Pedro Liria. Ozeanografoa

«Babes gutxiago izango dugu, batez ere itsas mailaren igoeragatik»

Denboraleek Euskal Herriko eta Kataluniako kostaldeetan eragiten duten inpaktua iragartzeko eta aztertzeko tresna hobeak edukitzea du helburu Marlit egitasmoak. Azti ikerketa taldeko kide Pedro Liria du arduradun.

Igor Susaeta.
2020ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Marlit proiektuak asmo bat du: Euskal Herriko eta Kataluniako kostaldeetan denboraleak aurreikusteko mekanismoak fintzea. 2022ra arte iraungo du, Azti ikerketa zentroak gidatuko du, eta horretan parte hartuko dute Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, Kataluniako Institutu Kartografiko eta Geologikoak, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoak, SUEZ Eau France enpresak Bidarten (Lapurdi) duen zentroak, eta Paueko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitateak. Aztiko kide Pedro Liria ozeanografoa (Gasteiz, 1973) da proiektuaren arduraduna. Beste egitasmo batzuetan ere elkarrekin lan egin izan dute zentro horiek, eta Liriak esan du dinamika hori mantendu nahiko lukeela, «lankidetza hori oso ona baita».

Zein da Marlit-en helburua?

Proiektuaren helburu nagusia da tresna hobeak edukitzea, denboraleek kostaldean eragiten duten inpaktua iragartzeko eta aztertzeko.

Zeintzuk dira tresna horiek?

Aurreikuspenak egiteko orduan, adibidez, simulazio eredu hobeak; zeinak inpaktua iragartzeko orduan gai izango baitiren prozesu klabeak simulatzeko. Zeren, kontua ez da soilik olatuaren altuera, edo marearen maila, edo bien jardueraren ekintza konbinatua iragartzea, baizik eta toki jakin batean edukiko duen inpaktua aurreikusi ahal izatea: bai kalte ekonomikoa, ingurumenari egindakoa, baliabideen galerari...

Modu horretan, aurrerapauso handi bat egingo litzateke?

Kontua da tresnarik onenak erabiltzea prozesu hidrodinamikoak iragartzeko, eta inpaktu horiek eremuka eragingo dituzten kalteak aurreikusteko. Proiektuak badu, gainera, oso inportantea den beste alderdi bat, eta hori da hainbat arintze neurriren bideragarritasuna edo arrakasta aztertzen hastea. Ikertu beharko zen zer ari diren egiten beste toki batzuetan, eta ikusi zein neurri izan daitezkeen egokiak eta eraginkorrak gure kostaldean.

Egun aurreikuspenak egiteko Euskal Herriko kostaldean erabiltzen diren tresnak ez dira nahikoa? Ez dira eraginkorrak?

Eredu batzuk oso garatuta daude, eta oso ondo iragar dezakete olatu batek kostaldetik kanpo duen altuera; gainera, tresnaren bereizmenaren arabera, olatu hori kostalderaino eraman dezake. Oraingoz, ikuspegia da hidrodinamika aurreikustea.

Prebentzio neurriek bere horretan ezin dute denborale bat eragotzi, baina zein neurritan arindu ditzakete gisa horretako desastre batek eragin ditzakeen kalteak?

Prebentzio neurriak onak baldin badira, eta hartutako erabakiak egokiak, inpaktua neurri handi batean murriztu daiteke. Esaterako, kostaldeko elementu baliotsuak kenduz, edo, are, horietan eragiten duten indarrak murrizteko gauza izango diren hainbat neurri hartuz.

Egin al duzue saioren bat jakiteko prebentzioak zein portzentajetan arinduko zituzkeen kalteak?

Egin izan dira azterketa batzuk azken alerta sistemak martxan jartzearekin, esaterako. Baina ez, ez da zuk galderan planteatutako moduko saiorik egin. Kuantifikaziorik ez da egin, batez ere ez dagoelako, nolabait esatearren, kalteen datu base homogeneo bat. Hain zuzen, proiektuaren beste zeregin garrantzitsuetako bat da datu hartzeen protokoloak definitzen hastea, modu horretan denboraleen inpaktuen datu iturri homogeneoak edukitzeko.

Klima larrialdiaren ondorioz, euskal kostaldeak zein neurritan du denboraleak pairatzeko arrisku handiagoa?

Babes txikiagoa izango dugu, batez ere itsas mailaren igoera dela eta. Marlitek aztertzen ditu arintze neurriak, aldaketa klimatikoagatik aurreikusten diren agertokietarako. Esango nuke 2014ko negua inflexio puntu bat izan zela. Denborale oso indartsuen ezohiko segida bat eman zen, eta uste dut denon mentalitatean aldaketa bat gertatu zela.

Zeuen helburuek kostalderako beste eragile batzuek eduki ditzaketen interesekin talka egin dezakete? Hirigintzakoekin, esaterako.

Ezetz esango nuke, zeren, egiazki, hau analisirako lehen pauso bat da. Bai, gero, plangintzetara eramaten hasi beharko lirakete analisiaren ondorioak, eta, orduan, zuzenean talka egingo lukete molde horretako interesekin. Ondorioetan ikusi ahal izango dira lan lerro argi batzuk, plangintza eta arautegietara eraman beharrekoak.

2022ra bitarteko epea duzue egitasmoa garatzeko. Ausartuko zinateke ondorio argiren bat aurreratzera?

Ondorio argi bat izango da gure kostaldeek babes gutxi dutela denboraleen ekintzen aurrean, eta, beraz, inpaktua geroz eta handiagoa izango dela. Hori gauza jakina da, baina nahi dena da ondorio horien detaile gehiago eduki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.