UDAKO SERIEA Ibilian-ibilian, goxo-goxo. Dastatu nahi? (V). Kuia erraldoiak eta Valtierra.

Valtierrako kuia erraldoiak

Tamaina handiko barazkiak ikusteko aukera ezin hobea da Valtierrako azoka, baita Bardeako muino bakartiek osatutako paisaia harrigarriaz gozatzekoa ere.

Valtierrako kuia erraldoiak.
Josean Gil-Garcia.
Valtierra
2017ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Uztailaren 30ean ehun urte beteko ditu Gasteizko erraldoien konpartsak. Erraldoi on miragarria istorio magikoa maisuki harilkatu zuen Roald Dahl idazle galestarrak, eta haren jaiotzaren mendeurrena bete da aurten. Eta, akaso harrigarriena dena, Nafarroako Erriberak barazki erraldoien topagunea hartuko du heldu den irailean. Hiru hitzorduok gogora ekartzeko modukoak dira, hirurek erraldoitasuna miresteko aitzakia ematen dute eta.

Valtierra (Nafarroa) herriari egokitzen zaio itxuraldatzea iraila hasteaz batera. Kalabaza edo kuia erraldoien hiriburu bihurtzen da egun batez, udazkena hasi aurretik. Mirestekoa da Giza Eskubideen plaza barazkiz beteta ikustea. A zer-nolako ikuskizuna! Valtierrako lehiaketa muga guztiak gainditzeko sortua baita, Euskal Herritik ez ezik inguruko autonomia erkidegoetatik ere biltzen dira ehunka kiloko kuiak, atoian herrestatuak. Nekazarion harrotasuna jokoan dago, antza, eta Bardeako plaza xumean atseden hartzeko ohiturari oratu diote zale ugarik. Valtierrako azokak zortzi urte baino ez dituen arren, ezaguna egin da Europan ere. Ez da harritzekoa. Aurten, 489 kiloko kalabaza atzean uzteko deituak dira barazkizainak, errekorra gainditzeko biziki animatuak.

Azoka handia

Lehendabiziko kuiak goizeko bederatzietan hasi dira iristen. Giza Eskubideen plaza hesi batzuek mugaturik dago, etortzekoak direnak ez baitira nolanahiko trofeoak. Auto garabiduna aurrera-atzera dabil fruitu handiak egokitutako txokoan samurtasunez pausatzeko. Pazientzia eta arretaz jarduten dute beharginek, beraz. Garraiatze lanean kuiak kaltetu ez daitezen omen da kontua. Izan ere, nekazariek arau zorrotzak bete behar dituzte lehiaketan parte hartzeko: kuiak lantzaileak berak aurkeztu behar ditu; kaltegabeak eta pitzadura bakoak izan behar dute, eta baskula berean pisatuko dituzte. Hiru kalabaza irabazle aterako dira gaur.

Kalabaza erraldoiak haztea ez da erraza. Nekazari bakoitzak bere sekretuak eta trikimailuak ditu. Langilea eskarmentu handikoa izanez gero, oso fruitu erraldoia eskuratuko du. Horretarako, haziak arretaz hautatu behar dira hasieratik. Gero, ureztatze eta zaintze lanak datoz, bi-biak garrantzitsuak. Zurtoin nagusiari begirik kendu gabe zainduko dute altxor preziatua, Buñueldik (Nafarroa) azokara etorritako zale batek aitortu duenez. «Lur eremua ondo aukeratu behar da, kuiok toki handia behar dutelako. Gero, guztietan onena aukeratu eta bere gisa hazten utzi behar da, nahi besteko tamaina har dezan».

Hamar eta erdiak dira, eta Valtierrako plaza kuiaz beterik dago. Pisua itsatsita daramate eranskailuan. Bistan da batzuk txikixeagoak direla. Baina 60 kilo baino gehiagoko aleak dira, hala ere. «Gurea denbora beteko zaletasuna da, eta gutizia guztiak baratzeko erreginarentzat dira». Eguerdirako, antolatzaileek jakinarazi dute nork irabazi duen lehiaketa: Carlos Callen nekazariak bidaia luzea egin du Cantalobos herritik (Huesca, Espainia), eta poz-pozik dago, behin epaimahaikoen erabakia entzunda. Monegros aldeko barazkizain horrek errekorra gainditzea erdietsi du gaur, 631,6 kiloko kuia erraldoia aurkeztuta. Genetikari eta ardurari egotzi die Callenek saria eskuratu izana. «Apirilean hasi nintzen lehiaketa prestatzen, eta abuztuaren 18ra arte ibili naiz jo eta su zaintze lanetan, bost ordu egunero. Emaitza begien bistan dago, aita amerikarra eta ama hemengoa dituen kuia galant izugarria».

Arguedasko haitzuloak

Behin Valtierrako azokara joanda eta kuia erraldoiez gozatuta, Bardeako Biosferako erreserbara ibilbidea egiteko aukera ezin da galdu. Ibilbidean interes gune ugari daude eta: Arguedasko haitzulo artifizialak, Yugoko Amaren baseliza, behatokiak eta Nafarroako basamortuaren gaineko ikuspegi zabalak, beste askoren artean.

Valtierrako Giza Eskubideen plazan has daiteke ibilbidea. Arguedasera doan errepidean aurrera egin behar da gero. Espaloitik hasi behar da, ibili-ibilian, zuhaixka gazteek ederki babestuta, Arguedas-Valtierrako industria gunera iristeko laster. Orduan, Valtierrako errepidea utzi eta kareharrizko ezpondaren behealdetik jarraitu behar da. Alepo pinuak bidaide, inguruan erreferentzia den kontserba lantegira heltzen da. Errepidearen paraleloan abiatzen den Haitzaren Bideari jarraitu behar da han, eta Arguedasko barrutian sartu. Senda Viva parkera doan errepidera iristean, asfaltoa gurutzatu eta ibilbide egokituari eutsi behar zaio.

Manguita haitzuloa igotzeko bidea ikusten da laster. Kontatzen denez, goitizen hori zuen lagun batek hartu zuen ostatu harpe horretan, eta ordudanik izen hori gogoan iltzatuta geratu da. Aukera interesgarria da, beraz, haitzulo sonatua ikusteko. Ezpondaren eta Arguedasko etxe multzoaren artean jarraitu behar da, noranzkoa aldatu gabe. Sopeña kalearekin bat egin behar da parke batera heldutakoan. Sancho Ramirez kaleari segika, herriko plazara iristen da. Kale artean ibiliko da bisitaria gero, Yugoko baselizarako bideari muzin eginda. Ezponda bertikalari begia kendu gabe, hortaz, ibili-ibilian jarraitu behar da Arguedasko harpe zuloetaraino. Haitzulo horietako batzuk irekita daudenez, bisitak interes handia dauka. Nonbait, XIX. mende bukaeran arguedastarrek eraiki zituzten babesok, eta bertatik bertara ezagutzeko aukera aprobetxa daiteke. Bioklimatikoak direla diote batzuek, haitzulootan hozberoak ez baitu aldaketarik izaten. Bardon ibilbidea hartu behar da harpe multzoaren aurrean, eta ibilbideari ekin berriz ere.

San Esteban kooperatibara iritsita, ezkerrera jo behar da, Yugoko santutegira doan bideari heltzeko. Gora egiten duen bide zabala hartu behar da, kooperatibaren ondoko bidebanatzean. Bisitaria bizkor ohartuko da pinudiak gero eta toki gehiago hartuko duela, gora egin ahala. Sakanarekin bat egiteko gutxi falta dela, bidea itxi egingo dela ematen du. Edonola ere, aurrera jarraitu behar da pitin bat, eta sakana zeharkatu behar da. Betiere bidezidor xumeak lagunduta, aurrera segitu eta, berehala, ezkerrera okertu behar da. Sakanean gora egin behar da. Bidea estutuz joango da aurrera egin ahala. Bidexka erabat ixten denean, gora egin behar da pitin bat, eta behera jo behar da segituan, Senda Viva parkea mugatzen duen hesiarekin bat egiteko asmoz. Hesiaren ondotik ibili eta sakonunetik irtetean, Cuerno etxaldera iritsiko da ibiltaria. Ezkerretik jarraitu behar da han, parkeko hesitik aldendu gabe. Legar hobiz jantzitako bideak gora jotzen lagunduko du, baita Yugoko lepora iristen ere. Hesiaren paraleloan jarraituz, Yugoko Andre Mariaren baselizara heltzen da, Erriberako bizilagunen prozesio eta bisita gune sonatura. Tenpluaren aurreko zabalgunean behatoki aparta dago, Bardeako natura parkeaz gozatzeko.

Yugotik Valtierrara

Mendilerroari jarraitu behar zaio Yugokoan, eta mendebalderantz abiatu behar da. Valtierrara jaisteko bidea hartuta ere, hegiz hegi ibiliko da bisitaria hasieran. Laster batean, antena baten ondotik igaroko da; haizea neurtzeko beste antena baten eretzetik, aurrerago. Hirugarren antenara heldu baino lehen, bizkarreko bidea utzi, ezkerrera jo eta galsoroen artean ibili behar da, mendiko bizikletentzako ibilbideari dagokion zutoinak agintzen duen moduan. Eskuinaldean Bornaz etxalde bakartia ikusten da. Soak, ordea, ihes egin du aurrerago altxatzen diren eguzki xafletara. Harantz bideratu dira pausoak, goratasuna poliki-poliki galtzen. Tres Caminos-era helduta, beste bide batzuk ondora batuko zaizkio bisitariari. Hegoaldera egin behar da han, eta pinudiak hartutako sakanean behera ematen du bideak berehalakoan. Azkenik, ur biltegi baten ondotik igaro ostean, bideak eskuinera egin eta Torraza kaleari men eginez, herriko plaza nagusira iristen da.

Bihar: Ibilian-ibilian, goxo-goxo. Dastatu nahi? (eta VI): Txokolatea eta Baiona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.