Igor Arrieta. Kern Pharma taldeko txirrindularia

«World Tourrera jauzia egiteko garaia dela uste dut»

Kern Pharma utzi, eta UAEn, Tadej Pogacarren taldekide izango da datorren urtetik aurrera Igor Arrieta. «Hazten eta ikasten» segitu nahi du, «munduko talderik onenetako» batean.

ROBERT PERRY / EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2023ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Apirilaren 15ean, Jurako Itzulia amaitu berritan, taldeko autobusera bidean zihoala auto batek jo, eta lurrera erori zen Igor Arrieta (Uharte Arakil, Nafarroa, 2002). Ebakuntza egin behar izan zioten. Zorionez, ondo osatu da, eta, dioenez, bere sasoirik onenera «gerturatzen» ari da. Artic Race lasterketan ari da, Norvegian.

Zer moduz ari zara Norvegian? Lehen aldiz ari zara, ezta?

Bai, lehen aldia da; iaz ez nintzen etorri. Polita da, baina euria ari du, eta ez dugu ezer ikusi oraindik; ea datozen egunetan [barrez].

Taldeak zer helburu du?

Sailkapen nagusian aurrean egotea. Azken egunetan ondo molda gaitezke Roger [Adria taldekidea] eta biok. Uste dut sasoi onean iritsi naizela; ea hor aurrean egotea posible den.

Jada sasoi betean zaude?

Ez, oraindik ez, baina horra heltzen ari naiz. Ondo nago, lehiatzen jarraitzeko gogoz.

Espero al zenuen hain azkar zure sasoirik onenera gerturatzea? Ordizian ondo aritu zinen, Getxon lan egitea tokatu zitzaizun, eta Glasgowko Munduko Txapelketan, 13.a izan zinen 23 urtez azpiko errepidekoan.

Erori ondorenean zaila da jakitea hori, baina oso ondo osatu naiz, eta oso pozik nago. Ondo ari nintzen entrenatzen, baina lasterketetan tentsioa dago. Oso sasoionean egin ditut hiru lasterketa horiek; ea Artic Racen ere horrela segi dezakedan.

Ordizian itzuli zinen uztailaren 25ean. Eguraldi nahiko txarra izan zenuten. Ez zen izan berragertzeko egunik aproposena.

Azken lasterketa hauetan antzeko eguraldiarekin ibili naiz, eta esango nuke erorikoaren ostean, ez dela egoerarik onena konfiantza berreskuratzeko. Baina hanka aldetik-eta ondo nengoen, eta horrexek eman zidan datozen lasterketei begira behar nuen lasaitasun eta konfiantza.

Hiru hilabete igaro dira erori zinenetik. Nola gogoratzen duzu une hori?

Orduan, hartu nuen kolpea bakarrik nuen buruan. Gertatutakoari bueltak ematen hasi nintzen. Zorte txarra izan zen, sasoi osoa galdu nuen. Baina ondo osatu naiz.

Taldeak asko lagundu al dizu? Haientzat ere ziklista garrantzitsu bat horrela galtzea ez zen gustagarria izango.

Penatuta zeuden. Osatzeko prozesuan asko lagundu didate: medikuekin, ebakuntzarekin... Lasai itzultzeko esan zidaten. Beraiek lasai zeuden, eta nahiago zuten ondo bueltatzea azkar bueltatzea baino. Lasaitasuna helarazi didate, eta asko eskertu dut. Entrenatzeko denbora gehiago izan dut.

Parte hartzen duzun lasterketa gehienetan Pro Team eta World Tour mailako taldeak daude; Artic Racen, esaterako. Salto handia dago batetik bestera?

Bai, taldeek baliabide gehiago dituzte: entrenatzeko, prestatzeko, jende eta material gehiago dute... World Tour taldeak lehiatzen diren lasterketak maila handikoak dira, eta horrek beste erritmo bat ematen dizu, bai lasterketetarako, baita entrenatzeko ere. Hori guztia nabaritzen da tropelean, baina, azkenean, denak gara txirrindulariak.

Bi urte eta erdi daramatzazu profesionaletan, Kern Pharma taldean. Zer iruditu zaizu?

Inoiz ez dakizu zehatz-mehatz nolakoa izango den mundu hau jauzia egiten duzunean. Baina afizionatuetatik profesionaletarako saltoa handia da. Zaletasun zenuena, ziklismoa, lanbide bihurtzen zaizu, eta horrek ikusten ez diren gauza asko dakartza berarekin: gehiago zaindu, lagunekin gutxiago egon, gogorrago entrenatu...

Halere, etapa honi agur esateko garaia iritsi zaizu.

Bai. 23 urtez azpikoetatik profesionaletara igaro naizenetik hemen egon naiz, baina World Tourrera jauzia egiteko garaia dela uste dut. Beste pauso bat da; hazten eta ikasten jarraitzeko asmoa dut.

Hurrengo urtetik aurrera, UAE taldearekin lehiatuko zara. Espero al zenuen horrelako talde handi batek deitzea?

Ez, baina beti nahi duzu horrelako talde handi batek zugan erreparatzea. Oso pozik nago, ikusi dudalako egin dudana asko baloratu dutela. Zerbait ondo egingo nuen haiek deitzeko, eta horrek sekulako konfiantza ematen dit.

World Tourreko beste eskaintzarik izan al duzu?

Bai, hainbat talderekin aritu gara hizketan, baina UAEkoak interesatu dira gehien.

Jokatuko dituzun lasterketen mailak gora egingo du, eta erantzukizun handiagoa izango duzu. Nola ikusten duzu zeure burua alor horretan?

Beste pauso bat da; maila aldetik ere gora egiteko garaia da. Nik neure buruarengan sinesten dut, eta espero dut taldearentzat baliagarria izatea.

Ikasten jarraitu nahi duzula esan duzu. UAEn ez dituzu irakasle txarrak izango: Tadej Pogacar, Joao Almeida, Adam Yates, Juan Ayuso...

Sekulako taldea da, eta txirrindulariak ere ikusgarriak dira. Ikasteko, talderik onenetarikoa dela uste dut. Oraindik ez dut UAEkoekin asko hitz egin; lehenbizi, denboraldi hau ondo amaitu nahi dut, eta urte amaiera inguruan hasiko gara gauzak zehazten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.