Europako banku handiak paradisu fiskalen onurez baliatzen dira oraindik ere

Urtero 20.000 milioi euro izaten dituzte zerga erregimen mesedegarriak dituzten 17 herrialdetan. EU Tax Observatoryk 36 banku ikertu ditu

BIENVENIDO VELASCO / EFE.
Irune Lasa.
2021eko irailaren 7a
00:00
Entzun
Berdin die eskandalu gero eta gehiago argitara ateratzea: Europako banku handienek berean jarraitzen dute, zerga paradisuez baliatzen, etekin ahalik eta handienak ateratzeko. EU Tax Observatory ikerketa erakundearen arabera, jokaera horrek ez du aldaketa esanguratsurik izan 2014tik 2020ra bitartean, eta Europako 36 banku handik urtero 20.000 milioi euro erregistratzen dituzte zerga txikiko herrialdeetan; hots, euren mozkinen %14.

Gabriel Zucman ekonomistak zuzendutako ikerketak HSBC, Deutsche Bank eta Societe General ikertu ditu, besteak beste. Zucmanen arabera, beste bankuak paradisu fiskal askoz baliatzen dira, baina HSBCrena kasu berezia da, soilik Hong Kongeko zerga paradisua erabiltzen baitu, nahiz eta egoitza Londresen izan. Eta beste inork baino gehiago erabiltzen du, gainera. 2018 eta 2020 bitartean, HSBCk bere zerga aurreko mozkinen %62 zituen paradisu fiskal horretan.

Zer irabazten dute bankuek haien mozkinen zati bat paradisu fiskaletan jarrita? EU Tax Observatoryk ariketa interesgarri bat egin du, bankuetako langileen produktibitateari begiratuz. Deigarria zera da: zerga paradisuetan langileko batez besteko produktibitatea 238.000 eurokoa da, eta herrialde normaletan, berriz, 65.000 eurokoa.

Erreskatatutako bankuak

Zerrendan bigarrena Monte dei Paschi di Siena Italiako bankua da, zeinak etekinen %49,8 zituen zerga paradisuetan. Monte dei Paschi 2017. urtean erreskatatu zuen Italiako Gobernuak, eta erakundea desagertu egingo da aurten: berriz ere bankua erreskatatu beharrean, gobernuak hobetsi du hura Unicreditek erostea, estatuak diruz lagundutako operazio batean. Zenbait azterketaren arabera, 2008. urteaz geroztik, Europako zergadunen 1,5 bilioi euro joan dira larri zebiltzan bankuak erreskatatzera.

Standard Chartered, Deutsche Bank eta NordLB dira hurrengoak zerga paradisuak gehien erabiltzen dituztenen zerrenda horretan. Eta, besteak beste, Bahametan, Birjina Uharte Britainiarretan, Kaiman uharteetan, Jerseyn, Guerneseyn, Gibraltarren, Hong Kongen, Macaon, Panaman, eta EBko kide diren bi lurraldetan Maltan eta Luxenburgon erregistratzen dituzte mozkinak.

2014tik 2020ra bitartean, banku batzuek jaitsi egin dute zerga paradisuetan erregistratzen zuten mozkinen pisua, baina handitu dutenak ere badira, BBVA tartean. Egoitza Bilbon duen bankuak 2014 eta 2016 bitartean zerga aurreko mozkinen %0,9 zituen zerga paradisuetan erregistratuta; 2018-2020 tartean, zerga aurreko etekinen %1,9 zituen.

Gauzak horrela, oraindik zehazteko eta arautzeko dago nori ezarri zerga txikiko jurisdikzioak baliatzen dituzten konpainiei %15eko gutxieneko sozietate zerga global bat jartzeko akordioa. Baina, itxura guztien arabera, eta, besteak beste, lobbygintzari esker, G20koek hartutako erabakiak ez die eragingo bankuei.

EU Tax Observatoryren kalkuluen arabera, bankuek gutxieneko %25eko tasa efektibo bat ordaindu beharko balute zerga paradisuetako tasen ordez, Europako ogasunek 10.000-13.000 milioi euro gehiago bilduko lituzkete urtero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.