'Etxetik', etxe ondora

Zarautzen hasi arraunean, Bizkaian jarraitu urte askoan, eta, orain, Oriora joan dira Gorka Aranberri patroia eta Bersaitz Azkue arraunlaria; «talderik historikoenera».

Bersaitz Azkue eta Gorka Aranberri, herenegun, Oriorekin entrenamendua hasi aurretik. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Orio
2016ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Bizitzak buelta asko ematen ditu, eta jirabira horretan pertsonak murgiltzen ditu. Mugitu, esan beharko da kasu honetan. Ez dira urte asko Zarauzko Arraun Elkarteak Orion egoitza zahar bat erabili zuenetik, Orioko klubaren parean zegoena. Erabat arlotea zen kirolari batzuen eguneroko jardunerako, baina, besterik ezean, han egin zituzten urte batzuk Zarauzko arraunlariek.

«Oria ibaian gora eta behera genbiltzanean entrenatzen, Orioko arraunlariei eta traineruari behetik gora bezala begiratzen genien, errespetu handiz». Gorka Aranberriren (Zarautz, Gipuzkoa, 1987) eta Bersaitz Azkueren (Zarautz, Gipuzkoa, 1982) aitortza da. Orain, Zarauzko elkartearen egoitza zaharra da parean daukatena. Oriorenetik ari dira hizketan, datorren denboraldian Orioko traineruan egingo baitute arraun patroiak eta arraunlariak. Bizitzaren mugimenduak.

Zarautzen arraunean hasi zirenean, burutik pasatu ere ez zitzaien egingo, ziurrenik, Orioko arraunlari izango zirenik egunen batean. Ezta Urdaibain ariko zirenik eta Bermeoko taldearekin irabazi beharreko denak irabaziko zituztenik ere. Bizkaian izan baitzuen segida bi zarauztarren ibilbideak, etxetik atera zirenean. Aranberri 2011ko maiatzean murgildu zen Urdaibain, eta urtebete lehenagotik zen han Azkue. Patroiak aurten arteko bidea egin du Bou Bizkaia traineruko popan; Azkuek azkeneko bi denboraldiak gehitu dizkie 2010 eta 2011ko saioei, 2012tik 2014ra Portugaleten aritu zelako.

Milaka kilometro egin dituzte biek autoan Bizkairako joan-etorrietan. «Nekatu ere egiten da bat azkenerako», onartu du Aranberrik. «Iaz izan nituen zalantzak atzera-aurrera jarraitu edo ez, eta aurten hartu dut, azkenean, Bermeo uzteko erabakia». Beste arrazoi bat ere eman du erabakia mamitzeko erabilitakoa: «Hainbeste urtean puntaren puntan ibili beharrak nekatu ere egin nau». Azkueri, aldiz, ez zaizkio hain nekagarriak egin bidaiak: «Ohitu egiten da bat azkenean, eta, gu nola lagunartean ibili garen joan-etorrietan, atsegina ere izan da. Hori bai, nekatu nauena izan da etxera egunero oso berandu heldu beharra». Aranberrik, Bermeoko lehen urteetan, baina, bakarrik egiten zituen joan-etorriak, eta datu zehatza eman du: «Beasainen egiten dut lan, eta egunero, Zarauztik lanera, lanetik Bermeora, eta handik etxera bakarrik ibilita, autoari 300 kilometro egiten nizkion egunero».

Erabat aldatzen hasi zaie bizimodua mugikortasunaren alderditik, haiek hala erabaki dutelako. Arraunlari ibilbideko tarte berriari ekin aurretik, zaharra utzi behar, eta Aranberrik kontatu du zer egin zaion zailena: «Oso urte gogorrak izan ditugu Bermeon kirol arlotik kanpo, urtero jasan izan dugulako erasoren bat kanpotik. Horrek elkartu egin gaitu taldeko arraunlariak, eta oso lagunarte ona osatu dugu. Hori uzteak eman dit pena».

Erronka berri bat dute orain bi arraunlariek, eta, Urdaibain bezala, Jon Salsamendi izango dute entrenatzaile. Oriora joateko erabakia hartzeko garaian entrenatzaileak eragina izan duela aitortu dute: «Azken batean, gurekin konfiantza dauka, eta guk ere bai harekin. Salsamendirentzat ere berria da dena hemen, eta konfiantzazko jendea ondoan izan nahi duelako deitu gaitu». Azkuek ondo xehatu du zenbatekoa den entrenatzailearengan duen konfiantza: «Erakutsi du badakiela traineru lehiakorrak osatzen». Aranberrik eman dio akabera lagunak hasitakoari: «Talde ona dago, eta asmatuko du hemen ere».

Orio azken bi urteetan banderarik irabazi gabe dago, eta hortik abiatuko da Salsamendi buru duen egitasmo berria. «Erronka polita da Orioren moduko talde bati jaikialdia ematen laguntzea», esan du patroiak. «Oriorekin irabazteak handia izan behar du», gehitu dio arraunlariak. «Azken batean, Orio da talderik historikoena, eta ez dauka alferrik atzean egun urte luzeko historia», bukatu du Aranberrik.

Entrenatzera, korrika

Irabaziko duten edo ez datorren urteko udan jakingo da, eta, Orio lehia horretan ibiltzen bada, ez zaie arrotza egingo Aranberriri eta Azkueri. Ohituta daude. Alde horretatik, aldaketa gutxi. Aldatuko zaiena beren gertukoen jarduna izango da. Urdaibai animatzeko batere erreparorik ez omen dute izan lagunek, baina Oriorekin... «Esan didate ez dutela jantziko elastiko horia», aitortu du Azkuek; «Zarautzen, bati baino gehiagori ez zitzaion ondo irudituko gu hona etortzea», gehitu du. «Beti egon da halako lehia bat Zarautz eta Orioren artean arraunean, eta garai bateko kontuak hor daude oraindik ere», azaldu dute. «Hau futbolean bezalakoa da zenbaiten kasuan: Realekoa bazara, izaten da Athleticen aurkako iritzia, eta alderantziz. Bada, hau berdintsua da», zehaztu du Aranberrik.

Ohituko dira lagunak biak Orioko traineruan ikusten, eta poztu ere egingo dira banderak irabazten badituzte. Horretarako, badute lana, eta ez txikia, gainera. Lan luzea eta nekeza geratzen zaie uda heldu aurretik, eta entrenamendu mordo bat egin beharko dituzte. Onak egin beharko ere.

Salsamendiren jarduna ere ez zaie arrotza egingo Azkueri eta Aranberriri, eta hasiak dira baliatzen entrenatzailearen ohitura bat: «Uretako lana egin eta gero, korrika saio batekin amaitzea gustatzen zaio, eta gu hasiak gara etxetik Oriorako joan-etorria korrika egiten. Kanpinetik, hogei bat minutuan erraz sartzen gara». Etxetik etxe ondora joatearen abantailak dira horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.