Sanmigelak Arretxinagan (Markina-Xemein)

Bizikletak hartuko du Arretxinaga

Markina-Xemeingo II. BTT martxa egingo dute larunbatean. Lau ibilbide egongo dira, parte hartzaileen gaitasunetara egokituak

Kirolak presentzia nabarmena izango du, larunbatean, Arretxinagako jaietan. BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2016ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Auzoko jaiak egiten dituzte Arretxinagan (Markina-Xemein, Bizkaia), baina herrikoak balira bezala. Izan ere, aurten, bigarren aldiz, Markina-Xemeingo BTT martxa egingo dute larunbatean. Bederatzi urte dira auzoan lehen mendiko bizikleta lasterketa antolatu zutenetik, eta geroago hasi ziren Xemein eta Larruskain-Amalloa auzoetan lasterketak egiten. «Ikusi genuen auzoetan lasterketak antolatzen hasi zirela, eta hirurak elkartuta bakarra egitea pentsatu genuen joan den urtean», azaldu du Eneko Arrate jai batzordeko kideak. Auzoz auzo sorturiko lasterketak, beraz, herri mailako bihurtu dira apurka. «Arretxinagan berandu sartu zen mendiko bizikleta, baina, behin sartuta, indarrez».

Bigarren martxa egingo dute, eta herrikoia izateko asmoa duela azaldu du Arratek: «Hemen inor ez dugu txalotuko lehen postuan amaitu duelako, edo bigarrenean sartu delako; guk herri proba bat izatea nahi dugu, eta herritarrek bertan parte hartu eta goza dezatela». Hori da euren filosofia, eta parte hartzen duten guztiei hori gogorarazten die abiatu aurretik. «Horregatik, ez zaigu gustatzen propaganda handirik egitea, ondo pasatzeko gauza bat izatea nahi dugulako». Herritarren eta inguruko biztanleen parte hartzea izaten du martxak, eta euren ingurua ezagutzea ere bada ibilbidearen asmoa. Hori ahalbidetzen du lehiarik ez egoteak, lasterketarik ez dagoenez, denak tropel berean joaten direlako, eta hainbat txoko ezagutzeko aukera ere ematen duelako horrek.

Lehiarik ez da egoten, baina mendiko bizikletan maiz ibiltzen direnen eta gutxiago ibiltzen direnen artean ezberdintasunak badaude. Hori aintzat hartuta, lau ibilbide prestatu dituzte, norberak duen gaitasunetara egokituak. 68 kilometroko ibilbidea mendiko bizikletan asko ibiltzen direnentzako izango da, eta,hortik behera, 40 kilometroko martxa, 26 kilometrokoa, eta 17 kilometrokoak antolatu dituzte. «Saiatu gara ahalik eta ordeka gehien sartzen ibilbideetan, baina gure ingurua mendiz beteta dago, eta hainbeste kilometroko ibilbide batean maldarik ez topatzea zaila izaten da», azaldu du Arratek. Horregatik, bakoitzak bere indarraren araberako ibilbidea aukeratu ahal izango du.

Ibilbidea goizean goizetik abiatuko da. 08:00etan batuko dira lasterkariak, eta, apurka-apurka, bakoitzari dagokion ibilbidearen arabera aterako dira Arretxinagatik. Bezperan auzoan egongo diren kontzertuek eragina izan dezaketela uste du Arratek. Ekaitza, EH Sukarra eta Ezten Giro taldeen emanaldia izango da. «EH Sukarra taldearen kontzertura joan nahi duen beterano asko dago antolatzaileen artean, baina, tira, jaiak urtean behin izaten dira, eta egun horietan lo apur bat gutxiago egiteak ez dut uste asko eragingo duenik».

Hori antolatzaileen aldetik aipatu du Arratek, baina parte hartzaileen artean ere antzeko zerbait gertatu daitekeela ere badaki. «Ezin izan dugu geroago jarri martxa, larunbatean ekitaldi ugari daudelako, eta martxa honek ere eguerdirako amaituta egon behar duelako», azaldu du Arratek.

Harrobia lantzeko martxa

Markina-Xemeingo II. BTT martxako ibilbide laburrenak 17 kilometro izango ditu, baina hori egiteko gai ez denak izango du bestelako aukerarik ere. Lau eta sei kilometro bitarteko bizikleta martxa egingo dute 11:00etan, auzo inguruko baserri eta landa zelaietatik barrena. «Ibilbide erraza izango da, aldapa gutxikoa, eta herritarrak edo haurrak mendiko bizikletan ibiltzera ohitzeko antolatu dugu». Hau da, harrobia lantzeko martxa bat izango da. Horregatik, BTT martxan ez bezala, doakoa izango da bertan izen ematea.

Kirolak presentzia nabarmena izango du larunbatean Arretxinagako jaietan. Izan ere, arratsaldean Artibai, Mutriku eta Aurrera futbol taldeetako beteranoen arteko triangeluarra egingo baitute Barroeta futbol zelaian. Jaietan, afari eta kontzertuez aparte, kirola egiteko tartea ere egoten baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.