Hondarribiko alardea

Pausoak, jazarpenaren gainetik

Istilurik gabe egin du bidea Jaizkibel konpainia parekideak Hondarribian, baina normaltasunik gabe: plastikoarekin agertu diote mespretxua.Emakundek ez du ontzat jo diputazioak taldea ez babestea

Jaizkibel konpainia parekidea, Kale Nagusitik aurrerako bidean. Plastiko beltzik eta herritarren mespretxurik ez zuten izan atzo kale horretatik kanpora. Laurehun partaide baino gehiago ziren. JON URBE / ARP.
Garikoitz Goikoetxea - Oihan Vitoria
Hondarribia
2015eko irailaren 9a
00:00
Entzun
Normaletik gutxi du irudiak. Herriko jaiegunean, Kale Nagusia alderik alde poliziaz beteta. Herriko jaiegun nagusian, herria zatituta. Plastiko beltzak kale bazterrean, gizonak eta emakumeak alardean elkarren ondoan joatearen aurka. Neska gazteak, alarde baztertzailean gizonen pare aritu ezin direnak, desfilatzen ari diren andre-gizonei mespretxuka. XXI. mendean. Atzo bertan. Hondarribian. Aurrera ari da Jaizkibel konpainia parekidea, gero eta babes handiagoarekin, baina jazarpenak ez du atertu. Aterkiak eta oihuak amaitu dira, baina isiltasunezko jazarpena, ez. Aurten. Euskal Herrian.

Kale Nagusiko arkupetik sartuta, berrikuntza batzuk badira iruditerian. Normaltasun traza eman nahi duten pausoak: ertzainak aldez alde daude kalean, baina aurpegia estali gabe aurten, aurreko urteetan ez bezala. Normaltasunik ez da, ordea. Ertzaintzaren zuzendaria, Gervasio Gabirondo, bertan-bertan ari da aztertzen egoera, udaletxeko arkupeetatik.

Itxuraz, baina, lasai dago dena. Jendea, hizketan. Neska gazteak, lurrean eserita, manta eta guzti. Orduak daramatzate. Ez dago tentsiorik. 08:25 arte. Txilibitu hotsak. Udaletxe parean, mugitzen hasi dira dozena bat andre. Helduak. Isilik egoteko agindu dute; plastikoak jaso, eta afixak atera. Segidan-segidan, hala egin dute ilaran daudenek. Kartel asko dituzte: «Ordutegia aldatu!», «Gu ere emakumeak gara. Non daude gure eskubideak?»... Eta azken urteetakoa, batez ere: «Betiko Alardea» leloa duten afixak.

Jaizkibel konpainiako gizon-emakumeak Kale Nagusian sartzear, parez pare udaletxe aurrean: batetik, andrazko helduz osatutako taldea, protesta bideratzen dutenena; bestetik, Jaizkibel babestera joandako ordezkari politikoak. Emakunde eta Arartekoa, erakundeen partetik; alderdi politikoetatik, EH Bildu, Ahal Dugu eta Abotsaniz —alardearen harira sortutako eztabaidaren ondoren Bildutik joandako hautetsien taldea da—. Hutsune bat aurreko urteetatik: Gipuzkoako Diputazioa.

Txilibitu eta danbor ozenez datoz Jaizkibeleko partaideak. Irribarrez. Desfilean, urratsez urrats, beste pauso bat ematera: Kale Nagusia zeharkatuko dute elkarren ondoan, eta Arma Plazara ere igoko dira. Oihurik ez da haien txilibitu eta danbor hotsa estaltzeko. Txalo artean doaz plaza alderantz.

Jazarpen isila

Txisturik eta oihu ozenik ez dago, baina jazarpena, bai. Jazarpen isila. Kazetariei argazkiak ez ateratzeko aginduz eta kameretatik ezkutatuz igaro dituzte urteak alarde parekidearen aurkako zenbait herritarrek. Orain, haiek dituzte argazki makinak eskuan. Agintariak grabatzen dituzte, eta Jaizkibeleko partaideak, eta kazetariak.

Plastiko beltzaren babesarekin egiten dute hori. Aurreko urteetan bezala, Ertzaintzak aurten ere eskatu du ez jartzeko plastiko beltzik Kale Nagusian, Jaizkibelen desfilea ikusi nahi dutenei enbarazu egiten dielako, baina berdin-berdin jarraitu du egoerak. Ez du esku hartu Ertzaintzak zuzenean. Grabazioak egin ditu, edonola ere.

Kale Nagusian gora Jaizkibel, eta Ainhoa Beola EH Bilduko ordezkaria protesta bideratzen ari den taldearengana joan da. «Elkarrizketa behar dela esan diet, baina hori nekez egingo dela tartean plastikoa badago». Denbora egin dute hizketan, konpainia parekidea Arma Plazan den artean. Giroa lasaitu egin da berriro; plastiko beltzak jaitsi dira, eta jendea hizketan ari da. Berriz txilibituak. Eta plastikoak eta kartelak. Isiltasuna. Beola udaletxeko arkupera itzuli da. Ez du erantzun onik jaso.

Kale Nagusitik kanpo, lasai

Irribarretsu igaro dira Jaizkibeleko kideak beherantz ere. Lortu dute Kale Nagusian bidea osatzea. Oihu batzuk izan dira, animozko oihuak. Plastikopean, guztiek ez diote eutsi isilik egoteko aginduari. Ertzainak joaten hasi direnean, Jaizkibelen ostean, builaka hasi dira, udaletxe atariko taldeak ekinda. «Betiko alardea!» oihukatu diete herri ordezkariei. Jaizkibelen atzean zihoazen pertsona batzuk iraindu egin dituzte. Azkar hasi dira trasteak jasotzen.

Bidean jarraitu du Jaizkibelek, Kale Nagusitik kanpo. Alarde ez-parekideko kideen albotik pasatu ondoren, ez da ageri plastikorik eta kartelik. Protesta antolaturik ere ez. Ez dute txalo egiten gehienek, baina bizkarra ez dute eman: desfile parekideari begira daude.

Azken urteetako joera da. Ez da orain urte batzuetako liskar girorik, baina normaltasunik ere ez. «Tristea da oraindik emakumeek desfilatzeko eskubidea dutela defendatzera etorri behar izatea», adierazi du EAEko arartekoaren albokoak, Julia Hernandezek. EH Bilduk «horma beltza» salatu du, kale bazterreko plastikoa gogoan.

Gipuzkoako Aldundiaren kontra ere jo du, ez duelako inor igorri Hondarribira. Diputazioak azaldu du «tentsioa» igoko litzatekeela inor bidalita. Arrazoibide hori ez du ontzat jo Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak (EAJ): «Erakunde gisa, betebeharra dugu. Hondarribian aurretik dago tentsioa. Ez dugu guk sortzen».

Bereziki udalari begira jarri da. Elkarrizketa behar dela ohartarazi du, eta hori bideratzeko eskatu dio. «Esperantza dut legealdi honetan etapa berri bat hasteko». Bide beretik, itxaropen mezua eman du Jaizkibeleko kapitainak, Izaskun Larruskainek: «Pausoak ematea espero dut, aurtengoa konponbidearen urtea izateko».

Oraingoz, baina, udalak ez du jarrera aldatu. Alkate berria dute —aurreko taldekoa—, eta alarde ez-parekideari bakarrik egin dio harrera. «Gehienak» haren alde daudela nabarmendu du Txomin Sagarzazu alkateak, eta «oso zaila» dela aldaketak egitea. Andreak gizonen pare egotea. 400 lagun hala irten ziren atzo Jaizkibelekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.