UDAKO SERIEA Ibilian-ibilian, goxo-goxo. Dastatu nahi? (I). Baratxuria eta Gasteiz.

Baratxuriak, lepoan txirikordatuta

Santiago egunean, baratxuriak eraman ohi dituzte gasteiztarrek bizkarrean. Egun berezia da ibilian-ibilian Olarizuko zoko-mokoak ezagutzeko.

Baratxuriak, lepoan txirikordatuta.
Josean Gil-Garcia.
Gasteiz
2017ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Santiago jaia egun berezia da Gasteizko egutegian. Gorriz markatzen den horietakoa. Nekazariei eta abeltzainei gorazarre egiteko egun aproposa izan ohi da. Berakatzak nonahi eta abelburuen erakusketa ederra izaten da unibertsitateen ondoko eremuan.Hala ere, Santiagoko feriak hainbat gorabehera izan ditu historian. Azoka jendetsua izan zen behiala, Gasteizko hiriak lotura hertsia baitzuen nekazarien eta abeltzainen bizimoduarekin. Baserritarrak eta segalariak kantuan eta dantzan aritzen ziren hirira iristean, blusa eta txapela dotore-dotore jantzirik. Jende andana biltzen zen azokara lanabesak —burdinkiak, sardea, galbaheak, garia jotzeko tresnak…— eta hainbat produktu erostera—meloiak, besteak beste—. Igitai lanerako peoiak kontratatzeko aukera bikaina ere izaten zen Gasteizko azoka. Txerpolariak eta ganadu tratuak ohikoak ziren garai hartan.

Igaro den mendeko 60ko hamarkadarako, haatik, azoka sonatua gain behera joana zen; besteak beste, laborantza munduaren mekanizazioa orokortu izanaren ondorioz. Lanabesek traktoreei bide eman zieten. Hala, 1965ean, berrehun traktore inguru bildu ziren Ganadu plazatik hurbil. Baratxurien azokak ere sekulako bultzada izan zuen urte berean, lehenagotik ezaguna bazen ere: Resbaladero eta San Frantzisko kaleetan 76 postu egokitu zituzten, bata bestearen ondoan. Urtebete geroago, ordea, 100 postu izan ziren. «Baratxuriak, baratxuriak besterik ez. Baratxuriz beteriko pilaketa ederrak», garai hartako prentsan irakur daitekeenez. «Gaueko hamarrak pasatxo zirela, baratxuriak saltzen jarraitzen zuten, ohikoa zela ikusten baratxuri korda bat baino gehiago lepoan zintzilik zeramatzan gizonezko nahiz emakumezkorik».

Merkatua Santiago egunean

Goizean goiz iristen hasi dira baratxuri saltzaileak Gasteizko San Frantziskoko aldapara. Santiago egun eguzkitsua espero da gaur, nahiz eta San Bizenteko dorrea laino izara batek estalita agertu den. Ziurrenik, hamaika bisitari bilduko dira plazara zilarrezko altxor biribilaz gozatzeko. Gasteiztar orok badaki, jakin ere, onak izango direla Lerin, Corella (Nafarroa), Zamora eta Errioxatik (Espainia) ekarritako salgaiak. Espero dute ia ehun berakatz ekoizle bilduko direla, iragarritakoa betez gero. Baratxuriak, beraz, aukera-maukera. Bistan da ohiko bezeroei lehenak izatea gustatzen zaiela. Azokan eskarmentu handia dutenek jakiaren tamainari ere erreparatzen diote, berakatz txikitxoagoak zaporetsuak direlakoan.

Zenbakiak idatzirik daude asfaltoan, eta saltzaile bakoitzak ederki daki non kokatu, baita ekarritako zama nola atondu ere. Postuak egokitzen ari diren bitartean, saldoka datozen bisitariak animatzen hasten dira merkatari grinatsuak. «Batzuek baratxuri buruak baino ez dituzte erosten; beste batzuek, ordea, buruak ederki txirikordatuta nahiago», diote saltzaileek, saltsan ibiltzeari utzi gabe.

Arkupetik Jauregilandara

Berakatzen azokaz bapo gozatuta, aukera paregabea da orain Olarizuko baratzeak eta Santakurutzganeko bazterrak ezagutzeko, besteak beste. Oinetako egokiak jantzita, Olarizuko parkeko bideari hel dakioke, erraz-erraz. Zer ikusi eta gozatua bada eta!

Gasteizko Alde Zaharreko San Frantziskoko aldapan hasten da ibilbidea. Olarizuko tontorra xumea izanagatik ere, tradizio handikoa da, iraileko lehendabiziko astelehenean jendetza biltzen baita haren ingurura, erromeria alaitsuan. Oraingoan, ordea, bizilagun goiztiarrak hara-hona ikusten dira, baina lasaiago dago Gasteiz. Olarizuko baratzeak, aintzira eta, besteak beste, lorategi botanikoa ezagutzeko bidea ematen du ibilbide honek.

Maldan behera, beraz, Posta kalearekin bat egiten da agudo, Agirre lehendakariari eskainitako plazatxora iritsi bezain pronto. Aurelio Rivasek eginiko brontzezko plaka xume batek gogora ekartzen du 1936tik 1960ra bitartean Euskal Herriak ezagutu zuen lehen lehendakaria. 1985eko maiatzaren 5ean desestali zuten Agirreren omenezko plaka hura. Harrezkeroztik, han jarraitzen du Agirrek, bere omenezko kalearen jagole.

Kale banatzean, beraz, ezkerrera hartu eta Foruen plaza eskuinaldetik inguratu behar da. Babesgabetuen tenpluaren eskuinaldetik igaro eta Angulema kaletik segitu behar da. Gasteizko tranbiek bertantxe hartzen dute atseden. Hartara, ez da harritzekoa bidaiari franko ikustea: batzuk bapo-bapo zamatuta, behin erosketak amaituta; beste batzuk, artega, hurrengo tranbia noiz abiatuko zain.

Ingurumena goraipatzen duen Green Capital izeneko plaza alderik alde zeharkatu behar da segidan. Hala, platano arrunten babesean, San Kristobal zubira iritsiko da ibiltaria. Trenbidea gurutzatu ondoren, San Kristobal elizaren ezkerraldetik jarraitu, eta Alberto Schommer kalea gidari izango du. Kale horren izenak gogora ekartzen du argazkilari sonatuak eginiko lan eskerga. «Argazkigintza maitasun ekintza bat da niretzat», esan zuen Schommerrek bere lanbideaz jardutean.

Gaztainondoak gogaide, Hegoaldeko gizarte etxe paretik igaro eta Zumabide etorbidea gurutzatuta, Jauregilanda izeneko kalera irits daiteke. Zaila da imajinatzen inguru horretan hilerri bat egokitu zela XVI. mendean, izurri latzak Gasteizen sorrarazi zituen kalteak gutxitzeko xedez. Adurtza ikastola eta San Ignacio eskola gertu ikus daitezke. Harantz bideratu behar dira pausoak; izan ere, Adurtzabal futbol zelaiaren ertzetik igarota, hegoalderanzko noranzkoari jaramon egin behar zaio han, eta Olarizura doan bideari lotu. Platano erraldoien babesean, Olarizuko urmaela ikusteko parada dago.

Santakurutzgana

Platanoen bidera itzulita, Olarizuko Etxera doan bidea utzi eta, noranzkoa aldatu gabe, baratzeen eremura iristen da. Barruko espazioa bisita daiteke, paseorako primeran prestaturik dago eta. Baratxuriak, kuiatxoak, lekak, babarrunak, patatak, letxugak eta hainbat eta hainbat barazki ikus daitezke, propio prestatutako baratze apaletan. «Ederra da ikustea bizitzak aurrera egiten duela», esan du aitzurra eskuan jo eta su dabilen erretiratu batek. «Baratzea nire semeari egokitu zitzaion orain dela lau urte, eta gustuko dut laguntzera etortzea».

Baratzeetako eremutik irten, eta ezkerrera egin behar da, Aretxabaleta eta Gardelegi lotzen dituen errepidera irteteko. Asfaltoa ukitu gabe, ordea, ezkerretik doan bidezidorrari kasu egin behar zaio. Baratzeak mugatzen dituen hesiaren paretik, beraz, nekazari bide zabal batera irteten da. Olarizuko gaina edo Santakurutzgana bistan daude, eder-eder. Ezkerretik jarraitu behar da, Sasiturri parajean gaindi. Aldapa amaituta, eskuinera jo eta hegoaldera eginez, Olarizuko magala inguratzen da. Behin bizkarrera helduta, iparraldera itzuli eta gurutzera iritsiko da ibiltaria.

Tontorretik sekulako paisaia dago Gasteizko hiriaren gainean. Lautada inguratzen duten mendiguneei begiratzeko parada ere badago, nola ez. Eskuinaldetik jaisten hasi behar da, Mendiolarantz. Behin herrira helduta, ezkerrera egin behar da, kale banatzean eta elizaren ezkerraldetik doan Salceda kaleari jarraituta, Betoñu Haitzeko abelbidearen PR ibilbideko bide seinaleei segika. Herria atzean utzi eta berehala, ezkerrera jo, eta Olarizuko etxerako bideari ekin behar zaio. Olarizuko parkea inguratzea baino ez da faltako ibilbidea amaitzeko.

Bihar: Ibilian-ibilian, goxo-goxo. Dastatu nahi? (II): Ogia eta Galdames.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.