Gipuzkoako Aldundiaren arabera, hondakinen datuak «oso onak» dira

Birziklatze tasa %54,35ekoa da. Asensio Ingurumen diputatuaren ustez, «datuek agerian uzten dute beharrezkoak direla azpiegitura egokiak»

Gipuzkoako Aldundiaren arabera, hondakinen datuak «oso onak» dira.
Paulo Ostolaza.
2020ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Gipuzkoan, azken urteetako joerari eutsi zioten hondakinen inguruko datuek 2019an, eta zertxobait egin zuten hobera. Birziklatze tasa %54,35ekoa izan zen, eta, duela bost urteko datuekin alderatuz gero, %12,09 handitu da.

Atzo eman zituen datuak Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta adierazpenak ere egin zituen Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak. Asensioren ustez, datuak «oso onak» dira, eta azken urteetan ezarri duten eredua eta eraiki dituzten azpiegiturak goraipatu zituen: «Datuek erakusten dute Gipuzkoan aukeratu dugun eredua onena dela gure lurraldean sortzen diren hondakinei tratamendua emateko».

Foru Aldundiak Europak ezarritako helburuekin alderatu zituen jasotako datuak. Haien arabera, %55eko birziklatze tasa da 2025erako helburua, eta Gipuzkoa «Europako herrialde aurreratuenen mailan kokatu da».

Asensiok Zubietako erraustegiaren eraikuntza justifikatu zuen beste behin ere, gaikako bilketaren datua hobetu dela eta: «Datu horiek agerian uzten dute beharrezkoa dela azpiegitura egokiak izatea hondakinak kudeatzeko gure inguruko herrialde garatuenek egiten duten antzera, eta horretarako ditugu Gipuzkoako Ingurumen Gunean laster abiaraziko ditugun azpiegiturak».

GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa, ordea, jada hasiko da erraustegiagatik ordaintzen Ekondakin enpresa kudeatzaileari, nahiz eta oraindik instalazioak probetan egon. Halako instalazioek funtzionatzeko ezinbestekoa duten ingurumen baimen bateratua (IBB) indarrean egon gabe ere, kontsortzioa enpresa emakidadunei ordaintzen hasiko zaie, «ezohiko probalditzat» jo duten fase bat ezarrita. COVID-19aren pandemiak ekarritako «salbuespeneko egoera» da eman duten arrazoia.

Asensiok bosgarren edukiontziaz ere jardun zuen atzo. Bio-hondakinen biltze tasak nabarmen egin du hobera (%7,10eko igoera 2018arekin alderatuta), eta biztanleko 77 kilo bildu dira Gipuzkoan. Hala azaldu zuen hori Asensiok: «Bio-hondakinen bilketaren hobekuntzak bosgarren edukiontziaren eraginkortasuna erakusten du atez ateko sistemaren aurrean. Bosgarren edukiontzia hedatzen den heinean, gaikako bilketaren datuek ere gora egingo dute».

Aipatutako gaikako bilketak, berriz, laugarren urtez jarraian gainditu zuen errefusaren bilketa. Jasotako hondakinen %58,21 gaikako bilketan jaso zen, eta beste %41,79a izan zen errefusa.

Dena den, 2018an baino zabor gehiago bildu zen joan den urtean Gipuzkoan, 1.764 tona gehiago. Aldundiak, igorritako oharrean dioenez, lurraldean emandako biztanle hazkundeak eragin du datu hori: ia 3.000 biztanle gehiago zituen Gipuzkoak 2019an.

Bizkaian, okerrago

Bizkaiko Foru Aldundiak martxo hasieran eman zituen hondakinei buruzko datuak. Han zenbakiak Gipuzkoan baino okerragoak dira, eta, besteak beste, gaikako bilketa ez da Eusko Jaurlaritzak 2020rako helburutzat jarritako %50era iristen, oraingoz (%49,81 da). Dena den, 2018an baino %1,38 hobea da.

Elena Unzueta Jasangarritasun eta Ingurune diputatuak datuen analisi baikorra egin zuen: «Herritarrek beste behin ere erakutsi dute euren konpromisoa, eta Eusko Jaurlaritzak eta Europak ezarritako helburuetatik geroz eta gertuago gaude».

Bizkaian, 2019an, 646.725 tona zabor sortu ziren, eta Unzuetak nabarmendu zuen hori hobetzeko beharra zegoela, sortutako zabor kopurua murrizteko. Izan ere, Gipuzkoan bezala, han ere gora egin zuen sortutako zabor kopuruak 2018arekin alderatuta (+%1,41).

Gainera, zabortegietan jasotako zabor kopuruak ere %0,82 egin zuen gora; aldundiaren arabera, «Gipuzkoatik jasotako zaborren ondorioz». Jasotako zabor horiek, ordea, tratatutakoak direla nabarmendu zuten, %0,67 soilik heldu baitziren zuzenean zabortegietara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.