Susana Montesino. Hurkoa-ko Zaintza Arloko zuzendaria

«Ez dugu iritzi onik onartu duten lege aurreproiektuaz»

Montesinok uste du desgaitasunak dituztenentzako legedi zibil eta prozesalean egitear diren aldaketak ez daudela pentsatuta narriadura kognitiboa duten pertsonentzat, eta ez dela kontuan hartu «buruko gaixotasunen ikuspegia».

JON URBE / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Susana Montesinoren (Donostia, 1969) esanetan, «egokitu» egingodira Madrilek planteatutako erreformetara. Hurkoak lan egiten du desgaitasuna duten adinekoekin, baita buruko gaixotasunak dituzten helduekin ere. Fundazioko zaintza arloko zuzendaria da Montesino. Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak lege aurreproiektu bat onartu zuen joan den asteartean. Horren arabera, egungo lege sistemarekin alderatuta, desgaitutakoen «borondatea» errespetatuko da lege aldaketekin. Montesinok ez du hain argi ikusten, eta zalantza asko eragiten dizkio planteatutakoak. «Ikusi beharko da nola eramaten den praktikara. Erreforma mahai gainean daukagunean, eta epaitegiak aplikatzen hasten direnean, orduan ikusiko dugu».

Espainiako Ministroen Kontseiluak lege aurreproiektu bat onartu du, eta, horren arabera,legedi zibila eta prozesala aldatuko dute, desgaitasunen bat dutenen gaitasun juridikoan laguntzeko. Zertan eragiten die horrek desgaitasunen bat dutenei? Zer iritzi duzue Hurkoan?

Aurrena, tramitazio parlamentario bat gainditu beharko du. Guk artatzen ditugun pertsona motak kontuan hartuta, ez dugu, nolabait esatearren, iritzi onik lege aurreproiektu honetaz. Uste dugu oso zuzenduta dagoela beste desgaitasun mota batzuetara; esaterako, desgaitasun intelektualera. Inondik inora ez dago pentsatuta narriadura kognitiboko prozesuetarako, alzheimerraren gisako prozesuetarako, esaterako. Eta buruko gaixotasunaren ikuspegia ere ez da kontuan hartzen. Bai, uste dugu beharrezkoa zela lege erreforma bat, baina nahiko kritikoak gara edukiekin.

Nola eragingo dizue erreformak zeuen jardunean?

Bete-betean eragingo digu, bai. Arautzen dena aplikagarria izango da moduren bateko desgaitasuna duenarentzat, edo bere bizi proiektua aurrera eramateko aukeran mugaren bat edukitzeagatik laguntzaren bat behar duenarentzat. Uste dugu gehiago pentsatuta dagoela nolabaiteko laguntza baten bidez beren bizi proiektua aurrera eraman ahal dutenentzat. Ez dago pentsatuta, ordea, bizimodu erabat normala eduki baina, halako batean, urteek aurrera egin dutelako, gaitasunak galtzen hasten denarentzat. Uneren batean norbaitek, nolabait, ordezkatu egin beharko du era guztietako erabakiak hartzeko orduan.

Eta buruzko gaixotasunak dituztenei dagokionez, pertsonak krisi uneak dituenean oso zaila da haren borondatearen araberako erabakiak hartzea, gaixotasunak borondatea indargabetzen duelako.

Erreformak zer jaso beharko luke zeuen eskakizunak betetzeko?

Agian apur bat zehaztasunik gabea da aipatzen dituen laguntza horiei dagokienez. Egungo sisteman, prozedura judizialetan, aurrena aztertzen da ea pertsonari gaitasun edo abilezia batzuk falta zaizkion bere kabuz moldatzeko. Behin hori zehaztuta, zaintza sistema bat jartzen da, izan daitekeena tutoretza bat edo kuradoretza bat, eta, ebazpenaren arabera, beste pertsona hori desgaituaren ordezkari izatera ere irits daiteke.

Baina erreformaren testuan «laguntza bat» esaten dutenean, zertaz ari dira? Aholkulari batez? Gero pertsonak ez badie zure aholkuei jarraitzen, zuk kuradore gisa gaizki egin duzula esan nahi du?

Orain argiago dago zeuen egitekoa?

Zalantzak egon daitezke, baina Hurkoak norbaiten tutoretza badu, nahiko argi du zein den bere rola. Tutoretza bat badugu, pertsona ordezkatzen dugu epaitegiak zehaztutako arloetan. Kuradoretza bat badugu —figura hori existitzen da jada—, badakigu gestio jakin batzuk gurekin batera egin beharko dituela pertsonak, ados jarri beharko dugula bi aldeen artean.

Baina orain lege aurreproiektuak esaten du behar duenari beharrezko laguntzak emango zaizkiola bere bizi proiektua aurrera eramateko. Ordezkaritzaz gauza oso hondarrekoa, oso ezohikoa izango balitz bezala mintzo da. Sistema berri honekin, zailtasun batzuk dituen bati lagundu behar badiot, laguntza hori zer da? Aholkatzea epaitegiak adierazitako arloetan? Nahikoa da nik aholkatzearekin, baina pertsonak gero nahi duena egin dezake, edo,are, eman zaion aholkuaren kontrako erabakia hartu? Eta aholkatutakoaren kontrakoa egiten badu, eta gauza gaizki ateratzen bada, nor da erantzulea?

Desgaitasunaren eremutik ezabatuko dute tutoretzaren kontzeptua.

Bai, izenez, bai, behintzat. Lege aurreproiektua indarrean sartzen bada, eta jasotakoari eusten badiote, lehen funtsean kuradoretza eta tutoretza genituen lekuan kuradoretza bakarrik edukiko dugu. Gainera, defendatzaile judizialari ikuspegi berri bat ematen zaio, eta aitortza handiagoa egiten zaio egitatezko zaintzaileari. Defendatzaile judiziala izango da egoera jakin batzuk konpontzeko figura bat: esaterako, desgaitasuna duen batek erabaki inportante bat hartu behar duenean. Gainontzeko guztia kuradoretza izango litzateke.

Ba al dago, oraindik, lege aurreproiektu horretan aldaketak egiteko modurik?

Ez dut oso egingarri ikusten. [Espainiako] Estatuan badaude gurearen moduko elkarteak, planteatu izan diegu gure ikuspegia, baina ikusi dugu ez dela nahikoa izan gero edukian jasoa izateko.

Zergatik ez?

Uste dut buruko gaixotasunak dituztenen bueltako elkarteek, eta haien senideek, ez dutela hainbesteko pisurik, konparatuta beste mota batzuetako desgaitasunen elkarteekin. Uste dut hori dagoela oinarrian.

Zergatik gertatzen da hori?

Bada, beharbada, buruko gaixotasunak nahiko estigmatizatuta daudelako oraindik; ez zabiltza iragartzen molde horretako gaixotasun bat duzunik. Elkarteek, beraz, ez dute hainbesteko indarrik, beste batzuekin konparatuta. Egia esan, gaixotasunak dituzten adinekoen senideek nahikoa lan badute adineko baten ardura hartuta, zer-eta elkarte indartsuak sortzen hasteko, gainera. Badaude, bai, baina, logikoki, beste ardura batzuk dituzte: arta, laguntzailea babestea...

Desgaitasuna dutenen eskubideei buruzko NBEren 2008ko hitzarmena oinarritzat hartuta egiten ari da erreforma Espainiako Gobernua. Buruko gaixotasunak dituztenei aipamenik egiten al dio hitzarmen horrek?

Ez, desgaitasunez mintzo zen, baina modu orokor batean. Hitz egiten du bai desgaitasun guztiz fisikoez, bai desgaitasun intelektualez, baita buruko gaixotasunak dituzten pertsonez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.