Amaia Agirre Arrastoa.
Euskal Herriko Itzulia. ITZULIKO OROITZAPENAK

Muxufinisha

2017ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Motordun bizikletan dabilenak zer ote du txirrindularitzari buruz esateko? Izerditu gabeko kirola ez omen da kirola, eta ipurdia eserlekutik altxatu gabe Jaizkibel igotzeak ere meritu gutxi agian, baina gehiegi sufritu gabe nahi diren aldapak igo eta paisaiaz gozatzea ez al da ederra? Niretzat bai, behintzat.

Hori esanda, ekar ditzadan Euskal Herriko itzuliari buruz ditudan oroitzapenak lerrootara. Aitor dezadan, bidenabar, ez naizela txirrindularitza jarraitzaile, eta azterketa garaietan soilik izan naizela ordu erditik gora telebistaren bitartez haiei begira egoteko gai. Gure ama zena zen oso zalea, eta bazkalosteetako zita galezin zituen Euskal Herriko Itzulia eta bestelako txapelketak. Nik ihesaldiren baten lekuko izan aurretik egiten nuen ihes. Pelotoia artalde otzan bat iruditzen zitzaidan, denak sarobe bera amets baina zelaia malkar.

Beti iruditu izan zait oso kirol gogorra, eta askotan haserretzen nintzen txirrindulariren batek ihes eginda bereak eta bi eman ondoren helmugarako metro gutxiren faltan Ormaiztegiko txakurrarena egiten ziotenean. Emozioa omen da hori. Hor omen arrakasta eta erakargarritasunak bere sekretua.

Baina noan nire ezjakintasun eta inozentziaz harago. Gogoan dut ikastolako eskaileretan behera Cabestanyk edo Gorospek Ibardinen behera baino abiadura handiagoa hartzen genuela etaparen bat gure herritik edo auzotik igarotzen zenean. Elkarri gurpila jan eta hankak kateatzeko beldurrik gabe abiatzen ginen, pinoi fijoan, txirrindulariek errepide ertzera botatzen zituzten ur potoak hartzera. Helburu hori lortuz gero gustura, irabazlea podiumean baino irribarretsuago, ziurrenik.

Bazen talde bat BH-Amaya, ezta? Hitz elkartua adierazten omen du gidoi marratxoak, baina aspaldi bereizi zirela esango nuke.

Eta KAS izeneko talde bat ere bazen, ezta? Guk «KAS, KAS, KAS herriko alternatiba» kantatzen genuen, pentsa! Bestalde, beste talde batzuen izenak kontuan hartuta, nekez ulertzen genuen zerbeza marka bat edo itsuen erakunde bat nola izan zitezkeen txirrindulari talde bat laguntzen zuen berbera.

Nik txirrindularitza gertutik inoiz jarraitu ez dudan arren, Villabonan beti izan du Irrintzi elkarteak ospea, eta ezaguna izan da urteetan egindako lanaren emaitza. Bertan hasi eta profesionaletara iristeko zoria izan zuen bat genuen bizilagun, eta oraindik ere begien aurrean banu bezala oroitzen ditut haren entrenamenduak garajean zuten rodilloaren gainean. Orduak eta orduak egiten zituen oreka mantentzea ia ezinezkoa iruditzen zitzaidan hodi borobil birakari haien gainean. Nik lortu nuen nire bizikleta zilindro haien gainean jartzea, baina ni gainera igo orduko bizikletak behera egin zuen. Bizikleta puzzle baten modura osatzeko gai zen. Piezaz pieza garbitzen zuen egunero. Pazientzia eta sakrifizio gehiegizkoa iruditzen zitzaizkidan. Miresgarria bezain esker eskasekoa.

Bestalde, ez naiz furgoneta edo autokarabana hartu eta bezperatik bi mila metroan txirrindulariak arnasestuka noiz iritsiko zain inoiz egon. Ez ditut errepideetan txirrindularien izenak eta animo hitzak idatzi. Ez naiz aurtengo itzulian parte hartuko duten lau txirrindulariren izenak baino gehiago esateko gai.

Egiari zor, hori horrela da, baina ikusi ditut sari banaketako momentuak. Eta amorrazioa sentitu izan dut, baita nazka eta pena ere. Muxuak eta loreak eta garaikurrak eta argazkiak eta nahi duzuen guztia irabazleari, ondo merezita, gainera. Baina nork eta nola emanak? Argazki kamera baten argiak erabaki behar al zuen muxuaren iraupena? Nork ematen dizkio emakumezko txirrindulari irabazleari loreak eta garaikurra? Zergatik ez naiz inoiz sofan emakumezko txirrindulariei begira lokartu? Interneten emakumeen inguruko albisteren bat topatu nahi badut, zergatik markatu behar dut ezinbestean generoa? Erantzunak baditut, eta izaerak ematen dit horretarako bidea eta eskubidea, baina karaktereek ez.

Tira, eta hala ere zoriondu egin behar. Badirudi amaitu dela etapa hori. Badirudi lotsagorritzen ez zituzten ezpain gorrien arrastoak historiara igaroko direla. Podiumean ez dakit, baina estereotipo, etika, berdintasun ahalegin, gizatasun eta koherentzian maila bat igo dugula sinetsi nahi dut. Euskal Herriko Itzulira ez dadila gisa horretako ikuskizun negargarririk itzuli, eta Vuelta al Pais Vascok eman diezaiola beste buelta bat lurraldetasunari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.