Udal eta foru hauteskundeak. Elkarrizketa. Elixabete Etxanobe. EAJren Bizkaiko ahaldungai nagusia

«Alor sozialarekin dugun konpromisoa ezin da zalantzan jarri»

Hautagai jeltzalearen iritziz, amaitzear dagoen agintaldia «ezohikoa» izan da, baina pozik dago koalizio gobernuak emandako fruituekin; Urdaibaiko Guggenheim museoa «proiektu estrategikotzat» jo du.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2023ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Bizkaiko Foru Aldundiaren historian, ahaldun nagusi izendatzen duten lehen emakumea izatea du helburu Elixabete Etxanobek (Otxandio, Bizkaia, 1978).2021etik Bizkaiko Administrazio Publiko eta Erakunde Harremanetarako foru diputatua da, eta orain EAJren hautagaia da Unai Rementeriak utziko duen ardura hartzeko.

Lehenengo aldiz aurkeztuko zara ahaldun nagusi izateko. Zelan hartzen duzu zeregin berri hau?

Erronka galanta da, eta ilusioz beteta hartzen dut. Bizkaiko Foru Aldundiaren moduko erakunde batean lidergoa hartzea eta Bizkaia bezalako herrialde baten ordezkari izatea harro egoteko modukoa da, baina ardura eta erantzukizuna ere sortzen dit.

Jakin zenuenean Bizkai Buru Batzarrak zu proposatu behar zintuela horretarako, zer pasatu zitzaizun burutik?

Batez ere, ilusioa eta ardura. Nik uste dut horretarako zerbitzu publikorako bokazioa eduki behar duzula, eta politika ulertu besteen bizitzak hobetzeko tresna modura.

Beharbada, herritarrek ez zaituzte beste hautagai batzuk bezainbeste ezagutzen. Hori arazo al da?

Ni ezaguna izatea baino gehiago, nik dudan ezagutza eta egin dezakedan ekarpena da eskaini ahal dudana. Uste dut Bizkaia ondo ezagutzen dudala: azken bi urteotan Administrazio Publiko eta Erakunde Harremanetarako foru diputatua izan naiz, eta horrek eman dit aukera Bizkaiko errealitate guztiak sakon ezagutzeko, gure helburu nagusietako bat izan delako gauzak aurrera ateratzea udalerriekin elkarlanean, eta lehenago eduki ditudan lanek ere Bizkaiaz haragoko ikuspegi bat eman didate.

Zelakoa izan da amaitzear dagoen legegintzaldia?

Argi dago ezohikoa izan dela. Orain arte inoiz ez dugu horrelako pandemiarik kudeatu behar izan, eta oraindik denok ari gara igartzen Ukrainako inbasioaren ondorioak. Administrazio publikook berez aurrera atera behar ditugun kontuez aparte, horrek itzelezko eragina izan du. Uste dut gizartea gai izan dela erantzuna emateko eta aurrera egiteko. Gu saiatu gara programan genituen proiektuak aurrera ateratzen, baina beti egoera horrek baldintzatuta.

EAJren eta PSE-EEren arteko gobernu koalizioak zelan funtzionatu du?

Uste dut ondo moldatu garela. Nork bere ikuspegitik argi esan behar du zer egin nahi duen, eta marra batzuk finkatuta, elkarrekin lan egitea baino ez da. Gizarteak hori eskatzen digu, eta alderdiok gai izan behar dugu norbere ideologia estutik irten eta elkarrekin jarduteko.

PSE-EEk foru gobernuaren alde soziala izan dela aldarrikatu gura du. Hala izan da?

Guk beti esan dugu zein den EAJren konpromisoa alor sozialarekin: pertsona da gure politiken ardatza. Aldundiaren konpromisoa gizarte politikekin argia da, baliabideen ia %50 horretara bideratzen direlako. Beharbada, konpromiso partekatua da, baina geurea ez dago zalantzan jartzerik.

Laster zerga erreformari ekingo diozuela iragarri duzue EAJk eta PSE-EEk. Zure iritziz, erreforma horrek nondik jo beharko luke?

Konpromiso bat dago, eta erreforma egin egingo dugu, baina beti esan dugu lehenago egoera sakon aztertu behar dela, ikusi nondik abiatzen garen eta abar. Bidezko zerga sistema bat dugu, ahalbidetu diguna erakunde guztioi nork bere egitasmoak aurrera ateratzeko baliabideak izatea, eta enpresek jarraitu dute lana sortzen eta aurrera egiten. Hori da abiapuntua. Fiskalitatea gauza serioa da, oso ondo zehaztu behar dugu nora joan nahi dugun, eta horretarako azterketa sakona egin behar da. Horretan ari gara orain.

Inkestek oso emaitza onak iragartzen dizkizuete. Horrek ez al du hautesleen desmobilizazioa eragiteko arriskurik?

Nik uste dut oso argi eduki behar dugula zer dagoen jokoan hauteskundeetan. Udalak eta foru aldundiak herritarrengandik hurbilen dauden gobernuak dira, eta ematen dituzten zerbitzuek sekulako eragina dute herritarrengan: garraioak, pertsona nagusien zaintza, kulturaren sustapena, errepideak eta gure eguneroko bizitzan eragina duten beste hamaika kontu. Beraz, parte hartzearen garrantzia nabarmenduko nuke. Inkestak gorabehera, jendeari parte hartzeko esango nioke.

PSE al da zuen lehentasunezko aukera bozen osteko itunetarako?

Lehenengo, hauteskundeak egin egin behar dira, eta emaitzak ikusi. Biren akordioa biren borondatearen baitan dago beti. Oraindik arin da horretaz berba egiteko.

Bizkaiko zahar etxeetako langileak aspalditik daude protestan, eta zaintzarekin zerikusia duten beste sektore batzuetan ere gatazka dago. Aldundiak esku hartzerik al du horretan?

Langileen eta enpresen arteko lan gatazka da, eta gu horretan ez gara sartzen. Guk bermatu egiten dugu guk ditugun kontratuetan hitzarmena betetzen dela eta, batez ere, gure pertsona nagusiak ondo zainduta daudela. Eta horretarako, gure lerroa da kontrola, kontrola eta kontrola. Gainerakoan, guk bi aldeei eskatzen diegu ahalegina egin dezatela akordio bat egiteko, eta akordio hori, zelan ez, errespetatu egingo dugu.

Zer iruditzen zaizkizu hizkuntz eskakizunak zalantzan jartzen dituzten epaiak?

Gaia teknikoki konplexua da, baina guk, gobernu moduan, bermatu behar ditugu herritarren eskubideak, administrazioarekin erdaraz egin gura dutenenak zein euskaraz egin gura dutenenak, eta horretarako tresnak jarri.

Zure ustez, Urdaibain Guggenheim museo bat eraikitzeko egitasmoa gauzatuko da?

Guretzat proiektu estrategikoa da, eta baliabide guztiak jarriko ditugu errealitate izan dadin. Proiektu ona da Urdaibairentzat, aukerak sortuko ditu ingurumena zainduz eta babestuz, eta nik horren alde egingo dut.

Historian, Bizkaiko ahaldun nagusi guztiak gizonezkoak izan dira. Zu ahaldun nagusi bilakatzen den lehen emakumea izateak aldaketa ekarriko luke?

Nik nahiko nuke herritarrek nabaritzea gizartearen beharrizanen aurrean sentibera den pertsona bat dela instituzioaren buru, eta gizartea osatzen duten pertsona guztien errealitateei erantzuteko kapaz garela, ni emakume edo gizon izatetik harago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.