Hezkuntzarako plataforma bat sortu du France Televisions kate publikoak

urtzi urkizu
2019ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
France Televisions irrati-telebista talde publikoak Lumni izeneko plataforma jarri du martxan aste honetan, ikasleei, irakasleei eta gurasoei eduki hezigarriak eskaintzeko helburuarekin. Ia hiru urtez aritu dira proiektua lantzen, eta 11.000 eduki baino gehiago jarri dituzte eskura lumni.fr atarian. Tartean daude bideoak, audioak, artikuluak, jokoak eta bestelakoak. Frantziako telebista publikoak INA Ikus-entzunezkoen Institutu Nazionalarekin elkarlanean landu du egitasmoa.

Haur hezkuntzatik hasi eta bigarren hezkuntzara arte, Lumnik ikasleei ahalbidetuko die etxean gaien inguruan sakontzea pantaila guztietan (mahaiko ordenagailuak, sakelakoak, tabletak...).

Hiru katalogo berezitu daude plataforman: 7.000 artxibo inguru hartzaile guztientzako dira, 3.000 irakasleentzat dira, eta mila inguru elkarteentzat prestatuak daude.

Facebooken, France TV Education-en profilean oinarritutako kontu bat zabaldu dute —lehendik 160.000 harpidedun ditu profil horrek—. Halaber, ikasleek plataformako eduki asko Youtuben, Twitterren eta Instagramen aurkitu ahalko dituzte.

Radio Francek ere parte hartu du egitasmoan, eta hainbat podcast ekoitzi ditu, bereziki gurasoentzat eta irakasleentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.