Santikutzak Legazpin

Aisialdia, lagunak eta herria egiteko

Sorgintxulo aisialdi taldeak botako du Santikutz jaien hasierako txupinazoa. Hogei urte bete ditu haur eta gazteentzako proiektu horrek

Sorgintxulo aisialdi taldeko gaztetxo eta begiraleak, 2017ko udalekuetan. SORGINTXULO.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2018ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Ate joka dira Legazpiko (Gipuzkoa) Santikutz jaiak. Festarako aukera izango da, aisialdiaz gozatzeko. Aukera hori eskaintzen die Sorgintxulo aisialdi taldeak herriko haur eta gaztetxoei. Hogei urte daramatza ekintzak, irteerak eta udalekuak antolatzen. Taldeko kideek botako dute, etzi, jaien hasierako txupinazoa, eta maiatzaren 6ra arte iraungo du festak.

«Herriko familiek osatutako katea da», azaldu du Itsaso Guridi aisialdi taldeko kideak. Ehunka ume, gaztetxo eta begirale izan dira hogei urteotan proiektuaren katebegiak. Hori aitortzeko asmoz, Santikutz jaietako suziria botatzeko proposatu zien udalak. «Ilusioz» hartu dute proposamena. Pregoiari azken ukituak ematen ari direla aitortu du Guridik. Etzi botako dute, eta maiatzaren 6an amaituko dira festak.

Lauzpabost urte daramatza Guridik begirale taldean. Aurretik ere Sorgintxuloko kidea zen, ume moduan parte hartu baitzuen. Egungo begirale gehienek egin dute ibilbide bera. Hori da, haren ustez, bi hamarkada betetzeko giltza. Denak legazpiarrak dira, baita ekintzetan parte hartzen duten ume eta gazteak ere. 35-40 begirale inguru daude, eta borondatez dira taldeko kideak.

Elkarbizitza eta euskara dira taldearen balioak, Guridiren arabera. «Legazpiko kuadrillen arteko hesiak apurtzen saiatzen gara; herriko jendea ezagutu eta lagun berriak egitea bultzatu nahi dugu», azaldu du. Horretarako, hamaika-hamabi ekintza egiten dituzte urtean. Herrian egiten dituzte gehienak, hileko larunbat batean. Irteerak ere egiten dituzte, Txuri Urdinera, esaterako.

Udalekuak dira Sorgintxuloren ekintza nagusia, Guridik azaldu duenez. 12-16 urte arteko gazteekin egiten dituzte, uztaileko bigarren hamabostaldian. Gaztela, Burgos edo Errioxara (Espainia) joaten dira.Harremanak estutzeko balio du uztaileko egonaldiak, haren iritziz: «Udalekuetatik bueltatzean, San Inazio auzoko festak izaten dira. Begirale eta umeak elkarrekin joaten gara parrandara».

«Denon artean aurrera ateratzen dugun zerbait da, eta hor sortzen den giroa itzela da», horrela laburtu ditu udalekuak Guridik. Ordea, nahi duten gazte guztiek ez dute aukerarik udalekuez gozatzeko: «60 lagun joan daitezke gehienez, eta 90 inguruk ematen dute izena; 30 laguneko itxaron zerrenda egoten da».

Guridik azaldu du hogei urteotan ez dela nabaritu belaunaldi aldaketa handirik: «Jendea sartzen denean, ateratzear daudenek erakusten diete zer eta nola egin». Hala ere, aldaketak izan dira: «Taldearen sortzaileek diotenez, lehen errazagoa zen dena. Orain, betebehar gehiago ditugu: osasun kontrolak, baimenak...».Umeak ere aldatu direla uste du: «Gaur egun, teknologiaren behar handiagoa dute gazteek, baita gurasoek ere. Sakelakoak eramaten dituzte ezkutatuta. Lehen ere egiten ziren halakoak, baina ez hainbesteko beharrarekin».

Ikastolari aitortza

Erkatz aisialdi taldetik sortu zen Sorgintxulo, duela hogei urte. «Elizari lotutako taldea zen Erkatz; parrokian zuten lokala, eta han elkartzen ziren. Begiraleek ez zuten loturarik ikusten elizaren eta euren ekintzen artean, eta Sorgintxulo sortu zuten», azaldu du Guridik. Bi hamarkada igaro dira ordutik. Orain arteko bidearekin jarraitzeko asmoa dute taldeko kideek; badituzte bidelagunak ere: «Legazpiko Udalaren eta herritarren babesa daukagu».

Ekintzetan sortutako giro ona eta laguntasuna herrian egunerokoan mantentzea lortzen dutela uste du begiraleak. Horren isla da, esaterako, festetako danborradan parte hartzea. Sorgintxuloko talde bana ateratzen da helduen eta txikien danborradan.

Sorgintxulokoek ez ezik, beste hainbat taldek ere astintzen dituzte atabalak. Haztegi ikastolako taldea aterako da lehenengoz; aurten bete ditu 50 urte. Aitortza ere egingo diote ikastolari, aurtengo Olaria saria jasoko baitu, maiatzaren 3an.

Etzi piztuko da festa Legazpin. Ikuskizunak, kirol probak, jan-edana, kontzertuak, dantzak... denetik izango da zazpi egunez, aisialdiaz gozatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.