Marc Cistare. 'La víctima número 8'-ko gidoilaria eta ekoizlea

«Istorio oso errealistak izatea nahi genuen, egiaz beteak eta koherenteak»

ETB2k eta Telemadridek 'La víctima número 8' telesaila estreinatuko dute gaur gauean. Bilboko Zazpikaleetan gertatutako atentatu jihadista bat da istorioaren abiapuntua. Marc Cistarek sortu eta garatu du ideia.

urtzi urkizu
2018ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Los hombres de Paco, El barco, La casa de papel eta beste telesail arrakastatsu batzuen gidoilaria izan da Marc Cistare (Bartzelona, 1970). La víctima número 8-ren zortzigarren eta azken atala editatzen ari dira, eta bigarren denboraldi baterako ateak zabalik daudela iruditzen zaio.

Nola sortu zitzaizuen atentatu jihadista baten inguruko telesail bat egiteko ideia?

Lehen ideia atentatu baten inguruko zerbait egitea izan zen. Gero, Bilbo toki ona iruditu zitzaigun, dituen osagaiengatik. Gidoilarioi zapaldu gabeko lurretan ibiltzea gustatzen zaigu; atentatu baten tragediaren osteko eztanda uhinean dauden pertsonen egoera emozionalean sakontzea pentsatu genuen. Ohituta gaude tragedien albisteak bizkor kontsumitzera eta orrialdea berehala pasatzera. Kasu honetan, orrialdea pasatu ezin duten pertsonaia batzuk ditugu istorioan.

Gaia buruan zenuen lehendik ere, ezta?

Duela bost urte lanean hasi nintzen terrorismoarekin lotutako ideia batekin. Bi proiektu aurkeztu nituen, baina ez zuten aurrera egin. Honako hau hirugarren proiektua zen. Globomediakoei gustatu zitzaien, eta, gero, ETBri eta Telemadrideri ere bai.

Zer moduz joan da Globomediaren, Telemadriden eta ETBren arteko elkarlana?

Oso ondo. Badakit oso pozik daudela hiru bazkideak. Aurrekari bat sortu dute, eta horretan sakondu nahi dute. Bere aldetik bakarka hiruetako inork ezin izango luke halakorik egin.

Telesaila korala da aktoreen aldetik. Ez dizuete leporatu ez izatea izar bat protagonista gisa?

Oraingoz, ez. Desabantaila baino gehiago abantaila dela esango nuke. Hautaprobak egin genituenean, egiazkotasuna bilatzen genuen. Erretrato errealista bat egin nahi genuen, eta izar bat edukitzeak egiatik urrundu zaitzake. Dauzkagun interpretazioak sekulakoak dira. Istorio oso errealistak izatea nahi genituen, egiaz beteak eta koherenteak. Era berean, ikusleari ezustekoak ematea espero dugu.

Zer moduz joan ziren Bilboko kaleetan egin zenituzten grabaketak?

Politak izan ziren, nahiz eta lana gogorra izan. Zorrozaurreko industria-barne abandonatuek liluratu ninduten. Bilboko kaleek oso ondo luzitzen dute telesailean. Denbora gehiago izatea ez zen txarra izango, eta arnasestuka aritu ginen. Baina, egindako esfortzutik osatu eta gero, denak oso pozik gaude.

Bilbo hiri aproposa izan daiteke beste telesail batzuk egiteko?

Bilbok agertoki oso indartsuak ditu. Kontrasteak sekulakoak dira, eta horiek ikusiko dira telesail honetan.

ETBk eta Telemadridek emititu ostean, nazioartean beste kate batzuek interesa izan dezakete La víctima número 8 emateko?

Ziur gaude telesailak bizitza luzeagoa izango duela lehen bi leiho nagusi horien ostean. Telemadriden eta ETBren desioa da telesaila munduan barna mugitzea.

Vis a vis telesailaren hirugarren denboraldian lan egin zenuen. Ondo funtzionatzen ari da, ezta?

Bai, Fox kateak egin zuen hirugarren denboraldia, eta datorren denboraldia ere bertan egingo dute. Laugarren denboraldi horretatik kanpo gelditu behar izan nuen, La víctima número 8 prestatzeko, baina nire lagunak daude lantaldean; irakurri ditut gidoi batzuk, eta ziur nago oso ikusgarriak izango direla atal berriak.

Netflixek ekoizpen estudio batzuk izango ditu Madrilen, Movistar+ek 70 milioi euro ditu prest telesail berrietarako... Zu bezalako sortzaileentzat urrezko garai bat da, ezta?

Aukera askoren garai batean gaude. Zorabio pixka bat ematen du, eta desiratzen duzu ez dadila burbuila bat izan, ez dadila amaitu. Baina hau gozatzeko da; ea egonkortzen den. Eta ea arriskuak hartzeko aukera daukagun publiko jakinentzat, eta ea produktu horiek mundu osotik bidaiatu dezaketen.

Euskarazko telesail batek ere izan dezake nazioartean arrakastarik?

Bai, noski. Telesail on batek edozein tokitan funtziona dezake; jendea azpidatzietara ohitu da, eta hizkuntza ezin da traba izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.