Ibaiondoko langileek ukatu egin dituzte egotzi dizkieten jokabide okerrak

Zumarragako zentroko zaintzaile ohi batek egoitzara droga sartzea eta hezitzaileen eta adingabeen arteko «harreman intimoak» salatu ditu

Erregimen itxira zigortutako adingabeak jasotzen ditu Zumarragako Ibaiondo zentroak. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
itziar ugarte irizar
2018ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Atzo piztu zen alarma: Zumarragako (Gipuzkoa) Ibaiondo adingabeen zentroko hezitzaileen eta bertan dauden gazteen artean «harreman intimoak» egon direla eta kanpotik droga sartu izan dela salatu du zentroko zaintzaile ohi batek, hainbat hedabidek jakinarazi dutenez. Ibaiondoko langileek prentsaren bitartez izan dute salaketaren berri, eta egotzi zaizkien jokabide larriak irmo ukatu dituzte; euren lanarekiko «iraintzat» jo dituzte. «Gure egiteko profesionalaren aurkako eraso berri hau gaitzesten dugu, kalumniagatik eta difamazioagatik», salatu dute ohar bidez.

Ibaiondo zentroa erregimen itxikoa da: delituren bat egiteagatik zigortutako adingabeak hartzen ditu, eta segurtasun neurri zorrotzak ditu. Eusko Jaurlaritzak kudeatzen du, eta bakarra da Euskal Autonomia Erkidegoan.

Bertako zaintzaile ohi batek uztailaren 27an aurkeztu zuen salaketa Espainiako Polizia Nazionalak Donostian duen egoitzan, adingabeen egoitzako zuzendariaren eta Delta enpresaren aurka —Jaurlaritzak kontratatua duen segurtasun enpresa da—. Zaintzaile ohiak bere izenean aurkeztu zuen salaketa, baina adierazi zuen zentroko beste hamabost zaintzaileren babesarekin egin duela.

Aipatutako gertakariak 2012ko irailetik iragan martxora bitartean jazo zirela dio salaketak. Batetik, azken lau urteetan, bi hezitzailek zentroko adingabeekin «harreman intimoak» izan dituztela jasotzen du idatziak. Eta, bestetik, «substantzia estupefazienteak» atzeman izan dituztela zentroko instalazioen barruan, denera, 30 bider baino gehiago. 30 orritik gorako salaketa da, eta hemeretzi dokumentu biltzen ditu. Gertakarien larritasuna ikusita, salaketa Bergarako epaitegira eraman zuen berehala Poliziak. Haien eskuetan da orain auzia.

Salatzaileak adierazi du Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sailak egoeraren berri bazuela Poliziari salaketa aurkeztu aurretik. Halakorik ukatu egin du, ordea, Loly de Juan Jaurlaritzako Justizia zuzendariak. De Juanek atzo adierazi zuen atzo zabaldutakoa egia bada gertakari «benetan larrien» aurrean leudekeela. Ibaiondoko zuzendariarekin harremanetan jarri dela ere azaldu zuen De Juanek, eta hark ere esan zion ez zuela salaketaren berri. Ustezko droga mugimenduaren inguruan zehatzago hitz egin zuen Justizia zuzendariak; Zumarragakoa zentro «hezitzailea» baina «itxia» dela aipatu zuen, eta kanpotik droga sartzeko ahaleginak egon izan direnetan, «saiakeretan» gelditu izan direla. Gertakariak aztertzeko lan egingo dutela azpimarratu zuen: «Egia ez bada ere, berdin-berdin esku hartuko dugu».

Ibaiondoko langileek gogora ekarri dute hezitzaile taldeko kide gehienek hamahiru urte daramatzatela adingabeen zentro itxian lanean, eta adierazi dute egotzi dizkieten jokabideak «mingarriak» eta «burugabeak» direla. Gogorarazi dute ere erakunde publikoek euren jarduna etengabe gainbegiratzen dutela; Arartekoak, Adingabeen Defendatzaileak eta Adingabeen Epaitegiak, besteak beste.

ELA sindikatuak ere oharra igorri du, eta gertakariak albait arinen argituko dituen «ikerketa sakon bat» eskatu du.

Kaleratutako zaintzailea

Salaketa jarri duen gizonezkoa Ibaiondoko zaintzailea izandakoa da, baina egun ez du gehiago bertan lan egiten. Hainbat hedabidek jakinarazi dutenez, hari eta beste bi zaintzaileri lan espedientea ireki zieten, eta zentrotik kaleratu zituzten azkenean.

Zumarragako zentroko zaintzaileak urte hasieran ere izan ziren albiste. Lan zama «gehiegizkoa eta arriskutsua» zutela salatu zuten orduan. Ohartarazi zuten baldintza kaskarretan ari zirela lanean, eta Jaurlaritzari egotzi zioten horren erantzukizuna.

Babesgabe dauden adingabeentzako beste zenbait zentrotan antzeman izan dira adingabeekiko abusuak. Azkena, Gasteizko Sansohetako egoitzan; duela bi urte, prostituzioan ari ziren nerabeen sare bat atzeman zuten, eta zentroko hainbat profesional atxilotu zituzten; tartean psikologo bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.