LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna. Erlantz Iglesias. Harro plataformako kidea

«Kapitalismoak LGTB identitatea erabili nahi du, eta utzi egin diote»

LGTBI kolektiboaren aldarrikapenen «despolitizazioarekin» kezkatuta dago Iglesias. Orain arte komunitate barruan egon diren desorekak ere aitortu ditu: «Lesbianak eta transak baztertuta sentitu dira historikoki».

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2019ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
50 urte igaro diren honetan, Stonewalleko istiluen garrantzia azpimarratu du Erlantz Iglesiasek (Leioa, Bizkaia, 1993): «LGTB komunitateak bere zapaltzaileen kontra egin ahal duela erakusten duen gertakaria da». Ozen ligako, Bizkaiko E28 koordinakundeko eta Harro plataformako kidea da. Mugimenduaren erroari «sendo» eusteko beharraz ohartarazi du, «kapitalismoak egin nahi duen instrumentalizazioa» eragozteko.

Aurtengo Ekainaren 28ak izan du ospakizunerako motiborik: bezperan iragarri zuen Eusko Legebiltzarrak transexualitatea despatologizatuko duela.

Oso berri ona da. Baina gero ikusi beharko da horrek praktikan zer ekarriko duen. Azkenean, legeak egiten dituztenek tranpak ere egiten dituzte. Berez, albiste ona da, eskubideak lortzen ari garelako, baina ikusi beharko da legeak praktikan zer ekarriko duen, eta gizartean zer eragin izango duen.

Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunaren harira jaialdi berezi bat egon da Bilbon, azken urteetan legez: Bilbao Bizkaia Harro. Boikotera deitu zenuten, eta zer esana piztu du.

Ortzadar LGTB taldeak udalarekin eta beste instituzio eta enpresa pribatuekin batera antolatzen du, Madrilen eta Bartzelonan jarraitzen ari diren eredu kapitalista hori Bilbora ekartzeko. Salatu dugu kolektiboaren aldarrikapenak oker erabiltzen direla, beste helburu batzuk lortzeko. Iaztik, Ortzadar ez dago E28 koordinakundean. Gure borroka oso erradikala izan da hastapenetik. Zapalkuntzen sustraietara jo izan dugu beti, baina asimilazio prozesu bat egon da. LGTB kolektiboko parte batek heteroarauaren eta zisarauaren barruan bizi nahi izan du, erosotasun guztiekin. Kapitalismoak erabili egin nahi izan du LGTB identitatea, eta batzuek utzi egin diote. Horrek despolitizazioa dakar: aldarrikapena urtu egiten da, eta bakarrik geratzen dira «love is love» eta «homofobiarik ez» mezuak. Hau da, aldarrikapen orokorrak egiten ditugu, baina ez dugu aztertzen zein diren zapalkuntzaren sustraiak. Azkenean gizon zuri homosexualak izan dira aldarrikapen horren instrumentalizazioan gehien parte hartu dutenak, eta horren onurak dituztenak. Lesbianak, bisexualak eta transexualak bazterrean geratzen dira. Azken batean, kapitalismoak asimilatu egiten ditu bere intereserako erabil ditzakeen gorpuzkerak eta identitateak, eta LGTB identitatea hartzen du nolabaiteko aniztasuna agertzeko.

Harro sortu duzue aurten, Euskal Herrialdeetako Transmaribibollo Plataforma. Aurkezpenean esan zenuten helburuetako bat dela kolektiboaren erabilera horri elkarrekin aurre egitea. Zer beste erronka dituzue?

Alde batetik, memoria historikoa berreskuratzea; batez ere, Euskal Herrikoa. Askotan gertatzen da Stonewall eta antzekoak ditugula buruan, baina ez dugu hemengo memoria ezagutzen edo oroitzen. Bestetik, gure kolektiboko mugimenduen arteko sarea egin nahi dugu, baita beste mugimendu batzuekin ere. Autodefentsa ere landu nahi dugu, batez ere erasoen aurkako ekintza zuzenak eta protokoloak sortzeko. Azken batean, argi utzi nahi dugu Harro plataforma bat dela, ez dela kolektibo bat. Sare moduko bat da, indar gehiagorekin lan egiteko eta gure arteko zainketa lana egiteko. Baina ez dugu inor fagozitatu nahi.

Azken urteetan, lege aldetik emandako pausoengatik edo, sexu askatasunari lotutako eskubideak bermatuta dauden ustea sendotzen ari da gizartean.

LGTBfobia ez dela existitzen esatea ilusio hutsa da. Egunero pairatzen ditugun biolentziak hor daude. Eremu pribatuan LGTB izan zaitezke, eta ondo. Baina publikoan oraindik ere eraso egiten digute egunero. Eskubideak lortzen ari gara, eta errealitate bat dira. Gainera, pribilegioak ditugu bizi garen lekuan bizi garelako. Bestetik, legedia kontuan izan behar dugu: pausoak eman dira. Baina errealitatea ere hor dago: opresio ardatzek ezberdin eragiten digute, gure aberastasunaren, generoaren edo arrazaren arabera. Eta aitortuta dauden eskubide eta legedi horiek ez gaituzte guztiok berdin babesten. LGTB identitateak intersekzionalak dira: badaude LGTB beltzak, pobreak... Eskubide horiek lortu ahal izateko, intersekzioanalitate hori landu behar dugu.

LGTBI kolektiboa aipatzean, oraindik ere askok gizonezko homosexualekin lortzen du.

Hasteko, kontuz ibili behar dugu genero banaketa binarioak egitearekin. Genero identitateak ez dio jarraitzen binarismo hori. Baina, aldi berean, bai, aitortu behar dugu LGTB askapenaren mugimendua gizonezkoen inguruanmugitu dela historikoki. Azken batean, gizonezkoek pribilegio gehiago dituzte, eta asimilazioa ere haiengan gehiago gertatu da. Koordinakundean gauden gehienak marikak gara, baina ez gara kolektibo bakarra. Autokritika egin behar dugu. Mugimendu lesbikoa Euskal Herrian historikoki LGTB mugimendutik baztertuta sentitu da, eta feminismora jo dute. Horrek ez du esan nahi mugimendu lesbikoak ez duenik arazorik feminismoan bere identitatea lantzeko. Mugimendu feminista, askotan, heteroarauaren eta zisarauaren bueltan mugitu da. Trans pertsona asko baztertuta sentitu dira. Hori guztia aitortu behar dugu. Eta ez da bakarrik gizonezkoak garela: guztiok gara zuriak. Askotan esaten dugu aniztasuna dagoela, intersekzionalitatea, baina hori lortzeko asko aldatu behar dugu. Andreak eta transak behar ditugu gure mugimenduan, eta baita arraza identitate ezberdinak dituztenak ere.

Egoera hasia da aldatzen?

Nik baietz esango nuke. Koordinakundean eta beste plataformetan orain egiten ari garen antolaketa berrian zainketak oso presente daude. Badaude borrokatik aparte egon eta berriro itzultzen hasi diren mugimendu batzuk. Eta, era berean, beste mugimendu batzuk sortzen ari dira beste identitate batzuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.