Zartaginetako ke beltzak

FAOk deituta, ia 200 gobernutako ordezkariak bilduta daude Genevan, industrian eta nekazaritzan erabiltzen diren osagai kimiko batzuen arriskuez hausnartzeko.

Txistorra frijitzen zartagin batean, San Tomas egunean, Donostian. JON URBE / FOKU.
jokin sagarzazu
2019ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Tefloiz egindakoak». Lelo hori duten oharrak dituzte merkatuan saltzen diren zartagin eta sukalde tresna gehienek. Jakiak ez itsasteko erabiltzen den azal moduko bat da tefloia. Polimero bat da, eta horrek osagai bat du: azido perfluorooktanoikoa (PFOA). Horren erabilera debekatzea aztertzen ari dira Genevan (Suitza) hainbat herrialdetako gobernuetako ordezkariak, FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak antolatutako bilera batean.

Tefloiz egindako tresnak asko berotzen badira, osagai toxiko batzuk askatzen ditu PFOA azidoak. Horiek aireratu egiten dira, eta kozinatutako jakietara ere itsas daitezke. Luze irauten dute airean eta odolean, eta hainbat ikerketa medikuk eta osasun agentziek frogatu dute osagai horiek gaixotasun batzuk garatzeko arrisku faktore direla; besteak beste, eta FAOren arabera, giltzurrunetako eta testikuluetako minbiziak, tiroideetako gaixotasunak, eta haurdunaldiko hipertentsioa.

2017. urtean Europako Batasunak debekatu egin zuen PFOA azidoaren erabilera. Zuzentarauak, baina, moratoria bat ezarri zuen 2020. urtera arte. Hori dela eta, gero eta ugariagoak diraPFOArik ez duten tefloizko sukalde tresnak merkatuan, baina nabarmen garestiagoak dira. Genevan egiten ari diren bileran behin betiko debekatu nahi dute PFOA azidoaren erabilera, sukalde tresnetan eta bestelakoetan.

Herenegun hasi eta maiatzaren 10era arte bi astez egongo dira bilduta 180 gobernutako ordezkariak. Horiek sinatu zuten hondakin arriskutsuen nazioarteko garraioa arautzen duen 1989. urteko Basileako Hitzarmena eta Kutsagarri Organiko Iraunkorrei aurre egiteko 2001eko Stockholmeko Hitzarmena. AEB Amerikako Estatu Batuek ez zituzten itunok babestu, eta ez dute Genevako bileran parte hartuko.

Egun 30 bat produktu kimiko jasotzen ditu Stockholmeko Hitzarmenaren zerrendak; euren toxikotasun maila dela-eta debekatuta egon beharko lirateke ituna sinatu duten herrialdeetan. Horien artean daude, besteak beste, bi pestizida: lindanoa eta DDTa. Lindanoa 2008. urtetik dago debekatuta Europako Batasunean, baina, ekologistek salatu ohi dutenez, Euskal Herrian —Bizkaian, bereziki— ez da garbiketa sakonik egin hainbat landa eremu, ibai eta urtegitan, eta pestizida horrek kutsatuta jarraitzen dute ingurune ugarik. DDTaren erabilera, berriz, mugatuta dago Europako Batasunean, baina ez dago debekatuta guztiz herrialde guztietan, nekazaritzarako industria kimikoaren lobbyen presioengatik, bereziki.

Genevako bileran Dicofol pestizida ere debekatzea aztertuko dute. Osagai kimiko hori erabili ohi da akain izurriteei aurre egiteko; besteak beste, fruitu, barazki, lore, eta kafe laboreetan. FAOk dio ikerketek frogatu dutela «oso toxikoa» dela inguruko txori eta, bereziki, uretako landare, animalia eta ornogabeentzat; azterketek ohartarazi dute azaleko narriadurak eta nerbioetako hiperestimulazioa eragiten dizkiela gizakiei.

Nonahi topa daiteke

AEBetako DuPont enpresak asmatu zuen tefloia 1930eko hamarkadan, eta egun enpresa horrek berak erregistratua du marka gisa. Bi ezaugarri ditu polimero horrek: ez-itsaskorra eta iragaitza dela. Era berean, oso malgua da eta oso erresistentea. Hori dela eta, sukaldeko tresnetan ez ezik, beste hainbat produktuetan ere erabiltzen da: arropetan, bereziki. Isolatzaile nagusietako bat da, halaber, eta oso erabilia industriaren hainbat alorretan: autogintzan, eraikuntzan...

Tefloia bera ez dago eztabaidagai; bai, ordea, hori itsasteko erabiltzen den osagaia kimikoa: PFOA. Azido hori oso erabilia izan da margo eta bernizetan, eta, FAOren arabera, hainbat ikerketak frogatu dute horiekin lan egiten duten langileek gaixotasun jakin batzuk garatzeko aukera gehiago izan dutela, azido horren osagai batzuk arnasteagatik.

Askatzen dituen osagaien artean azido trifluoroazetikoa dago. Azido hori oso geldoa da, ia ez du erreakzionatzen, eta lurrean eta uretan luze irauten du. Aztergai dago aireratzen den kopuruak ingurunean kaltea eragiten duen: zenbait ikerketatan diote eragina duela troposferako ozonoaren deskonposaketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.