Sanpedroak Urdiainen

Blusa jantzita ospatu nahi dute

Urdiaingo sanpedroak, gaur hasi, eta asteazkenean amaituko dira. Festetan blusa erabiltzen ez dutelako kezkatuta, erabilera sustatzeko dokumental bat prestatzen ari da gazte talde bat.

Haurrak suziriari begira, Urdiaingo jaietako txupinazoaren ostean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Berastegi.
Urdiain
2017ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Ezinezkoa da. Blusarik gabe niretzat ez dira festak». Patxi Zubiria urdiaindarrak Urdindar bat, blusa bat dokumentalerakoelkarrizketatu zutenean esandako hitzak dira. Aitor Zubiria eta Imanol Etxarri urdiaindarrak dira dokumentala egiteaz arduratzen ari direnak, eta laster aurkeztea espero dute.

Herriko ospakizun eta festetan blusa gutxi ikusten zituztelako kezkatuta, urdiaindarrak blusajanztera animatzeko dokumental bat egitea erabaki zuten. «Urdiainen, blusa janztea festak direla esateko modu bat da», esan du Zubiriak.

Dokumentala amaitzeko azken irudiak San Pedro jaietan grabatuko dituzte, eta, ondoren, editatzen hasiko dira, abuztuko Andramauztuko festetan aurkeztu nahi baitute: «Adin ezberdinetako jendea elkarrizketatu dugu. Horrez gain, blusa sortu zutenetako batekin ere hitz egin genuen, blusaren historiari buruz gehiago jakiteko», azaldu du Etxarrik.

Izan ere, Zubiriak dio dokumentala egin aurretik blusaren inguruan ezer gutxi zekiela jendeak oro har: «Ez genekien noiz sortu zen, zergatik hautatu zituzten koloreak. Orain hori ere jakitea lortu dugu». Blusaren esaldi nagusiarekin ere gaizki ulertuak egon direla azaldu du Etxarrik: «Hil edo bizi, ardoa esaldia jartzen du blusan. Guk uste genuen horrek esan nahi zuela ardoa etengabe edaten zutela festetan».

Grabatzen ari zirela, ordea,konturatu ziren zentzua oso bestelakoa zela: «Hil edo bizi esamoldea gaur egungo Jo Ta Ke-ren antzekoa dela. Ardoa hitzari dagokionez, armarrian bi pertsona ageri dira festetan lepotik helduta, eta ardoa taberna irudikatzeko modua omen zen», azaldu du Etxarrik.

Koadrodun blusa zuri-gorria 1959an erabili zuten lehendabiziko aldiz, Santa Marinako ospakizunerako. Herriko ospakizun guztietarako erabiltzen zen blusa hasieran, baina, orain, San Pedro eta Andramauztuko jaietan erabiltzen da. «Santa Agedarako ere berreskuratu zuten duela pare bat urte. Santa Ageda egin zutenetik 25 urte joan direla ospatzeko, dantza egiten dute 43 urte dituzten urdiaindarrek, blusa jantzita», esan du Zubiriak.

Grabaketa egitean hainbat ondorio atera dituzten arren, Etxarrik dio agerikoena blusa jende gazteak soilik erabiltzen duela frogatzea izan dela: «Iruditzen zait jende helduagoak pentsatzen duela blusa gazteentzako zerbait dela. Helduek dotore jantzita joan nahi dute festetan, eta uste dute ezin direla dotore joan eta blusa eraman». Zubiriak gaineratu du beste herri batzuetan egoera ezberdina dela: «Sakanako beste herri batzuetan, adin guztietako jendea ikus dezakezu blusarekin».

Hala ere, azken urteetan blusa gehiago erabiltzen dela dio Zubiriak: «Kuadrilla gazte batek blusa asko egin zituen duela lau edo bost urte. Haien ostean, beste kuadrilla gazte pare bat animatu ziren blusak egitera». Blusaren erabilerak gora egin duen arren, Etxarrik dio gazteen artean egin duela gora soilik: «Helduagoa den jendearengana iristea zailagoa da, baina saiatuko gara. Blusa erabiltzen duenak oso gustura erabiltzen du. Badaude festetan blusarik gabe ezin direnak kalera atera».

Zubiriak ez du uste horren zaila denik jende helduagoarengana iristea, eta, horretarako, hedatuta dagoen aitzakia bat apurtu nahi dute: «Jendeak esaten du etxean ez duela blusarik. Dokumentala ez ezik, zerrenda bat zabalduko dugu blusa egin nahi dutenek izena eman dezaten». Etxarrik gaineratu du etxeetan blusa zaharrak badaudela: «Ezagutzen dut jendea duela 40 urte egindako osaba edo gurasoen blusekin ateratzen dena. Ez dago aitzakiarik».

Zerrenda bete ostean, denda batean blusak egin, eta abuztuko Andramauztuko festetan banatzeko asmoa dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.