Hendaia eta Beskoitze, Fallouxen bi aurpegiak

Iaz prefetak salaketak jarri zizkien Beskoitzeko eta Hendaiako herriko etxeei, Seaskari lurrak alokatu eta inbertsioetan laguntzeagatik. 'Falloux legearen' mugak eta zirrikituak erakutsi dituzte bi adibideek.

Joan den urtean Baionako suprefeturaren aitzinean Beskoitzeko ikastolaren alde egindako protesta bat. BOB EDME.
maddi ane txoperena iribarren
2014ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Aurtengoa bakarrik ez: iazko ikasturtea ere gatazkatsua izan zen Seaskarentzat. Prefetak bi aldiz jo zuen ikastolak lagundu nahi zituzten udalen aurka, eta agerian ezarri zituen legearen mugak eta zirrikituak. Hendaiako kasuan (Lapurdi), herriko etxeari ikastola berria egiteko dirua pubikoa erabiltzeko debekua ezarri zion prefetak. Beskoitzen (Lapurdi), berriz, udalak ikastolari lurrik ezin ziola alokatu erran zuen prefetak. Azken hori gibelera bota zuen, baina ez neke gutxiagorekin, halere.

Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak esaldi bakarrean laburbildu ditu bi kasuak: «Falloux legearen bi aldeak dira». Izan ere, Hendaiakoak erakutsi zuen inbertsioetarako diru publikoa erabiltzea zigortu egiten dela, eta Beskoitzekoak, berriz, lur publiko bat alokatzea zilegi dela.

Hendaiako Ikastolaren aurkako prozedura 2013ko urtarrilean hasi zen, ikastola berria egiteko diru publikoa ezin zela erabili jakinarazi baitzuen Baionako suprefetak. Ikasle kopuruak gora eginda, aspalditik dago Hendaiako Ikastola lekurik gabe, eta herriko etxeak lagundu nahi izan zuen bertze eraikin bat egiten. Baina prefetak auzitara jo, eta bertan behera gelditu da proiektua. Ez haatik aurkakotasunik gabe: 3.000 lagun bildu ziren iazko otsailean Hendaian eginiko manifestazioan, eta bertze horrenbertze Baionan ekainean.

Beskoitzeren aurka 2013ko irailean jo zuen prefetak, eta horren aurka ere hainbat protesta egin ziren. Azkenean, auzia gibelera botatzea lortu zen 2014ko martxoan, eta Falloux legearen mugak azaleratu ziren, Gorostiagaren ustez: «Prefetak ondotik erran zuen inbertsioa debekatua dela, baina udal batek bere lur edo eraikin bat aloka dezakeela, baldin eta ordaintzen bada».

Prefetak hori onartzeko erabili zuen argudioa izan zen udal bati onurak ekar diezazkiokeela lur edo lokal bat alokatzeak. «Udalak ez du dirurik galtzen, eta, gainera, guk lur bat edo eraikin bat erabilita, udalak lortzen du bere ondarea mantendu eta babestea», azaldu du Gorostiagak.

Hendaiako aterabidea

Beskoitzekoa ikusirik, Hendaiak atzeman du herriko etxearekin batera ikastolarentzako aterabidea. Herriko eskola publikoan lekua sobera dagoenez, bi zatitan banatuko dute, eta alde bat ikastolako haurrentzat erabiltzea adostu dute. Aitzol Altuna Hendaiako Ikastolako lehendakariak azaldu duenez, «lan batzuk egin ostean, 2015eko sartzean sartuko dira haurrak eskolako ezkerreko zatira». Hortaz, behin-behinean Pausuako (Urruña, Lapurdi) eskolara joandako Hendaiako Ikastolako haurrek herriko eskolako eraikina erabiliko dute heldu den ikasturtetik aitzina.

Gorostiaga eta Altunak espero dute oraingoan arazorik ez sortzea, legea errespetatuko baitu, berez, asmoak. Eraikin berriak egiteko debekua, dena den, bertze herrietarako izanen da kalte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.