Aritz Galarraga.
IRITZIA

Estatu egitura

2017ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Polonia, ezagun dugu honezkero, Kataluniako telebista publikoaren kate nagusiko saio bat da, erdialdeko Europako herrialde bat izateaz gainera, iparraldean Baltikoaren eta bi mendiguneren artean (Sudeteak eta Karpatoak) hedatua (iturria, Wikipedia). Izenetik beretik esan daiteke asmatu dutela: hegoamerikarrak sudaca, arabiarrak moro, poloniar edo polaco dira espainol batzuentzat katalanak. Irainari buelta eman, beraz, eta auto-erreferentzia ironikoa (gehiagotan egin dute: Barçovia jarri zioten kirol satira saio bati; Crackovia, Kataluniako futbol talde bakarra Barça ez zela abisatu zietenean). Gure Polonia-z, ez erdialdeko Europakoaz, esan izan da saio berebizikoa dela, entretenimendua, aldarrikapena, salaketa bikain uztartzen dituela, balio sinbolikoa, katartikoa duela, ezinbestekoa dela herrialdearen osasun mental eta demokratikorako. Azken legegintzaldian behar baino gutxiago sortu dituztelako edo, Polonia Estatu egitura bat dela esan izan du batek baino gehiagok.

Eta izango da, ez dut nik kontrakoa esango. Ez, telebistari dagokionez, eta telebistako umoreari dagokionez bakarra, noski, gaurko egunean TV3ko emankizun zerrendan baitaude Alguna Pregunta Més? saio dagoeneko klasikoa eta Està passant albistegi satirikoa, zeina, saio poloniar guztiak bezala, Minoria absoluta ekoizpen etxearena den (Toni Soler buru, star system soberanistako kide nabarmen, Sergi Pamies idazleak bataiatu bezala). Baina Polonia da dudarik gabe gaur egunean TV3eko umore saio nagusia: jendea biltzeko duen gaitasun, eragin eta sustraitzeagatik. Hondar asteetako gertakarien harira egindako saioek inoizko ikusle daturik onenak eskuratu dituzte, ikusleen gehiengoaren emozio, pentsamendu, sentsazioekin konektatzen dutenaren seinale. TV3, dena den, eta umorearen gainean ari garela, paradisua irudituko zaio askori, euskal telebista publikoak eskaintzen digun basamortuaren aldean.

Bada Poloniaren inguruan, ordea, kirrinka egiten didan zerbait. Zergatik ez dut ikusten? Esan nahi dut, zergatik, ikus nezakeen arren, tarteka ikusten dudan arren, segur aski gustura gainera, zergatik ez dut, APM? saioa asteazkenero ikusten dudan bezala, ostegunero Polonia ikusten? Ez dut uste denik, TV3 osoari egozten dioten moduan, prozesismoa deitu izan den horretara lerratuegia dagoelako. Umorea beti egongo da, alde batera edo bestera, gutxi-asko lerratua; egur banaketa ahalik eta bidezkoenak ere, ez dut uste neutraltasuna bilatu behar duenik. Kontrara, umoreak molestatu egin behar du (Vaya semanita mitifikatuan ere, gogoan dut, batasuniek grazia egiten zuten, baldin eta batasunia ez bazinen). Hor dago koska: nor molestatzen du Poloniak? Ezen, irudipena daukat kontsentsurako tresna ezin hobea bilakatu dela. Horren frogarik garbiena: imitatuak diren politikari guztiek ondo ikusten dute beren imitazioa (uste dut Duran i Lleida izan zela kritikatzera ausartu zen bakarra, eta begira nola bukatu duen). Eta niri gertatzen zait pixka bat Rafael Chirbesek zioena: konturatzen naizenean mundu guztia gauza baten inguruan ados dagoela, hazi egiten zaidala kontra egiteko joera. Polonia, beraz, Estatu egitura, akort, izango da, ez dut nik kontrakoa izango. Besterik da, are tradizio libertario hain ukigarria duen Katalunian, estatuak eta bere egiturek halako beneraziorik merezi ote duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.