Azpikontratazioaren negozioa

Prekaritatea etekinen truke

Enpresa publikoek eta pribatuek kostuak merkatzeko erarik eraginkorrenetako bat bihurtu dira azpikontratak. Hori, ordea, beharginen lan baldintzen truke izan ohi da, eta prekaritatea bultzatzen du.

Bizkaiko etxez etxeko langileen lanuztea, iazko abenduan, Santurtzin. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Iosu Alberdi.
2018ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Azpikontratazioak gero eta ugariagoak dira Euskal Herriko enpresetan.LABeko Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko arduradun Xabier Ugartemendiaren esanetan, horiek helburu garbia dute: «lan baldintzak kaskartuz,etekinak handitzea». Bat dator Mari Cruz Elkoro ere, ELAko Zerbitzuak federazioko idazkari nagusia. Haren ustez, ordea, «prekaritate handiagoa dakarren fenomeno berri bat» iritsi da: zerbitzuak kanpora ateratzea.

Ugartemendiak uste du prozesu bat gertatu dela: «Lehenik, enpresen jarduera osagarriak kanporatuz, oinarrizkoak kanpora atera arte». Prozesu horren aitzindaritzat arlo publikoa jo du LABeko kideak. Izan ere, besteak beste, zahar etxeak, garbiketa, jangelak... kanpora atera ditu administrazioak.

Enpresek eta administrazioak zerbitzuetan murrizketak egiteko jo ohi dute azpikontratetara. Askotan, Elkororen esanetan, lan beragatik ia erdia irabazten dute langileek. Soldataz harago, lan ordu eta jardunaldi partzial gehiago dituztela gehitu du Ugartemendiak: «Lan istripu gehienak ere azpikontratetan gertatzen dira».

Zerbitzu edo jarduerak kanpora ateratzeko hainbat era daude: ABLE aldi baterako laneko enpresak, azpikontrata arruntak, outsourcing-ak, zerbitzu enpresak, enplegu zerbitzu bereziak eta azpikontrata kateak. Ugartemendiarentzat, denek modus operandi bera dute: «lan baldintza kaskarragoak, etekinak areagotzeko». Egun, outsourcing enpresek hartu dute indar. Elkororen iritziz, horiek ABLEen oinordeko dira, haiek erregulatu izanaren ondorio. Adibidetzat jarri ditu Adecco eta Manpower, ABLE zerbitzua eskaintzen zutenak, eta egun outsourcing enpresa garrantzitsuenetako bi.

Azpikontraten artean indar hartu dute zerbitzu anitzeko enpresek, hau da, sektore zehatz batean espezializatu gabeek. Esaterako, Santurtziko (Bizkaia) etxez etxeko laguntza zerbitzua OHL garbiketa enpresaren esku dago. Horren atzean hitzarmenetatik ihes egiteko asmoa dago, sindikalisten ustez. Ugartemendiakadibide baten bidez azaldu du: «Metalgintzako enpresa bateko garbitzaileei metalgintzako hitzarmena aplikatzen zaie. Enpresak garbiketa kanporatzean, garbiketako hitzarmena aplikatzen zaie. Zerbitzu anitzeko enpresekin, ordea, estatu mailako hitzarmena aplikatzen zaie, lan erreformen ondorio dena».

«Azpikontratek sortzen duten prekaritateari», ordea, langileentzako beste kalte bat gehitu behar zaiola adierazi du LABeko kideak: zatiketa; «enpresa nagusiko langileak, azpikontratakoak, azpikontrataren azpikontratakoak... interes eta egoera ezberdinak dituzte, eta langile batasuna apurtzen da».

Halere, azpikontratetako langileen borrokek indar hartu dute azkenaldian, eta sindikalismoaren gune garrantzitsuenetako bat bilakatu dira. Anbulantziak, eskoletako jangelak, hezkuntzako garbitzaileak, zahar egoitzak... zerbitzu publikoetan. Gipuzkoako ostalaritzan, CAFen, Guggenheim museoan, Volkswagenen... alor pribatuan. «Eremu zabala da», dio Ugartemendiak, «baina jendea borrokarako prest dago».

Administrazio publikoak kostuaren murrizketa aipatu ohi du zerbitzuak azpikontratatzeren arrazoitzat, baina Elkororen ustez «itzal handia» dago horietako askoren atzean, alderdiei ez zaielako zerbitzuak publiko egitea interesatzen. Ugartemendia bat dator, eta adierazi du kostuak, merkatu beharrean, garestitu egiten direla. LABeko kidearen esanetan, azpikontraten atzean egon ohi diren enpresak alderdien ingurukoak dira: «Zerbitzuak lortzen dituztenak beti berak dira».

Sindikatuek, ordea, zerbitzuok publiko bilakatzea defendatzen dute, «kalitatezko enplegua» itzuliko litzatekeelako, baina prozesu konplexua dela onartzen dute. ELAk egungo langileen subrogazioa defendatzen du, horiek erretiratzearekin batera postu hutsak betez joanez. LABek, berriz, «prozesu misto» bat: «Egungo langileak subrogatzea da onena, eta, urte batzuetara, EPE enplegu publikorako eskaintza bat ateratzea».

Azpikontratetako langilegehienak emakumeak dira, eta,Ugartemendiaren esanetan, horiek oso soldata txikiak dituzte. Elkorok, berriz, politikarien «koherentzia falta» nabarmendu du: «Soldata arrakalaren aurka daudela diote, baina ardura dutenean ez dute ezer egiten». Izan ere, ELAko kidearen ustez, administrazioek sektore feminizatuak prekarizatzen dituzte.

EUSTAT

Eustat Euskal Estatistika Institutuan azpikontratazioak gero eta indar handiagoa du. Otsailean aurkeztu zuen Jaurlaritzak 2018-2022 Estatistika planaren aurreproiekturen legea, eta erakundeak aurreikusitako 228 ikerketetatik gehienez 15 egingo dituzte bertako langileek. Gainontzekoak sektore pribatuko enpresek egingo dituzte.

Horrek guztiak langileen egoera prekarioa mantentzen duela azaldu du LAB sindikatuko delegatu Maria Jose Otxoak. Egun, 90 langile inguru daude Eustaten, horien %90 inguru emakumeak.

Bertako langileek hiru eta sei hilabete arteko kontratuak izaten dituzte. «Batzuetan, urte osoan lotzen dituzu, baina beste batzuetan ez, eta langabezian geratzen zara. Epaitegien arabera, langile mugagabeak gara, baina deipeko kontratu bat dugu. Hau da, nahi dutenean deitzen gaituzte», azaldu du Otxoak. Kontratuak metatzeaz gain, batetik bestera —Gasteizko, Bilboko edo Donostiako bulegoetara— ibili beharra salatu du.

Azpikontratak lehiaketa publikora atera ohi dira, baina ia beti enpresa berek lortzen dituztela adierazi du Otxoak. Gainera, hori garestiago izatea frogatutzat jo dute langileek. Otxoak azaldu du Eustateko zuzendariari azalpenak eskatu zizkiotela han eginiko lan baten inguruan, eta erantzuna hau izan zela: «Eginikoinformazio bilketa baliabide propioekin egin zen —Eustateko langileek—, azpikontratatzeko errekurtso finantzario nahikorik ez zegoelako». Eustateko langileak azaldu du, ordea, ez dela hobea azpikontratetan dagoen jendearen egoera: «Hilean 700 euroko soldatak ordaintzen dizkiete. Prekaritatea prekaritatearen gainean».

Gauzak horrela, lanpostuen zerrendako kide guztiak jardunaldi osoan aritu daitezela eskatzen dute langileek. Horretarako, alderdi politikoekin hitz egiten ari dira. Eusko Legebiltzarreko alderdi denen babesa izan zuten, EAJrena izan ezik. Jaurlaritzak erantzun ez duenez, bigarren elkarrizketa sail bat ere hasi dute. «Lan egin beharrean, badirudi lan egiteko ari garela lanean. Nekagarria da», dio Otxoak.

ETXEZ ETXEKO LAGUNTZA

Hego Euskal Herriko etxez etxeko laguntza zerbitzuetako langileek ere badakite zer den lana kanpora ateratzea, eta, egun dituzten lan baldintzak hobetzeko eskatzeko,kalera atera dira. Bizkaiko kasuan, 1.500 lagun ari dira lanean etxez etxe, ia guztiak emakumeak, eta 10.000 lagun ingururi eskaintzen diote zerbitzua. ELAko kide Maia Beitiaren esanetan, etxez etxeko laguntza ez da adinekoentzako garbiketa zerbitzua bakarrik, baita laguntza psikologikoa eta konpainia ere. Beitiak defendatu du zerbitzuak «unibertsala» izan behar duela, erabiltzaileak etxean geratzea errazten duelako: «Bizi kalitatearekin lotuta dago».

Etxez etxeko laguntza zerbitzua hasieratik publikoa izan da hainbat herritan, baina, pixkanaka, zerbitzua lehiaketara ateratzen joan dira. Batzuetan, zerbitzu horietan espezializatutako enpresen esku geratzen da zerbitzua; beste batzuetan, ez. «Eskaintza merke bat eta gutxi gorabeherako proiektu bat eginda, lehiaketa irabazten duzu», azaldu du Beitiak. ELAko kideak salatu du horrela ez dagoela «lan baldintzak hobetzeko tarterik». Izan ere, Bizkaiko langileen kasuan, soldatak sei urte doaz izoztuta, eta %30eko murrizketak izan dituzte orduetan.

Enpresa pribatuen esku hartzeak bitartekari bat gehiago ezarri du, eta horrek zerbitzuaren «kontrolik eza» dakar, Beitiaren ustez: «Bai jendeari eskaintzen zaion zerbitzuan, bai beharginen lan baldintzetan». Zerbitzuei dagokionez, kalitateak behera egin duela azaldu du, lehen bi ordu irauten zuten zerbitzuak erdiraino ere murriztuz.

Gauzak horrela, berriz ere udalen menpeko zerbitzu izatera itzuli behar dela uste du. Beitiaren esanetan, horrek zerbitzua merkatuko luke, bitartekaritzaz arduratzen diren enpresen etekina aurreztuko litzatekeelako, eta kontrola areagotu.

Borroka horretan dihardute oraindik, eta apirilerako hainbat mobilizaziotara deitu dute. «Ez da baldintza duinen aldeko borroka bakarrik, sektoreak bizirik irauteko borroka da», gehitu du.

FERROVIAL

Enpresa pribatuetan ere ohikoak dira azpikontratak. Kasurik aipagarrienetako bat da Gasteizko Michelin enpresarena. Han, 3.000 langile inguruk egiten dute lan, eta, tartean, hainbat azpikontrata daude. Horietako bat da Ferrovial, 470 langile inguru dituena, hiru hitzarmenetan banatuta: garbiketa, garraioa eta metala.

Metaleko hitzarmenaren barruan dauden langileak mantentze lanez arduratzen dira. LABeko delegatu Enrique Garoñaren esanetan, makinak desmuntatu eta konpontzeaz edo serie aldaketaz arduratzen dira Ferrovialko langileak: «Lan bat amaitzeko laneguna luzatu behar denean,Ferrovial arduratzen da».

Normalean, Ferrovialko beharginen lanak Michelingoek egin nahi ez dituztenak dira, Garoñak adierazi duenez: «Askotan, trebakuntza txikikotzat hartuak, baina lan erritmo oso handikoak». Esaterako, estres termiko handiko lekuetan zituzten lan baldintzak salatu zituzten Michelingo langileek duela hainbat urte, eta, horri aurre egiteko, enpresak azpikontraten alde egin zuela azaldu du LABeko kideak. Alde handiak daude Michelinentzat lan egitearen eta azpikontrata batean lan egitearen artean. Ferrovialko langileek enpresa nagusikoek baino 400-500 euro gutxiago kobratzen dituzte hilean, «plusak kontuan izan gabe». Aldeak, ordea, ez daude soldatan bakarrik. Aurten lortu dute aldaketa nagusietako bat: euren egutegia eta Michelingo langileena berdintzea. Orain arte, 217 lanegun zituzten urtean, baina Michelingo langileek 200 zituzten: «Zortzi urte kostatu zaigu».

Ferrovialgo beharginentzako kolperik latzenetako bat, ordea, 2016an iritsi zen. Michelinen fabrikan bi langile hil ziren denbora gutxian; bat, Ferrovial azpikontratakoa. Segurtasun alorrean, gauzak hobera egin dute; esaterako, lan istripua gertatu zen sekzioan. Gaur egun, delegatu bat hango mugimendu guztiak gainbegiratzeaz arduratzen da. Halere, Garoñak uste du«patetikoa» dela lankide bat hil behar izatea gauzak aldatzeko.

Aldaketak aldaketa, ordutik ere hainbat aldiz jo behar izan dute Lan Ikuskaritzara eta Osalanera, segurtasun faltaz eta lan baldintzez kexu. «Lan tresnak Michelinenak dira, baina, zerbait hobetzeko beharra adieraztean, 'egingo da' esaten digute», azaldu du; «baina urtebete igaro eta arazoak hor jarraitzen du».

Ferrovialgo langileen lana estrukturala da, baina oso zaila ikusten dute Michelin enpresaren parte izatera iristea: «Merke ateratzen gara, bai Michelinentzat, bai Ferrovialentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.