Albistea entzun

Cecilia Marcos. Realeko jokalaria

«Lesioaren ondoren, indartsuago nago fisikoki eta mentalki»

Lotailu gurutzatua apurtu, eta aurreko sasoian ia ez zuen jokatu. Gogoz dago: «Erritmoa eta zehaztasuna hartzen ari naiz».
ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainara Arratibel Gascon -

2022ko abuztuak 5 - Zubieta

Realak amaitu berri du bere lan saioa. Bero egiten du Z4 zelaian, baina irribarretsu eta botak eskuetan bertaratu da Cecilia Marcos (Donostia, 2001). Onartu du «ezohiko» denboraldia izaten ari dela. «Selekzioen arteko txapelketak direla medio, jokalari asko falta ditugu. Baina bigarren taldeko jokalariak oso ondo ari dira lanean. Eta uste dut fitxaketek ere asko emango digutela. Intentsitate handian ari gara lanean. Multzo honen ezaugarrietako bat da».

Zer moduz doa denboraldiaurrea? Gaurtik igandera, Sentimendu Kopa jokatuko duzue. Gogoz egongo zarete lehen lagunartekoa jokatzeko, ezta?

Lehen egunak ondo joan dira. Ilusio handia dugu. Ostiralean [gaur] lagunarteko partida dugula jakinda, asteari beste modu batera heltzen zaio. Torneo polita da jokatuko duguna, denboraldia prestatzeko ezin hobea, aurkariak maila handikoak baitira: Real Madril, Levante eta Osasuna.

Aurreko sasoiko lesio larria gaindituta, zer moduz zaude?

Pixkanaka, ohituz noa taldearen erritmora eta baloiarekin aritzera. Oraindik apur bat falta zait egon behar dudan moduan egoteko; kargak neurtuz goaz. Baina dena ondo doa.

Askotan etortzen zaizu burua lesioa? Beldurrik baduzu hanka sartzeko orduan edo jokaldi biziren bat egitean?

Tarteka etortzen zait. Baina osatze prozesuan oso lan psikologiko ona egin nuen. Beldurrik gabe joaten naiz baloiaren bila, eta buruz buruko jokaldietan ere ausart nabilela uste dut. Jokatzeko dudan erarako beharrezkoa dut.

Zure lesio mota bera izan duten jokalari askok diote fisikoki indartsuago bueltatzen direla. Zu ere hala itzuli zara?

Bai. Gimnasioan ordu asko egin ditut, eta gorputzez eta hanketatik indartsuago nago. Lesioaren ondoren, fisikoki eta mentalki indartsuago nago.

Nola bizi izan zenituen zelaietatik urrun emandako hilabeteak?

Larria zela berretsi zidaten momentua gogorra izan zen. Baina, egun batzuk pasatuta, gertatutakoa barneratu, eta baikor izaten hasi nintzen. Taldekideek eta entrenatzaile multzoak asko lagundu zidaten horretan. Egunero jasotzen nituen hitzek eta keinuek aurrera egiten laguntzen zidaten. Gainera, zelaian izan ez arren, taldeari laguntzen saiatzen nintzen, haren parte sentitzen. Aldagelan, bazkaltzeko orduan, partiden aurretik eta ostean... haiekin egoten saiatzen nintzen. Horrek asko lagundu zidan.

Denboraldi honetako fitxaketa onena zu izan zaitezkeela uste dute askok. Zer deritzozu?

Nire onena emango dut horretarako. Lehenbizi, hala ere, aipatu bezala, aurreko sasoi hasieran nituen sentipenak berreskuratu nahi ditut. Hortik abiatuta, konfiantza izan, jokatzen hasi, eta taldean lekua egin nahiko nuke. Prozesu horretan pazientzia izan behar dut. Min hartuta egon naizen hilabeteak ikasgai handia izan dira pazientzia lantzeko.

Lehia handia izango duzu hala ere, taldea bikain ibili baitzen zelai erditik aurrera.

Taldeak zelai erditik aurrera dituen jokalarion ezaugarria da leku batean baino gehiagotan joka dezakegula, eta asko mugitzen garela: Amaiur [Sarriegi], Nerea [Eizagirre], Sanni [Franssi]. Horrek lehia areagotzen du. Baina hori mesedegarria da taldearentzat.

Zu bi hegaletan moldatzen zara ondo. Hori abantaila bat da taldean tokia egiteko orduan? Non zaude erosoago?

Bai, lagungarria izan daiteke, aukera gehiago ematen dizkizulako. Añorgan eskuinean jokatu nuen, baina hemen batez ere ezkerrean. Nire hegal naturala da.

Zer eman diezaiokezu zuk taldearen erasoko jokoari?

Sakontasuna, buruz buruko jokaldiak, abiadura, gol aukerak eta konpromisoa defentsako lanean.

Eta zer eskatu dizu Natalia Arroyo entrenatzaileak?

Lehenbizi, baloiarekin sentipenak eta erritmoa hartzeko. Izan ere, ez da berdina osatzen laguntzen dizutenekin edo taldearekin aritzea. Hor zehaztasun eta erritmo handiagoa behar da.

Nolako Reala ikusiko da datorren denboraldian?

Helburua aurreko denboraldiko bidetik jarraitzea da. Anbiziotsuak gara, jokatzea eta lan egitea gustatzen zaigu, eta hori da bidea aurreko sasoikoa errepikatzeko.

Zer duzue hobetzeko?

Erasoan, adibidez, gol gehienak Amaiurrek eta Nereak sartu zituzten aurreko sasoian. Ea denboraldi honetan besteok ekarpen handiagoa egin dezakegun.

Aurreko sasoikoaren ondoren, zer uste duzu eskatuko dizuetela zaleek?

Zaleek eskatzen digutenetik harago, guk ere asko eskatzen diogu geure buruari entrenamendu eta partida bakoitzean. Hori da talde honen ezaugarri nagusia. Asko disfrutatzen dugu partida eta entrenamendu bakoitzean. Exijentziaren eta gozatzearen arteko oreka gakoa da.

Denboraldiko lehen helburua, Txapeldunen Ligako atarikoa, hain gertu egoteak desberdina egiten du denboraldiaurrea? Asko hitz egiten duzue horretaz?

Argi dago txapelketa hori ez dugula sekula jokatu, eta, alde horretatik, ilusio handia pizten digu. Baina, oraingoz, ez dugu horretaz hitz egin. Ia hilabete falta da zozketarako, eta, oraingoz, denboraldiaurre ona egitea dugu helburu. Aurkaria nor den jakitean hasiko gara pentsatzen. Edozein aurkari zaila izango da, baina ilusioa dugu multzo fasean sartzeko. Gainera, aurretik ligako bi partida izango ditugu, eta hor ere ezin dugu lo hartu. Ondo hasi nahi dugu. Liga da gure egunerokoa, eta hor ondo aritzeak eman digu Txapeldunen Liga jokatzeko aukera.

Espainiako Ligaren eta Espainiako Federazioaren arteko liskarrak direla eta, oraindik ez da egin ligako egutegia zehazteko zozketa. Nola bizi duzue hori?

Ez dago gure esku. Baina, egia esan, beti nahi izaten duzu jakin zein izango dituzun aurkariak hasiera horretan, eta, antolakuntza aldetik, klubentzat eta zaleentzat ere garrantzitsua da jakitea. Ea laster konpontzen den.

Berriz Txapeldunen Ligarako sailkatzeko borrokan egotea da helburua?

Bai. Argi dago exijentzia handiagoa izango dela, eta beste taldeak ere ondo indartu direla. Gehiago erreparatuko digute guri, eta hori kudeatzen jakin behar dugu. Baina prest gaude horretarako.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Jokalariak joan diren arren, multzo indartsua daukagu»

Ainara Arratibel Gascon

Luzera begirako helburuei baino gehiago, Unzuek «eguneroko lanari» erreparatu nahi dio. Uste du hori dela goiko postuetan egoteko bidea. Lehiakor izan nahi dute beste behin ere.
Berazubin aurkeztu zen atzo Euskal Herria Kopako. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Euskal Herria Kopa prest dago

Ainara Arratibel Gascon

Alaves-Eibar eta Reala-Athletic izango dira finalerdietan. Finala irailaren 4an jokatu da

Irati Osa piraguista entrenamenduetako batean. ©BERRIA

Ur lasaiak, laster bilakatzen

Pettan Uralde

Irati Osak beste domina bat gehitu dio bere sarien zerrendari. Zumaiarrak brontzezko domina lortu zuen aurreko astean, Danimarkako Europako Txapelketan, K2 mailan.

Serena Williams Wimbledoneko neurketa batean, aurtengo ekainean. ©ANDY RAIN

Serena Williamsek erretiroa hartuko du

Uxue Rey Gorraiz

Tenislari estatubatuarrak iragarri du Estatu Batuetako Irekia izanen duela azken txapelketa. Orduan esanen dio agur tenis profesionalari, 40 urterekin. 23 Grand Slam irabazi ditu orain arte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...