Jaiak. Ferixa Nagusikoak Elorrion

Ganadua azokara, herria festara

Bihar hasiko dira Elorrioko Ferixa Nagusiko jaiak, azoka egunaren bezperan.Gazeta auzoko kofradiak botako du etxafuegoa, elkartearen 400. urteurrenean

Bihar hasiko dira jaiak Elorrion, eta datorren igandera arte jendetza batuko da herrian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Lur Gil.
2014ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Hamaika arrazoi dituzte elorriarrek (Bizkaia) festara batzeko. Iritsi da eguna itxarotea neketsua dela iritzita errealitatea astebetez ahaztea helburu dutenentzat, jan eta edan arduragabeki egiteko aitzakia bila zeudenentzat eta Elorrioko ganadu azoka famatuaz gozatu nahi dutenentzat. Eta, nola ez, festak ezinbestekoak dira urteurrena ospatzen dutenentzat; hain zuzen ere, Gazeta auzoko kofradiarentzat, laurehun urte egin baititu lehen idatzietan agertu zenetik.

Urteurrena behar bezala ospatzeko, Elorrioko Udalak aukera eman dio Gazetako kofradiari bihar etxafuegoa botatzeko; laurogei biztanle inguru ditu auzoak. Fernando Azkarate herriko Kultura zinegotziak dioenez, «oso lan txukuna egin du auzokide taldeak. Auzolanaren alde kofradiak egindako lana ederra izan da azkenaldian, eta, horretaz aparte, akta historikoak digitalizatu egin dituzte, ekitaldi kulturalak antolatu, auzoko baseliza konpondu...». Egindako lanaren ordainetan izango dute jaien hasierako suziria botatzeko ohorea.

Laurehun urteko ibilbide luzean, Gazetako kofradiak presente izan du auzolanaren kultura bere lanean, eta presente dute egungo kideek. Besteak beste, mezu hori zabalduko dute biharko pregoian, arratsaldeko zortzietan. Hortik aurrera, hurrengo igandera arte iraungo duten jaiak izango dituzte. Azkarateren esanetan, «herriaren parte hartzea ezaugarri garrantzitsua da; astelehenetik aurrera, kuadrillek ekarpen ezin hobea egiten diete jaiei».

Bihar, festak eztanda egin ostean, aukera egongo da erromeria zein mariatxi doinuekin dantzatzeko, eta, afalostean, urtez urte garrantzitsuago bihurtzen ari den danborrada izango da. «Sukaldariek, zaldiek, gerlariek desfilatzen dute danbor soinu artean; ederra izaten da, eta arrakasta handia dauka herrian», dio Azkaratek. Haurrek etzi izango dute desfilea egiteko aukera, bihar helduen txanda baita.

Txupinazoa bihar arratsaldean izango bada ere, festa giroa gaur hasiko da herrian. Txosnek egun osoko egitaraua prestatu dute Gazte Egunerako. Txosnen guneak jendea erakarriko du egun osoan, baina zer esanik ez gaueko kontzertuetan; hurrengo egunetan ere jendetza izango da han, besteak beste Bad Sound System eta Iheskide taldeak igoko baitira oholtzara.

Etzi azoka eguna

Ganadu azoka da Elorrioko jaietako ohiko ekitaldi nagusia. Ferixa Nagusikoak dute izena jaiek, azokari ohore eginez. Urtero, iraileko lehenengo igandean, inguruko herrietako baserritarrak Elorrioko plazara jaisten dira etxeko produktuak saltzera. Ganaduak du garrantzi handiena; Azkarateren esanetan, «inguruko behi, zaldi eta oilo onenak ikus daitezke han, baina baita ortuari, ogi, gazta, euskal pastel eta txakolin onenak dastatu ere». Artisautza produktuek ere lekua daukate animalia eta elikagai artean, produkturik onenek betiere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.