UDAKO SERIEA. Garraio publikoa (I). Bilbo-Plentzia.

Itzaletik argirako bidea

Bilbo eta Plentzia arteko bidea itzalean hasten da, eta lur azaletik argitan amaitzen da. Gaur hasi eta igandera bitartean BERRIAk garraio publikoan egin daitezkeen bidaia txikien kronikak argitaratuko du.

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo - Plentzia
2016ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Abuztuko astegun normal bat da. Lan eguna oporretan ez daudenentzat. Aurreko eguneko eguzki eta sargoriaren ordez, eguraldi lainotsua dauka Bilboko goizak. Zazpikaleak esnatzen ari dira oraindik, eta turistek lanera doazen herritarrekin egiten dute topo. Taberna eta merkataritza dendak hornitzen dituzten kamioiren bat ere badago, eta ginkana moduko batean bihurtzen dute kalea. Baina arazo handirik ez, oraindik jende gutxi dabilelako. 09:30 dira, eta Unamuno plazak traza gutxi du ohiko pertsonen joan-etorriarekin, baina bertan dabiltzan gehienek helmuga bera dute: metroa. Lanera joateko, nahiz bidaia txikiak egiteko aukera ematen du, Bilbo hiria Bilbo Handiarekin elkartzeko.

Motxilak eta maletak, biek egiten dute bat Zazpikaleetako metro geltokian. Lanera doazenak eta turismoa egitera doazenak. Iritsi da lehen bagoia, baina Santurtzi du hark helmuga. Plentziako norabidea duena iristeko sei minutu falta dira. Hala ere, ia denek hartu dute metroa. Urrundu da bagoia, eta desagertu den tuneletik hautsa azaldu da. Ez da metroak eragindakoa izan, metro batzuk harago egiten ari diren lanen ondorio baizik. Izan ere, Bilboko Metroak egun dituen bi lineak hirura zabalduko dira 2017an, eta horren eraginez sartu da Zazpikaleetako geltokian hautsa. Metro batzuk harago ari baitira egiten hirugarren linea lehenengoarekin elkartzeko lanak. Hautsa joan da, eta berarekin batera iritsi da hurrengo bagoia, Plentziarako doana.

«Nora doa tren hau? Plentziara? Santurtzira joan beharra neukan nik...». Galdu antzera dabil Carmen Ibañez. «Ahizpa gaixorik daukat, eta ez dakit non dudan burua ere! Oporren beharrean nago». Ingurura begiratu, eta berak nahiko lituzkeen opor horietan dauden bi lagun ikus daitezke gutxienez. Maleta handi bat dute soinean, eta San Mamesen jaitsi dira. «San Mames, Renfe aldiriak, Termibus eta tranbiarekin lotunea», esan du ahots batek. Horietako garraiobide baterako bidea hartu dute ziurrenik. Eurei begira geratu da Ibañez: «Horrela egon nahiko nuke nik oraintxe bertan; eskerrak laster oporrak hartu eta senarrarekin Costa Bravara [Herrialde Katalanak] noala. Trenez goaz, nire senarra zorabiatu egiten den arren». Bi aste falta zaizkio oporretarako, baina oraingoz Santurtzira joan behar du. Plentziako noranzkoa daraman metroan doanez, Deustuko geltokian jaitsi da. «San Inazion baino lehen jaitsita nahikoa daukat».

Hutsa dago Deustuko geltokia, eta berdin gertatu da Sarrikokoan ere. Metro barrualdean ere eserlekuen erdiak baino zerbait gehiagotan dago jendea eserita. Eta isiltasuna. Bakoitzak bere ibilbidea amaitu arte denbora pasa ezberdinak bilatu ditu. Sarrikon, esaterako, Arriaga antzokiaren programazioa daraman emakume bat sartu da. Eserlekua aukeratu du, eta ikusi nahiko lukeen emanaldia aukeratzen hasi da. Beste neska bat altzarien katalogo bati begirada bat ematen ari zaio, etxea nola apaindu erabakitzeko. Gidatzeko baimenerako prestatzen ari da beste mutil bat, arkatza eskuan. Horiek dira euskarri fisikoko denbora pasa aukeratu duten bidaiariak. Gainerakoek digitalari heldu baitiote. Sakelako telefonoari begira daude horietako asko. Entzungailuak konektatu dizkio sakelakoari bidaiari batek, eta bertatik musika entzuten ari da. Bolumen altuan, gainera.

«San Inazio, tren honen helmuga Plentzia da», jakinarazi du lehengo ahots berberak. Jende gehiago dago geltoki honetan, Santurtzira ala Plentziara joan bertan erabaki behar baita. Hori da Bilboko azken geltokia, eta hori da Bilbo Handiaren zein aldetara jo nahi den erabakitzeko azken aukera. Aita-semeak sartu dira bagoian, hondartzarako motxila batekin. Plentziara doa bagoi hau, eta kanpoan laino dagoen arren, hondartzara joatea erabaki dute.

Lur azpitik lurgainera salto

San Inaziokoa izan da Bilboko azken geltokia, eta Lutxanakora bidean doala itzaletik argitara egin du salto metroak. Bilboko autobusen kotxetegiaren ondotik igarotzen da trenbidea, eta aurrerago Bilboko kaleak garbitzen dituzten ibilgailuena ere agertu da. Bilboko kanpoaldea da, bai. Argitik bidea egiten duen bitartean, Ezkerraldean jardunean dauden industrialdeak, eta aspalditik utzita daudenak ikus daitezke leihotik. Biak paisaia berdinaren parte. Ezkerraldea eta itsasadarraren eskuin ibarra lotzen dituen Errontegiko zubia ageri da beranduago, eta berriz ere lur azpira sartu da metroa. Erandioko geltokian geratu, eta berriz ere abiatzerako eserleku ia denak beteta daude. Lur azalera atera da berriz, eta bidean industria gehiago. Ezker eta eskuin aldean zikoina itxurako garabiak daude, Naval eta Murueta ontziolak dira.

Inguru industriala da oraindik ere Erandio, eta Astrabuduako geltokira iritsi baino lehen, grafitiz beteta daude ondoko eraikinetako paretak. Dacota haur parkea dio horietako batek. Zaila egiten da bereiztea grafiti edo iragarkia ote den, baina zalantzarik balego, azpian jartzen du euren telefono zenbakia. Bitarte horretan guztian tantaka ari da sartzen jendea bagoi barrura, eta elkarrizketarik baldin badago, horiek erdi ahapeka egindakoak dira. «Lantokiaren ondoan uzten nau metroak. Itzela da autorik hartu gabe lanera joatea; aparkaleku bila denbora galtzen da».

Aurrera egin ahala, ingurua ere aldatzen hasi da. Kutsu industriala zuen herrigunetik bizitoki diren herrietara igaro baita metroa. Leioa, Lamiako, Areeta, Gobela, Neguri. «Kontuz tren eta nasaren arteko tartearekin». Aiboa, Algorta. Tantaka jarraitzen du jendeak bagoi barrura sartzen, baina azken geltoki horretan hamar pertsona inguru jaitsi dira bat-batean. Eta inor ez da igo. Getxoko auzo ezaguna da Algorta, eta ilunpetik egin du metroak bertarako bidea. Berriz ere argitara ateratzeko ostera. Bidezabaletik Berangora bidean doa metroa, eta hogei minutu lehenagoko ikuspegia erabat aldatu da. Baratzak ageri dira leihoaren beste aldean. Baratzak, baserriak eta etxolak. Dena berde, eta dena lasai. Bidean, ordea, Ibarbengoa-Getxo dioen geltoki bat pasatu du metroak bertan gelditu ere egin gabe. «Hori noiz dira zabaltzekoak?», galdetu dio emakume batek bere bikoteari. «Udala eta auzotarren artean eztabaida omen dago, auzokoek diotenez inguru hau urbanizatzen hasteko lehen urratsa litzateke». Metro geltoki bat, hiria ez dagoen lekuan hiria sortzeko.

Berango pasa eta Larrabasterrako geltokian jaitsi da bikotea. Gainerako guztiak Sopelan jaitsi behar izan dute. Behartuta. Metroak bertan amaitzen duelako bidea, trenaren helmuga Plentzia den arren. Tarte hori lurperatzeko lanak egiten ari dira, eta zerbitzu hori lurrazaletik eskaintzen du doako autobus batek. Prozesioan sartu dira denak barrura, baita hondartzara zihoazen aita-semeak ere. «Aita, eseri hemen nirekin!», hasi zaio haurra. «Ez al duzu ikusten ezin dudala? Hondartzarako traste guztiak eraman behar ditut hemen». Zutik egin du bidea. Urduliz igaro, eta Plentzian jaistean eguzkirik ez dagoen hondartza batera joan dira. Gainerakoak herrira, eta batzuk baita turismoa egitera ere. Denetarako aukera ematen baitu metroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.