Euskal Herriko Itzulia. Eguneko elkarrizketa. Omar Fraile. Caja Ruraleko txirrindularia

«Gozamena izan da, eskerrik asko»

«Saiatzeko» asmoa zeukan Omar Frailek Euskal Herriko Itzuliko lehen etapan, eta mendiko eta tarteko helmugetako maillotak jantzita amaitu du eguna. Gozatu ederra hartu du santurtziarrak.

unai zubeldia
Bilbo
2015eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Ez zaio gustatzen tropelaren babesean joatea, eta horregatik hasten da erasoka etapa hastearekin batera. Etxetik hamar minutura egonda, «tentsio bereziarekin» zegoen atzo goizean Omar Fraile (Santurtzi, Bizkaia, 1990), Euskal Herriko Itzulia hasteko irrikan. Ihesaldi luzea eginda, tarteko helmugetako eta mendiko maillotekin amaitu zuen etapa. «Amestutako eguna» izan zen.

Itzulia etxe ondoan hasi, ihes egin, eta eguna mendiko eta tarteko helmugetako maillotarekin amaitu. Balentria egin duzu.

Ikaragarria izan da. Hilabete inguru neraman etapa honi bueltaka, zer edo zer egin beharra neukala pentsatuz, eta lortu dut. Euskal Herriko Itzulian zaila da ihesaldian sartzea, baina lortu dut; oso ondo sentitu naiz, gainera, hasieratik. Berehala ikusi dugu zaila zela helmugaraino iristea, eta lasaitu egin naiz aldea minutu eta erditik jaitsi denean. Gozamena izan da, eta eskerrik asko zale guztiei.

Liskar txiki bat izan duzue, hala ere, Morgarako bidean, ezta?

Bai... Pankartapera iristeko kilometro bat falta zela jartzen zuen, eta, pankartarik ez zegoenez, bat-batean epailea agertu da marra bat marraztuz. Haserretu egin gara Lottokoa eta biok [Brian Bulgac], eta berehala etorri zaigu barkamena eskatuz eta pankarta aurrerago zegoela esanez.

Euskal Herriko Itzulia etxe ondoan hasita, nabari zen motibazioz gainezka zeundela.

Hala da, bai. Euskal Herriko Itzulira beti iristen naiz ilusioz gainezka, eta lehen etapa Bilbon hasi eta amaituta, are bereziagoa izan da dena. Etxekoak, lagunak, ezagunak... Oso polita izan da etapa. Hauxe nahi nuen umetatik, etxeko lasterketan aritzea, eta mutikoek bezala gozatu dut bi maillot jantzita.

Taldeari dagokionez, lesio asko izan duzue, Amets Txurruka, Javier Aramendia eta Peio Bilbaorenak tartean. Larri samar iritsi zarete?

Ez, ez, taldea ondo dagoela uste dut. Pardillak eta Arroyok, esaterako, maila ona eman dute Voltan, eta kilometro dezente pilatuta iritsi dira [Pardilla erori egin zen atzo]. Sailkapen nagusirako lehian, txirrindulari onak dira. Ihesaldietarako edo mailloten borrokarako, berriz, erakutsi dugu fresko iritsi garela. Zorionez, garaiz iritsi ziren lesioak, eta Peiok [Bilbao] eta Ametsek [Txurruka] osatzeko denbora izan dute. Maila ona emango dute, ziur.

Tarteko helmugetako eta mendiko maillota jantzita, argi dago orain zein den zure benetako erronka, ezta?

Hasi aurretik, ihesaldietan sartuta bigarren mailako mailloten borrokan sartzea zen nire helburua, eta lehia horretan jarraitzeko are ilusio handiagoa daukat orain. Iaz tarteko helmugetakoa irabazita, aukeran ea mendikoa irabazteko gai naizen. Hirugarren etapan saiatuko naiz berriz ere.

Bilbo eta Gasteiz atzean utzita, Antigua, Arrate, Aia eta azken erlojupekoa dauzka ibilbideak. Oso gogorra da begiratu batera.

Oso-oso gogorra da, bai. Ezin izan dut aztertu Zumarragan amaituko den etapa, baina oso zaila da amaiera. Ezinbestekoa izango da kokapena, oso igoera estua delako. Tentsio handia izango da Antiguarako bidean. Arratekoa klasikoetako bat da, oso etapa polita, baina, zailtasunari dagokionez, igotzaileentzat erraz samarra da. Indarra daukana aurrean egongo da, ziur. Eta Antigua bezala, oso pikoa da Aiako aldapa. Eskailera moduko igoera da, eta opari ederra dago amaieran. Oso gogorra izango da ostiraleko etapa, eta zer esanik ez azken eguneko erlojupekoa.

Ibaigane, Seguros Bilbao, Orbea, Caja Rural... Oso azkar doa dena. Zertan aldatu da orain urte batzuetako mutiko hura?

Igotzaile peto-petoa nintzela esaten zuten hasieran, baina txirrindulari osoa naizela uste dut gehiago. Aurten amaituko zait kontratua Caja Ruralekin, baina taldean babes handia eman didate hasieratik; garrantzitsu sentitzen naiz, eta konfiantza horri errepidean erantzutea espero dut, itzuliko lehen etapan egiten saiatu naizen moduan.

Nairo Quintanari begira daude denak. Hain faborito argia al da?

Bai, baina taldeari esker, batez ere. Talde harrigarria izango du ondoan. Aurrean ibiliko dira Kwiatkowski, Majka, Van Garderen, Peraud... eta beste hainbat, baina Movistarrek lan handia egingo duela uste dut.

Egin ezazu zure apustua: zein izango da azken podiuma?

Nairo [Quintana], Van Garderen eta Kwiatkowski.

Mendiko maillota eta tarteko helmugetakoa?

Biak jantzita nagoela, bat nik irabaztea espero dut, eta bestea taldekideren batek!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.