'Loa eta Laia' telesailaren bigarren denboraldia emango dute

iraia vieira gil
2023ko azaroaren 1a
00:00
Entzun

2 eta 7 urte bitarteko haurrentzat egina da Loa eta Laia telesaila, eta musika erabiltzen du Euskal Herriko kultura, ohiturak eta balio unibertsalak transmititzeko. Duela urtebete estreinatu zuten lehenengo denboraldia, eta, «emaitza bikainak» izan dituztela ikusita, bigarren zatia ere egingo dute, jakinarazi dutenez. Hamar atal izango ditu guztira.

Josu Bergara Aretxabaleta musikari eta publizistak sortu zuen Loa eta Laia marrazki bizidunen oinarrizko istorioa, eta Paul Caballero Barturen ilustratzailea izan zen proiektuaren sustatzailea. Elkarlanean arituz, genero berdintasunaren alde egitea erabaki zuten, eta marrazki bizidunetako «rol estereotipatuak» alde batera utzi zituzten telesaila sortzeko prozesuan.

Loa eta Laia dira, hain zuzen ere, programako protagonistak. Askotariko estiloak jorratzen dituen musika talde bat dute, beste bi kidez ere osatua: Qiang eta Niko. Era guztietako abenturak bizitzen dituzte elkarrekin, eta naturarekin harreman bereziak sortzea dute gogoko. Landareak eta animaliak ere agertuko dira oraingo honetan.

Irizpide pedagogiko eta didaktikoak landu dituzte pertsonaiak sortzeko. Errespetua sustatzea dute helburu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.