Juanjo Oroz. Kern Pharma taldeko zuzendaria

«Onenekin parez pare lehiatu nahi dugu, zailtasunak zailtasun»

Kern Pharma gaztetasuna eta anbizioa uztartzen ahaleginduko da aurten ere, Oroz zuzendariak azaldu duenez. Nafarrak lehen aldiz ariko dira Liejan, eta «itxaropen handia» dute Vueltan ere parte hartzeko.

KERN PHARMA.
enaut agirrebengoa
2022ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Lau hanketan dabil oraindik Kern Pharma taldea. Sortu zenetik hiru urte ere ez dira igaro. Alta, urratsak oso bizkor egiten ari da, eta hazten jarraitu nahi du, Juanjo Orozen agindupean (Berriobeiti, Nafarroa, 1980). Zuzendariak Andaluziako Itzuliko lehen etapa hastear zela erantzun dioBERRIAren deiari. Denboraz larri ibili arren, soseguz mintzatu da.

Kern Pharmak bigarren sasoia hasi du ProTeam mailan. Iaz hiru garaipen lortu ondoren, zer helburu izango duzue aurten?

Helburua hazten eta hobetzen jarraitzea da, kirol arloan eta egitura eta irudi aldetik. Proiektu gaztea da gurea, eta etorkizun handia du. Azeleragailua zapaldu behar dugu aurrerantzean ere, arreta guztia hazteko aukera emango diguten urratsetan jarrita. Adibidez, egutegiak maila handiagoa izango du aurten, uste dugulako txirrindulariak prest daudela onenekin lehiatzeko. Manolo Azkona [taldearen bultzatzailea eta zuzendaria] eta biok asko sinesten dugu proiektu hau osatzen dugun guztiongan.

Iragan sasoian, 151 lasterketa egun izan zenituzten. Aurten, berriz, kopuru hori 180-190era igotzea espero duzue. Hots, lehiatzeko ahalik eta aukera gehien eman nahi diezue txirrindulariei.

Erabat. Gure txirrindularientzako aukerarik onena izan nahi dugu. Konbentzituta egon behar dute hau dela tokirik aproposena haientzat. Horretarako, zoriontsu izan behar dute zentzu guztietan. Guztira, 24 txirrindulari edukiko ditugu, iaz baino lau gehiago; horregatik, zabaldu egingo dugu egutegia, gutxienez 30 lasterketa egun gehiagorekin. Horietako batzuk goi mailakoak izango dira. Zuzendari batentzat, erraza da txirrindulariak profesionaletara pasatzea. Zailagoa da ziklista horiek onenen artean finkatzea: horretarako, funtsezkoa da egutegi lehiakorra izaten saiatzea.

Nabarmentzekoa da Lieja-Bastogne-Liejan parte hartzeko gonbidapena jaso duzuela. Zer esan nahi du monumentu batean debuta egiteko aukera izateak zuenaren gisako egitasmo hasiberri batentzat?

Taldearen hazkundearen erakusgarri da. Ametsa da Manolo eta biontzat, umetatik ikusi dugun lasterketa bat delako. Sekulako esperientzia izango da txirrindularientzat, eta babesleek ere erakusleiho handia izango dute. Bigarren urtea baino ez dugu ProTeam mailan, baina uste dut ondo merezia dugula txirrindularitzako bost monumentuetako batean aritzeko aukera. Sari bat da, baina baita ardura handia ere. Animaliak bezala lan egin behar dugu halako proba batek eskatzen duen mailan aritzeko.

Zeintzuk izango dira egutegiko beste lasterketa nagusiak?

Euskal Herriko Itzulia eta Kataluniako Volta. Mailarik handieneko bi proba dira, eta bietan zeresana ematea dugu helburu. Halaber, garrantzitsua da Espainiako Estatuko egutegian irudi txukuna ematea. Jada Valentziako Itzulian lehiatu gara, eta, orain, Andaluzian ariko gara. Gero, itzela litzateke hiru asteko itzuli batean aritu ahal izatea, baina egunez egunekoan jarria dugu arreta. Lasterketa guztiek merezi dute gure errespetua, eta denak aprobetxatzen saiatuko gara. Denborak esango du itzuli handi batean lehiatzeko aukera dugun ala ez.

Begiz joa duzue Espainiako Vuelta. Gonbidapena ekuratzeko, ezinbestekoa da denboraldi hasieran emaitza onak lortzea?

Horrek ez gaitu itsutzen. Urtea orokorki antolatu dugu, eta lasterketa bakoitza beregaina izango da. Gure esku dagoena zera da, gure lana, konpromisoa eta errendimendua. Gainontzekoa ez dugu sobran, baina ez dago gure esku. Arreta handirik ez ipintzen saiatzen gara. Ez da erraza, sare sozialekin beti zaudelako urakanaren begian, baina zarata guztia albo batera utzi nahi dugu.

Baina baduzue Vueltaren deia jasotzeko esperantza?

Noski. Itxaropen handia dugu. Jendeak ilusiorik ez egiteko esaten digu, baina guk uste dugu gonbidapena jasoko dugula. Sekulako gogoa dugu. Ez dugu obsesiorik, ordea. Tourrak bi gonbidapen egin ditu bakarrik, eta ikusteko dago Vueltaren antolakuntzak nola jokatzen duen, baina uste dut hartan izatea merezi dugula Euskaltelek, Caja Ruralek, Burgos BHk eta guk geuk. Arauak ez ditugu guk erabakitzen, baina amorru apur bat ematen dit halako mugak izateak. Araudia aldatu egingo da luze gabe, sen onari jarraituz.

ProTeam mailako talderik gazteena izango duzue: 22,8 urtekoa da ziklisten batez besteko adina. Nola aurre egingo diezue zailduago dauden aurkariei?

Borroka zaila da. Ahaltsuenek papurrak besterik ez digute utzi nahi ProTeam mailakoei. Gure apustua parez pare lehiatzea da, nahiz eta badakigun oso zaila dela modu horretan emaitzak lortzea. Gu baino indartsuagoak diren talde asko daude: hori hala da. Baina uste dugu hori dela egin beharreko bidea etorkizunean izan nahi dugunera hurbiltzeko. Askotan, izerdiak ez du izango saririk, baina jada eman ditugu ezusteko batzuk.

Hector Carretero fitxatu izana ere taldearen anbizioaren adierazgarri da, ezta?

Taldeko beteranoetako bat izango da, 26 urte besterik ez duen arren. Italiako Giro bat irabazi du Richard Carapazekin; hau da, taldeko beste ziklistek bizi izan gabeko esperientziak izan ditu. Ekarpen handia egitera etorri da. Aipatzekoa da, era berean, Lizarten [afizionatu mailako taldea] aritua dela, taldeko kide gehienak bezala [txirrindularien artean, 24tik hamazazpi]. Oinarritik hazteko filosofia dugu, eta, oraintxe, familia baten gisakoak gara.

Zer moduzkoa da zuzendari lana? Bizikleta gainean baino gehiago gozatzen da?

Ikaragarri gustatzen zait ziklistekin sortzen den harremana. Oso polita da arazoak eta pozak batera bizitzea. Niretzat, hau ez da lan bat, pasio bat eta bizimodu bat baizik. Uste dut txirrindulari lana baino gustagarriagoa dela. Ziklista gisa ere asko gozatu nuen, baina, zuzendari zarenean, besteei emana bizi zara, eta, aldi berean, askoz gehiago jasotzen duzu. Lizartera orain dela bederatzi urte iritsi nintzen, eta gauza ahaztezinak bizitzen ari naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.