Emazte bat bortxatzea egotzita, hiru gizonezko epaituko dituzte

Grenobleko errugbi taldeko jokalari ohiak dira; biktima, Baionako gazte bat. Hasieran, sei jokalari akusatu zituzten. Bordelen jazo zen erasoa

arantxa iraola
2019ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
2017ko martxoan heldu zen albistea; Baionako emazte bati eraso egin zioten susmopean, Frantziako Poliziak zaintzapean hartu zituen Bordelen sei gizonezko, denak Grenobleko errugbi taldeko jokalariak. Taldeko bortxaketa bat egon zen argitzeko hasi zuten ikerketa poliziek. Orain jakin da horietako hiru epaitu egingo dituztela Bordeleko epaitegi batean, eta, hain justu, taldeko bortxaketa bat egitea egotziko dietela. Denis Coulson, Rory Grice eta Loick Jammes dira hiru gizonezkoak. Aipatu errugbi taldeko jokalari ohiak dira.

Baionako 21 urteko emazte batek ipinitako salaketaren harira jarri zen martxan auzibidea. Bordelen partida bat jokatu zuen Grenobleko errugbi taldeak 2017ko martxoaren 11n, eta biharamunean jarri zuen salaketa andrazkoak: gauean sei jokalarik bortxatu egin zutela salatu zuen. Festa giroan elkar ezagutu ondoren, jokalariak zeuden hotelera joan zen emakumea, Bordele alboko udalerri batera, Merignacera. Salaketan, jakinarazi zuen ohe batean esnatu zela ondoren, hainbat gizon zituela ondoan, eta bera bortxatzen ari zirela. Adierazi zuen uste zuela drogaren bat eman ziotela, ez zelako akordatzen aurreko uneetan jazo zenaz. Bordeleko Fiskaltzak hartu zuen bere gain salaketaren gaineko ikerketa. Auzia ikertu duen Bordeleko instrukzio auzitegiak orain erabaki du aipatu hiru gizonak epaitu behar direla. Egunik ez du ezarri oraindik horretarako.

Defentsaren argudioak

Coulsonek 25 urte ditu, eta Irlandakoa da; Gricek 29, eta Zeelanda Berrikoa da; Jammes frantsesa da, eta 24 urte ditu. Jokalarien defentsa abokatuek argudiatu dute sexu harremanak izatea onartu egin zuela emazteak, eta, beraz, ez zela inolako deliturik egon. «Ez zen ezer handirik izan; onartutako gau bat gazte artean», adierazi zuen auzibidearen hasieran jokalarietako baten abokatuak, Michele Girot-Marcek. Instrukzio epaileak, ordea, epaiketarako aski motibo ikusi ditu.Maiatzean adierazi zuen magistratuak epaituko dituzten hiru gizonek erasoan izan zuten parte hartzea ikertzen jarraitu nahi zuela. Orduan, berriro ere, protesta egin zuten haien abokatuek; auzibidearen gaineko instrukzioa egiteko era kritikatu zuten, eta helegitea jartzeko asmoa ere agertu zuen abokatuetako batek.

Kasuaren berri izan ostean, apartatu egin zituen Grenobleko errugbi taldeak akusatutako jokalariak, behin-behineko neurri gisa. «Egia zein zen argitzeko» laguntza ere agindu zuen. Epaituko dituzten jokalariak beste kirol talde batzuetan dabiltza gaur egun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.