BERRIAren Komunikazio Eskola udako ikastaroetara itzuliko da

Ekainaren 23an egingo da, Donostian, eta 'online' parte hartzeko modua ere izango da. Multimedia arloan eta gazteengan jarriko dute arreta

2019ko udan egin zuten bigarrenez BERRIAren Komunikazio Eskola, Miramarren. JON URBE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2021eko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Urtebeteko etenaren ondoren, aurten bueltan izango da BERRIAren Komunikazio Eskola, Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen barruan. Egun bateko saioa izango da, ekainaren 23an, eta presentzialki Donostiako Miramar jauregian egingo dute, baina online jarraitzeko modua ere izango da. Aurreko bi aldietan bezala, kazetaritzaren eta hedabideen jardunaren inguruan hausnartzeko aukera eskainiko du, eta oraingoan arreta berezia jarriko du multimedia komunikazioan eta gazteengan. Matrikulazioa zabalik dago jada, udako ikastaroen webgunean: www.uik.eus.

«BERRIAren proiektua gizarteratzea» da Komunikazio Eskolaren helburu nagusia, Beatriz Zabalondo BERRIA Taldeko lehendakariak esplikatu duenez: «Harrokeriarik gabe esan behar dugu euskarazko kazetaritzaren puntako eskola garela. Eskola gara erredakzio barruan, eta asmoa da eskola hori kanpoan erakustea, bai BERRIAlagunei, irakurleei, euskalgintzari... Ikus dezaten etxe barruan zer eta nola egiten den».

Eta kazetaritza edo komunikazio ikasleei ere ate hori ireki nahi diete. Izan ere, «belaunaldi aldaketa bat» gertatzen ari da egunkarian, eta kazetaritza moldeak ere eraldatzen ari dira. Bilakaera hori azalduz abiatuko dute ikastaroa, Amagoia Mujika BERRIAko zuzendariordearen mintzaldiaren bidez.

«Gazteei begira egindako egitaraua da», nabarmendu du Zabalondok. «Fakultatean ikusten dugu papereko egunkaria gero eta gutxiago irakurtzen dela, eta oro har hedabideei buruzko ezagutza gutxi dagoela, are gutxiago euskal hedabideen inguruan. Beraz, euskarazko egunkaria zer den eta nola egiten den azaldu nahi diegu». Hala, erredakzioan lanean diharduten kazetari gazteek hartuko dute hitza, besteak beste, mahai inguru batean. «Haien ahotsetik jakin dezaten zer den egunkarian lan egitea, eta nolakoa den fakultatetik erredakziorako jauzia».

Ildo horretan, hedabideetan gertatzen ari diren aldaketei ere erreparatuko diete, eta hala, pisu berezia izango du multimedia kazetaritzak: «Egunkariak jada ez dira paperekoak soilik: batzuk digitalak dira guztiz, eta besteak papera eta webgunea uztartzen dituzte. Multimedia arloak eta ikus-entzunezkoek gero eta pisu gehiago dute: orain ez da nahikoa papererako idaztea, ezta paperekoa digitalean jartzea; hori baino gehiago da egun egunkari bat». Beraz, kazetaritza multimedia zer den aztertuko dute, bai antolaketaren ikuspegitik, bai erredakzioaren antolaketarenetik.

Geldialdiaren ondoren

«Gaurkotasun handiko gaiak» jorratuko direla nabarmendu du Zabalondok. Izatez, antzeko egitaraua prestatu zuten iazko, baina COVID-19aren pandemiaren ondorioz bertan behera uztea ebatzi zuten. Geldialdi horren ondoren, presentzialki zein online itzuliko da BERRIAren Komunikazio Eskola ekainean. Aurreko urteetan bezala, gainera, kazeta honen balioei buruz hausnartzeko aukera ere izango da ikastaroan, eta toki berezia izango du BERRIAren estilo liburuak. Aurtengoan hizkera ez-sexista zertan datzan azalduko du Irene Arrarats Euskara Taldeko buruak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.