Hil dituzten kazetarien kopurua, azken hogei urteetako apalena

urtzi urkizu
2021eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Mugarik Gabeko Kazetariek eman dituzten datuen arabera, aurten 46 kazetari hil dituzte munduan haien ogibidearen testuinguruko hilketetan. Azkeneko hogei urteetako kopururik txikiena da hori; 2003. urtetik hona urteroko kopurua 50etik gorakoa izan da. Mexikon hil dituzte kazetari gehien: zazpi. Bigarren tokian Afganistan dago: sei kazetari hil dituzte. Indian lau kazetari hil dituzte, eta beste hainbeste Yemenen. Bost kazetaritatik hiru ofizialki gerran ez dauden herrialdeetan erail dituzte.

Kartzeletan preso dauden kazetarien kopurua, berriz, kezkagarritzat jo du Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak: 488 kazetari daude egun preso, aurreko urtean baino %20 gehiago. Kazetari horietatik 60 emakumezkoak dira. Horrez gain, 65 kazetari daude bahituta, eta beste bi desagertuta.

Txina da kazetari preso gehien dituen herrialdea: 127. Bigarren tokian Myanmar dago: 53 kazetari ditu preso; Vietnamek 43 ditu; Bielorrusiak, 32, eta Saudi Arabiak, 31.

Bahitutako kazetarien kopurua %3 hazi da aurreko urtearekin alderatuta. Sirian daude gehien: 44. Iraken 11 daude, eta Yemenen, bederatzi. Estatu Islamikoak ditu bahitutako kazetari horietatik hamarretik lau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.