Miren Alcedo. Justizia administrazioko langilea

«Justizia ez da berdina denontzat, eta hori epaietan ikusten da»

Justiziak balio patriarkalak eta kapitalistak dituela azaldu du Alcedok. Mundu arrotza dela dio, eta beldurraren presentziaren inguruan ere aritu da: «Epaitegia lekurik onena da jendearengan mesfidantza izateko».

GOTZON ARANBURU / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Azpeitia
2021eko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Schubert nunca trabajó en justicia liburua idatzi berri du Miren Alcedok (Portugalete, Bizkaia, 1963), eta bertan jaso du nolakoa den justizia administrazioaren «errealitate iluna». Fikziozko narrazio bilduma bat da, baina kontakizunak «bizipenetan oinarrituta» daude. Izenburuak ere badu azalpena; Schuberten La trucha piezarekin du lotura: «Oso animosoa da, oso alaia. Eta orduan, pentsatu nuen: Schubertek halako piezak sortzen zituen justizia administrazioan lan egiten ez zuelako; bestela, ezinezkoa litzateke».

Liburuan diozu epaitegietako elkarbizitza klasista, matxista, arrazista… dela.

Bai, halakoxea da; segur aski gure gizartea horrelakoa delako. Epaitegia ez da uharte bat. Eta joera horiek askotan ikusten dira. Botereak tresna guztiak erabiltzen ditu kolektibo zaurgarrien kontra.

Eta izateko modu horrek, noski, eragina du epaietan, ezta?

Guztiok argi eta garbi dugu epaitegiak matxistak direla. Zalantzak bagenituen, Manada-ren epaia ikusi ondoren argitu ziren. Baina hori askotan ikusten da.Emakume moduan kaltetua baldin bazara, justifikatu egin behar duzu jazotakoa: ez dela asmakizun bat, benetakoa dela... Eta langile moduan ere pairatzen dugu matxismoa.

Justiziak balio patriarkalak ditu, beraz?

Bai. Emakumeek eraso sexualak salatzen dituztenean, adibidez, hori garbi ikusten da. Biktima epaitzen dute: emakume hori fidagarria den edo ez. Zalantzan jartzen da beti emakumearen hitza. Eta ez da bakarrik patriarkala: patriarkalaz gain, kapitalista ere bada. Oso erraz jartzen da patroiaren alde.

Teorian, herritar guztiak berdinak dira legearen aurrean. Praktikan ez da horrela?

Hori ez da gertatzen. Kasta sistema dago. Bai langileon artean, bai bezeroei dagokienez. Agian haiek ez dakite, baina batzuk brahmanak dira, eta beste batzuk pariak; eta horrela tratatzen dituzte, edo ditugu. Justizia ez da berdina denontzat. Eta hori epaietan ere ikusten dugu. Ez da gauza bera taberna bateko liskar batean parte hartzea Andaluzian gertatzen bada edo Altsasun jazotzen bada.

Liburuan diozu epaitegi bat amorruaren eta frustrazioaren sintesi bat dela. Nolakoa da justizia administrazioan lan egitea?

Nolakoa den? Ba, bueno, arrotza da. Batez ere, arrotza da; eta min handia ikusten da. Espedienteguztietan dago desadostasuna, gatazka edo min hutsa. Bestalde, oso hierarkikoa da justizia. Eta, orduan, pertsona bakoitza leku batean posizionatuta dago. Eta hori ez da antolaketa; beste gauza bat da: boterea erakustea. Ikusten da boterea nola egiten den. Hierarkia detaile bat da. Juizioak egitean, autoritatea markatzeko, epaileak mozorrotu egiten dira; toga erabiltzen dute. Garaiotan, hori elizak bakarrik egiten du. Horrelakoa da justizia.

Botere harremanak daude, beraz?

Handiak. Boterearen menpe dago justizia. Uste izatekoa da justizia inpartziala dela, askea dela. Legeak esaten du ezinbestekoa dela justizia askea izatea, baina ez da horrela. Boteretsuen mende dago. Gu ere orbita horretan gaude, eta horrexegatik hierarkiaren inportantzia. Asmoa da gu ez ausartzea ezetz esaten edo. Eta hori lortzeko mekanismoa beldurra da. Guk beldurra dugu. Hor dago diziplina espedientea, eta hiru arrazoi daude hori aplikatzeko: desobedientzia, arduragabekeria edo ezintasuna. Hiru hitzak ikaragarriak dira. Eta batzuetan, horien atzean ezberdintasun ideologikoak ezkutatzen dira. Segurtasunik eza sentitzen dugu.

Justizia administrazioa beldurra hitzarekin lotu duzu. Langileen nortasuna aldatzeraino eragin dezake?

Bai, beldurrarekiko, mesfidantzarekiko eta minarekiko lotura dago. Horiek guztiak gure ingurunean daude, eta, azkenean, gure nortasuna aldatzea eragiten dute. Errealitate gordina ikusten dugu, eta, gainera, okerrena.

Bestalde, epaitegiak edo justizia administrazioa existitzen dira beldurra emateko. Justizia administrazioa mehatxua da, eta benetako delitugileek trikimailuak dituzte ondo irteteko. Abokatu onak dituzte, kontable onak. Baina jende arruntak, jende xumeak, ez du ezer. Beldurra tresna bat ere bada.

Epaitegiak justizia egiteko guneak omen dira; bitartean, bidegabekeria da nagusi?

Bidegabekeria handia da. Eta gero badago beste gauza bat, izatez ez dena bidegabekeria, baina azkenean sortzen duena: burokrazia. Mekanizazio handia dago. Hasieran, min guztiek dute izen-abizena. Baina gero ez. Espedienteek ez dute izenik, zenbakiak dituzte. Eta momentu batean, ez dugu hitz egiten pertsonez, zenbakiez baizik. Eta horrela, errazagoa da bidegabekeria gertatzea.

Epaitegia leku onena da jendearengan mesfidantza izateko. Momentu batean, geure burua babesteko, hotza erabiltzen dugu. Eta horrexegatik sortzen da enpatiarik eza. Bezeroarekiko tratuan distantzia hori markatzen dugu; eta batzuetan distantzia handiegia da. Enpatiarik ezak eragin dezake bidegabekeria sortzea.

Alienazioa ere aipatzen duzu.

Bai. Hori seguruenik administrazio osoan gertatzen da. Pentsatzen duen subjektu moduan sartzen zara, eta gero ez duzu pentsatzen, mekanizazio bidean zaudelako. Egun batean, gure nagusi batek esan zigun: «Zuek hemen ez zaudete pentsatzeko»; eta lasai-lasai geratu zen. Halako gauza guztiekin, azkenean, alienatuta bukatzen duzu. Alienazioa da zeure burutik at egotea, erdi galduta egotea. Hori oso gogorra da. Baina, batez ere, hasieran nabaritzen duzu, prozedura hasten denean. Gero, ohitu egiten zara.

Justizia administrazioan, ia langile guztiak emakumeak dira; feminizatuta dago sektorea. Nolakoa da emakumeen eginkizuna?

Bai, langileen artean gehiengoa gara. Liburuan agertzen dira protagonistak, eta azaltzen diren emakumeak dira Carmen, Karmele, Carmiña, Karmentxu... Eta azalpena hau da: gure nagusientzat, berdin da bat edo bestea izan; guztiak berdinak dira. Guk, gure artean, badakigu nolakoak garen, eta badakigu ezberdinak garela. Baina haientzat ez. Guztiok Karmen gara.

Nola aldatu da justizia administrazioa azken urteetan? Geroz eta boteretsuagoa da?

Justizia beti izan da horrelakoa. Teorian, babesgabeei babesa emateko dago, baina errealitatean ez da horrela: boteretsuen menpe dago. Orain, justizia administrazioak egundoko boterea hartu du, eta, gainera, konplexurik gabe erakusten du. Hori ikaragarria da.

Posible ikusten duzu aldaketa bat gertatzea?

Onera ez dakit, okerrera bai. Herritarrok sentitzen dugu justizia oso urrun dagoela, ez duela zerikusirik gure bizitzarekin. Arazo kolektibo moduan hartzen badugu, agian, posible da, baina bitartean ez. Kontrara, boteretsuek badakite nolako boterea dagoen justizian, eta manipulatzen saiatzen dira, maneiatu egiten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.