzera goaz. Badakigu nora goazen eta zer aurkitu behar dugun liderraren estadioan. Baina partida irabazteko ilusioarekin goaz hara ere, eta ederki dakigu ia dena ondo egin beharko dugula horretarako».

Athleticek ere ez du izango norgehiagoka samurra. Ligako garaikurra eskuratzeko borrokan dabilen Real Madril hartuko du San Mamesen. Zuri-gorriek badakite zer den Zinedine Zidaneren taldeari irabaztea. Urtarrilean, Espainiako Superkopako finalerdietan gailendu zitzaien (1-2). Hala ere, urte hasierako Athletic hura eta oraingoa oso bestelakoak dira. Marcelinorenak ez dira fin ibili azkenaldian, baina berriz ondo jokatzen hasteko aukera aparta iruditzen zaio espainiarren aurkako neurketa hau bizkaitarren teknikariari: «Real Madrilen aurka jokatzea oso erakargarria da. Ez luke horrela izan behar, talde guztienaurka berdin jokatu beharko genuke eta, baina talde handienen aurka lehiatzea berezia izaten da beti».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.