Googlek Sopela eta New York lotuko ditu zuntz optikoko kable baten bidez

Soil-soilik enpresa horrek erabiliko du 'Grace Hopper' Internet kablea. Atlantikoko ahaltsuenen artean bigarrena izango da

Langileak kablea lurperatzen Arriatarako hondartzan, Sopelan, atzo. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Sopela
2021eko irailaren 10a
00:00
Entzun
Sopela (Bizkaia), New York (AEB) eta Kornualles (Ingalaterra) lotuko dituen zuntz optikoko kablea lurperatzen hasi da Google. Ozeano Atlantikoa gurutzatzen duten tankera horretako kableen artean, datuak garraiatzeko gaitasun handiena dutenetan bigarrena izango da. Euskal Herrian hasi dituzte lanak, eta bi hilabete inguru beharko dituzte itsas azpitik New Yorkerainoko bidea egiteko.

AEBetako teknologia multinazionalak Sopelan bertan eman du egitasmoaren xehetasunen berri. Bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Aldundiko ordezkariak. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen sailburuak ulertzera eman du Bizkaiko zerga sistema izan dela azpiegitura erakartzeko gakoetako bat: «Beharrezkoak diren laguntzak, fiskalitate ikuspegitik, ez daude beste lekuetan». BERRIAk Googleri galdetu dio zenbateko kostua izango duen proiektuak, baina enpresak erantzun du ezin duela argitu.

Tapiak azpiegitura berriaren garrantzia goratu du: «Euskadik bere etorkizuna eta industria bermatzeko beharrezkoak ditu horrelako azpiegiturak». Bertoko enpresei kanpoan dauzkaten lantegiekin eta enpresekin konektatzeko balioko diela azaldu du, eta aurreratu du gehiago etorriko direla: «Gure herriari etorkizuna emateko ezinbesteko azpiegiturak dira».

Miguel Escassi Googleren Espainiako harreman instituzionalen zuzendariak azaldu duenez, kableak Google Maps eta Googleren bideokonferentzia zerbitzuak hobetzen lagunduko du. Gaineratu du enpresei Interneteko konexio abiadura handiagoa emango diela ezinbestekoak dituzten konputazioak egiteko.

Googleren erabilera propiorako azpiegitura bat izango da. Hala zehaztu du Arturo Azkorra Espainiako Gobernuko telekomunikazio eta ikus-entzunezko zerbitzuen antolaketa zuzendariak. Haren hitzetan, bi hilabete inguru beharko ditu itsasontziak kablea New Yorkeraino eramateko; abiadura egonkorra behar du kablea lurperatuz joateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.