Martxel Iztueta. Baikoko pilotaria

«Hilabete egon behar izan nuen isilik, lagunei ezer esan ezinik»

Iztuetak gaur jokatuko du lehen aldiz profesionaletan, jaioterrian: Tolosan. Ez zuen espero «horren azkar» debutatzea, 18 urte besterik ez baitu. Baina, dioenez, datorrenean «heldu» behar zaio aukerari.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Julen Etxeberria.
Tolosa
2022ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Martxel Iztuetak (Tolosa, Gipuzkoa, 2004) etxekoa du Beotibar frontoia. Tolosakoa izanik, askotan jokatu du han. Baina inoiz ez gaurkoa bezalako partida berezirik: estreinakoa du profesionaletan, Baikorekin. Unai Lasorekin ariko da, Jon Ander Peña herrikidearen eta Aitor Arangurenen aurka (21:00, ETB1).

Gaur jokatuko duzu lehen aldiz profesionaletan. Zer moduz?

Oraingoz, oso lasai nago. Baina pentsatzen dut urdurituko naizela: partida handia jarri didate.

Baikok duela hilabete jakinarazi zuen profesionaletan estreinakoa egingo zenuela. Denbora izan duzu barneratzeko?

Mesede egin dit. Nik, gainera, lehenagotik nekien.

Espero zenuen?

Ez. Urtebete neraman Baikoko teknikariekin entrenatzen, eta gero eta hobeto ari nintzen. Baina ez nuen espero horren azkar debutatuko nuenik. Hala ere, aukera eman didate, eta heldu egin behar diot. Oso pozik nago.

Noiz eta nola jakin zenuen?

Antiguako [Donostia] torneoko finalerdiak galdu eta hurrengo egunean jakin nuen. Aita Garairekin bildu zen [Baikoko zuzendari nagusia], eta hark esan zion.

Segituan deituko zizun, ezta?

Bai, eta sekulako poza hartu nuen. Gainera, triste nengoen, Antiguako torneoan galdu berri nuelako. Baina berehala ahaztu nuen hori. Aita ez beste, etxean ginen denok, eta izugarri poztu ginen.

Segituan kontatu zenien lagunei?

Ez. Enpresak esan zidan sinatu arte isilik egoteko. Hilabete egon behar izan nuen isilik, lagunei ezer esan ezinik.

Oso gaztea zara: 18 urte bakarrik dituzu.

Bai, eta enpresakoek argi esan didate presiorik gabe aritzeko bi urte hauetan [bi urterako sinatu du kontratua]; ikasteko aprobetxatzeko. Gaztea naiz, baina aurretik egin dute debuta zenbait gaztek ere. Aukera datorrenean, heldu egin behar zaio. Batzuk ondo moldatu dira; beste batzuk, ordea, ordaindu egin dute. Nik espero dut pixkanaka ikasiz joatea.

Aimar Olaizola Baikoko kirol zuzendariaren arabera, «afizionatuetako atzelaririk onena» zara. Zer pentsatzen duzu hori entzuten duzunean? Presioa da?

Presioa ez; nik ez dut neure burua hala ikusten. Aimarrek hori uste badu, bada, oso ondo; ni, pozik.

Zuk nola ikusten duzu zeure burua? Nolako pilotaria zara?

Txukun moldatzen naiz bi eskuekin, eta gustatzen zait tarteka pilota luzatzea. Gutxi galtzen dut.

Zertan moldatzen zara ondoen?

Sake errestoan. Baina, agian, hori esan, eta debutean hamar botako ditut [barrez].

Zertan hobetu dezakezu gehien?

Indar eta sasoi pixka bat falta zait atzean aritzeko.

Mikel Olaetxea zure klubeko [Aurrera] entrenatzailearen arabera, «oso langilea» zara.

Ez dut etsitzen partidetan; lanean jarraitzen dut beti.

«Burutsua» zarela ere esan du.

Kantxan, pilotan dut arreta osoa; ez diot erreparatzen kanpokoari.

Urtebete daramazu Baikoko teknikariekin entrenatzen. Norekin aritu zara?

Gehienbat, Aimarrekin eta Unai Apeztegiarekin.

Zer esaten dizute?

Patxada handiagoarekin joateko pilotaren bila. Horretan ari gara. Azkenaldian, profesionalekin entrenatu naiz.

Sumatzen da aldea?

Asko, batez ere pilotaren abiaduran: askoz azkarrago dator, eta, atzean, karga handia hartzen du.

Afizionatuen aldean, profesionaletan oso bestelakoa da giroa: ikusle gehiago, artekariak... Kezkatzen zaitu horrek?

Lasai nago, baina pentsatzen dut hasieran arrotza egingo zaidala egoera: lehen, harmailan egoten nintzen, eta, orain, kantxan egongo naiz.

Pilota profesionala eta ikasketak uztartu beharko dituzu gaurtik aurrera. Prest zaude?

Bai. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradua ikasten ari naiz, Euskal Herriko Unibertsitatean, Donostian. Ahal dudan arte saiatuko naiz pilota eta ikasketak uztartzen.

Familia pilotazalea duzu?

Aita oso pilotazalea da, baita aitona ere. Baina gehienak orain hasi dira zaletzen, nirekin.

Eta zu, nola hasi zinen pilotan?

Oso gazte hasi nintzen, herrian, Aurreran. Anaia zaharrena pilotan ibiltzen zen, eta hura ikusiz zaletu nintzen. Hark azkar utzi zuen, baina nik segitu egin nuen.

Pilotari kutunik izan al duzu?

Barriola.

Zu bezala, hura ere atzelaria zen.

Kasualitatea da. Barriola atzelaria zen, baina asko eta ondo jokatzen zuen lau eta erdian. Jendeari Aimar eta Irujo gustatzen zitzaizkion, baina niri, Barriola.

Sarrera asko eskatu dizkizute?

Niri ez; salgai daudenak erosten ari dira. Jende dezente etorriko da frontoira: familia, lagunak, ikaskideak...

Lagunek ba al daukate pankartaren bat prestatuta?

Badakit etorriko direla; hortik aurrera, ez dakit ezertxo ere.

Zer kontatu dizute debuteko partidari buruz?

Oso berezia dela, eta urduri egotea eta gaizki pasatzea dela normalena. Baina oroitzapen polita izaten dela; ez dela inoiz ahazten.

Norbaiti eskerrak eman nahi dizkiozu?

Batetik, Aurrera klubari; Olaetxea anaietatik hasi, eta izan ditudan entrenatzaile guztiei. Bestetik, familiari, eta, bereziki, gurasoei; haiek ibili dira aurrera eta atzera. Eta, azkenik, Aimarri eta Baikoko teknikari guztiei.

Laso jarri dizute bikotekide, enpresako pilotaririk onena. Kexarik ez duzu izango, ezta?

Ez, ez. Buruz buruko txapelduna da; ilusio handia pizten dit.

Peña II.aren eta Arangurenen aurka jokatuko duzue. Hain zuzen, Peña II.a da profesionaletan debuta egin duen azkeneko tolosarra; 2016an izan zen. Ilusioa pizten dizu herrikide baten aurka jokatzeak?

Bai. Orain hasi naiz harekin entrenatzen, eta oso jatorra da. Berezia izango da haren aurka jokatzea. Gainera, ez dut uste inoiz bi tolosar elkarren aurka aritu direnik; esku huskako profesional gutxi egon dira herrian.

Eta atzelariak, bat bera ere ez. Lehena zara. Bazenekien hori?

Ez, baina ez nau harritzen.

Gaur, itxura ona ematea eta gozatzea izango duzu helburu. Eta bihartik aurrera?

Ez dut asmo handiko helbururik. Partidak jokatu nahi ditut, eta konfiantza hartu. Txapelketaren bat jokatzeko aukera ematen badidate, bada, eskertuko dut.

Laster hasiko da Promozio Mailako binakakoa. Enpresak esan dizu zerbait?

Ez. Zerbait esatekotan, egun bat edo bi lehenago esan ohi dute.

Itxaropentsu zaude?

Ez dit askorik axola. Asko poztuko nintzateke, baina mundua ez da eroriko ez badut jokatzen.

Lau eta erdikoari erreparatu diozu? Zure apustua finalerako? Jokin Altuna edo Joseba Ezkurdia?

Altuna faboritoxeagoa da. Gertutasunagatik ere nahiago dut hark irabaztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.