Eneritz Madariaga. EP-IUko Bizkaiko ahaldungai nagusia

«Agintaldi osoan, PSE EAJren txotxongiloa izan da Bizkaian»

Itunak «programa eta proposamen jakinen gainean» egitearen aldekoa da Elkarrekin Podemos-IUko hautagaia; hauteskundeei begira baikor da, «ezkerra zerrenda bakar batean batzea» lortu dutelako.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2023ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Eskarmentu luzea du Eneritz Madariagak (Bilbo, 1978) gizarte zerbitzuetan, adingabeekin lan egiten bereziki, eta gizarte gaietarako jaidura hori nabaritzen zaio politikaz hitz egiten duenean ere. 2017an Bizkaiko Batzar Nagusietako kide izendatu zuten, eta geroztik han dihardu. Bera da Elkarrekin Podemos-IU koalizioaren hautagaia Bizkaiko ahaldun nagusi izateko. Gaztelaniaz erantzun ditu BERRIAren galderak.

Nola hartzen duzue hauteskunde kanpaina hau?

Ilusioz gaude, lortu dugulako zerrenda bakarra egitea koalizioa osatzen duten lau alderdien artean: Ahal Dugu, IU-Ezker Anitza, Equo-Berdeak eta Alianza Verde. Jendea ematen ari zaigun erantzuna ere oso positiboa da.

Inkestek iragartzen dute hautetsiak galduko dituzuela. Horri buelta emateko modua ikusten duzue?

Inkestei erreparatu izan bagenie, duela urte batzuk ez ginatekeen lehen indarra izango Euskadin, eta orain ez ginatekeen [Espainiako] gobernuan egongo. Nik uste dut inkestei buelta eman ahal zaiela, eta kalean nabaritzen ari garena oso ona da.

Zein da Bizkaiko egoeraz egiten duzuen diagnostikoa?

Nire ustez, herritarren kezka nagusiak dira etxebizitza lortzeko ezintasuna, zerbitzu publikoen prekarizazioa, bereziki osasungintzan eta zaintzen arloan, eta enplegua. Egia da Bizkaian langabezia tasa %10etik beherakoa dela, baina eskualde batzuetan askoz handiagoa da, eta herri batzuetan, adibidez Karrantzan, Santurtzin, Sestaon eta abarretan, %14tik gorakoa da.

Beharbada ez da herritarren ohiko kezken artean egongo, baina horiei guztiei klima larrialdiaren auzia gehituko nieke.

Eta arazo horiei nola erantzun die EAJk eta PSE-EEk osatutako foru gobernuak?

Gobernu hermetikoa izan dugu, guztiz itxia, oposizioaren proposamenei ez ezik, herritarren eskakizunei ere. Kudeaketa EAJrena izan da, erabat neoliberala, eta PSEk hori ontzat eman du. PSE EAJren txotxongiloa izan da agintaldi osoan. Adibidez, zerga politika enpresa handien, inbertitzaileen eta putre funtsen mesedetan egin da, zerbitzuak pribatizatu dira, eta PSEk dena babestu du.

Gobernua sustatzen duten indarrek gehiengo osoa izateak mugatu al du oposizioaren jarduera?

Gobernuak ez ditu oposizioaren proposamenak aintzat hartu, baina, hala ere, uste dut nabaritu dela gu han egon izana. Behintzat, EAJ bere diskurtsoa egokitzera behartu dugu. Indar handiagoa izan bagenu, gauza gehiago egingo genukeen, baina ni oso harro nago gizarte politiketan lortu ditugun aldaketez. Besteak beste, etxeetan zaintzan aritzen diren emakumeen atsedenaldia hamabost egunetik hilabetekoa izatera pasatzea lortu dugu. Gainera, kontrol lana ere egin dugu: ez dira ausartu gauza batzuk egitera gu han egon garelako.

Zuen ustez, beharrezkoa al da Etxebizitza Lege berria aplikatzea Bizkaiko lurraldean?

Bai, aterki juridiko bikaina delako Jaurlaritzak euskal legea berme gehiagorekin aplika dezan. Jaurlaritzak lege hori geldirik izan du 2015etik, eta EAJk erantzukizun ikaragarria du herritarrek etxebizitza lortzeko duten ezintasunean. Ez da onargarria 60.000 lagun inguruk etxebizitza soziala alokatzeko eskatzea, eta eskaintza 26.000koa baino ez izatea. Guk uste dugu etxebizitza oinarrizko beharrizana dela, eta EAJk, aldiz, espekulatzeko moduko merkatuko ondaretzat jotzen du: hor dago aldea.

Zein da zuen jarrera zahar etxeetako langileek zabalik duten gatazkaren inguruan?

Legegintzaldi osoan langileen aldamenean egon gara, eta familien plataformen ondoan ere. Haien eskakizunak gureak dira: ratioak handitu behar dira, pribatizazioei buelta eman behar zaie, ezinezkoa baita zaintzen inguruko politikak multinazionalek erabakitzea, eta langileen baldintzak hobetu behar dira. Zerbitzu publikoez ari bagara, erantzukizuna publikoa da, erakundeena; kasu honetan, [Sergio Murillo] Gizarte Ekintzako diputatuarena eta [Unai Rementeria] ahaldun nagusiarena.

Espainian Sumar eta Podemosen artean agertu diren desadostasunek eragin dezakete zuen hautesleen desmobilizazioan?

Sumar ez da Euskadiko udal eta foru hauteskundeetara aurkezten, Espainiako Gorteetarako bozei begirako proiektua delako. Guk hemen lortu dugu ezkerra baturik joatea zerrenda bakar batean. Hori mugarri garrantzitsua da, eta uste dut ilusioa sortzen duela, eta erakundeetan politika progresista ausartak egitea ahalbidetuko digula.

Azken egunotan jakin dugu berriro ere atzera bota dutela lanpostu publiko baten euskara eskakizuna, oraingoan Erandion, lehen Barakaldon gertatu bezala. Zer iritzi duzue?

Ez naiz hasiko epaiak aztertzen, baina uste dut hizkuntzaren auzia gehiegi politizatzen ari dela, eta sena erabili behar dela. Hizkuntza eskakizunak lanpostuetara egokitu beharko lirateke: ez da gauza bera testuak idazten dituen langile baten egoera eta jende aurrean aritzen den batena.

Beste hauteskunde batzuetan, ezkerreko indarren arteko itunaren alde agertu zarete. Aukera hori bideragarri ikusten duzue orain?

Nik uste dut hori gertatzeko baldintzak hobeak direla duela urte batzuk baino, eta egoera horretara hurbiltzen ari garela, baina hurrengo hauteskundeez eta horien osteko itunez ari bagara, ni itunak programen eta proposamen jakinen gainean egitearen aldekoa naiz.

Durangon, Galdakaon eta beste zenbait lekutan EH Bildurekin eta tokian tokiko taldeekin gobernatzearen esperientziaz zer iritzi duzue?

Ni ez naiz horretan egon, baina nire kideek egiten duten balorazioa oso positiboa da. Oso gauza interesgarriak egin dira, eta, batez ere, herritarren parte hartzerako mekanismoak jarri dira, eta beste gobernantza eredu bat abiarazi da. Herritarren interesak jarri dira beste interes batzuen gainetik, eta horrek gauzak egiteko beste modu bat erakutsi du.

Usansolo Bizkaiko 113. udalerria izango da?

Ahaleginak eta bi egin ditugu hori hala izan dadin. Besoz beso egin dugu lan Usansolo Herria plataformarekin, eta oraindik ere horretan ari gara, Kongresuan prozesu horretarako berme gehiago lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.